KRITIKA. 'Dokumentala'

Kakalardoen azken hatsetatik, urrea

The Beatles taldeak Londresen eman zuen azken kontzertua, 1969an, Apple Corpsen eraikineko teilatuan. APPLE CORPS.
urtzi urkizu
2021eko azaroaren 30a
00:00
Entzun

'The Beatles: Get Back'

Zuzendaria: Peter Jackspn. Iraupena: 470 minutu (hiru zati). Ekoizleen artean daude: Paul McCartney, Ringo Starr, Yoko Ono eta Olivia Harrison. Non ikusi: Disney Plus.

Ringo Starr bateria jotzaileak pelikula batean lan egin behar zuen otsailean, eta laukoteak hilabete baino ez zuen disko bat grabatzeko. Diskoaz gain, telebista saio bat eta dokumental bat filmatzea zen xedea, 1969ko lehen asteetan. Londresko Twickenham estudioetan ziren, entseguetan, eta, halako batean, George Harrisonek esan zuen: «Uste dut taldea uztera noala. Banoa». Eta etxera joan zen. Gero, Paul McCartneyk, erdi txantxetan: «Hemendik 50 urtera jendea kontuka hasiko da, ikusten duenean Yoko Ono han zegoelako desegin zela The Beatles» —ikusten da, edonola ere, agian Yoko Ono ez zela guztiaren errudun—. Halakoak ageri dira The Beatles: Get Back dokumentalaren ia zortzi orduetan; nabarmentzekoa da irudien eta soinuaren kalitate aparta.

Liverpoolgo taldearen Let It Be diskoa nola landu zuten filmatu zuen Michael Lindsay-Hogg zinemagileak, eta 1970ean estreinatu zuen bere dokumentala. 50 urte geroago, Lindsay-Hoggek filmatutako 60 ordu irudi eta orain arte entzun gabeko 150 ordu audio baliatu ahal izan ditu Peter Jacksonek —The Lord of the Rings—.

Starr, McCartney eta Lennon Harrisonekin biltzera joan ziren: aurrenekoan ez, baina bigarren aldian lortu zuten Harrison konbentzitzea grabaketetara itzultzeko. Twickenham estudio hutsen iluntasuna laga, eta giro intimoago batean ekin zieten entseguei: Londresko erdialdean, Apple Corpsek —The Beatlesek sortutako korporazioa— dituen grabazio estudioetan. Telebista saio bat egiteko asmoa bertan behera uztea erabaki zuten. Eta, sormenean, giro ona piztu zen; horretan lagundu zuten Glyn Johnson soinu ingeniari eta musika ekoizleak eta Billy Preston piano jotzaileak; une batean, entseguetan teklista bat behar zutela komentatu zuten, eta, Harrisonen gonbita jasota, han ziren Prestonen hatz miragarriak.

Errematerako leherketa baten beharra aipatu zuen McCartneyk, estudioan. Eta, hara non, grabazio estudioen eraikineko teilatura jo zuten, azken kontzertuan abesti batzuk grabatzeko. Dokumentalak aukera ematen du kontzertu hori bizitzeko, baita kalean herritarrek zer zioten jakiteko ere. «Ordena nahasi» zutelakoan, polizia batzuk teilatura igo ziren. Han amaitzen da azken kontzertua. Ezin da ukatu irudi haien edizio jostalaria maisutasunez egin dutela.

Musikari bakoitzak bere bidea hartuko zuela begi bistakoa bazen ere, gozagarria da pantailan ikustea sormenean zer lortzen zuten elkarrekin: ideia bat eta bi akordetatik, ereserkiak. Historiarako urrea utzi du Jackson zinemagileak. Esperientzia mistiko bat baita, ez ahaztekoa, une haiek Starr, Harrison, McCartney eta Lennonekin bizitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.