Koronabirusa

Arta egokirik gabe oraindik

COVID luzea edo iraunkorra dutenak koronabirusaren sintomekin bizi dira, eta gaixotasuna modu integralean artatzea nahi dute. EH Bilduk Osakidetzari eskatu dio gaixotasunaren diagnostikoa egiteko.

Isabelle Delgadok bi urte daramatza COVID luzearekin. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
Edurne Begiristain.
2022ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
«Pandemiaren beste biktimak gara gu». Atsekabeturik mintzo da Isabelle Delgado (Bilbo, 1969), begirada atzera bota eta duela bi urte COVID-19arekin kutsatu zenetik bizitza nola aldatu zaion kontatzen duenean. 2020ko martxotik SARS-Cov-2 birusak organismoan eragin dizkion ondorioen aurka egunero ari da borrokan. Buruko mina, giharretako ahultasuna, arnasa hartzeko zailtasunak eta metabolismoarekin lotutako nahasmenduak ditu, besteak beste. «Oso nekatuta nago, baina antihistaminikoei esker ez nago une oro eztulka».

Ez da egoera horretan dagoen bakarra. Munduan milaka pertsonak dute COVID luzea edo iraunkorra. Oro har, birusarekin kutsatu eta hamabi bat astera sintomekin jarraitzen dutenek COVID luzea izaten dute. Horren sintomak dira, besteak beste, nekea, aire gabezia, giharretako mina, usaimenaren eta dastamenaren galera, etengabeko nekea eta «laino mentala»deritzona. 40 urte inguruko emakumeei eragiten die batez ere: hamar gaixotik sei andrazkoak dira.

OME Osasunaren Mundu Erakundeak iazko urrian izendatu zuen lehen aldiz COVID luzeagaixotasun gisa. Hala ere, izendapenak ez du aldatu COVID-19arekin bizi direnen egoera. Are, osasun sistemarentzat oraindik ere «ikusezin» direla diote eri daudenek. «Gaixorik gaude, baina ez dugu arta egokirik jasotzen», kexu da Delgado. Beste ehunka erirekin batera aspaldi altxatu zuten ahotsa Euskal Herriko COVID Iraunkorra plataformakoek: arreta integrala bermatuko dien unitate berezi bat sortzeko eskatu diote Osakidetzari. Delgadok azaldu duenez, diziplina anitzeko arta nahi dute: «Osasun profesional ezberdinengana bidaltzen gaituzte sintoma bakoitza artatzeko, baina guk sintomatologia guztia modu orokorrean artatzea nahi dugu». Oraino, baina, Osakidetzan ez dituzte kontuan hartu haien eskaerak.

COVID luzea dutenen aldarriek gero eta oihartzun handiagoa dute gizartean, eta alderdi politikoek ere jaso dituzte gaixo horien eskariak. EH Bilduklegez besteko proposamen bat aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean Jaurlaritzaren Osasun Sailari eskatzeko COVID luzea aitortzeko eta gaixotasun horri begirako «diagnostiko, arreta eta jarraipen ibilbidea» zehazteko.

Ikerketak eta sendabidea

COVID luzea dutenek arta egokia eta sendabidea noiz hartu zain segitzen duten bitartean, zientziak aurrerapauso franko egin ditu, eta ikerketa asko martxan dira gaixotasunaren nolakotasuna ulertzeko. Besteak beste, eritasunak metabolismoan zer gorabehera sortzen dituen ikertzen ari da CIC Biogune, eta bertan ari da parte hartzen Delgado, boluntario. Ikerketa zientifikoek gaixoentzat berebiziko garrantzia duela iritzi dio, baina urrats bat harago egitea ezinbestekoa dela uste du: «Sendagai bat behar dugu ezer baino gehiago». Bide horretan, salatu du osasun agintariek ez dutelaCOVID luzea artatzeko «benetako borondaterik»: «Gaixoen erregistro ofizialik ez dago, eta ez gaituzte kontuan hartzen».

Salatu du bere egoeran diren eriak ez direla gai lehen bezala bizitzeko, eta ezin dutela beren jarduera profesionalera eta sozialera normal itzuli. «Osasun sistemaren arreta integralik ezean,COVID iraunkorra dugunok etorkizun iluna izango dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.