Zaldibarko luiziaren urteurrena

Kezka hedatu da Zallan

Konpondu gabeko «irregulartasunak» egonagatik, martxan segitu du Zallako zabortegiak. Zalla Bairentzat, Zaldibarkoa amildu zenetik handitu egin da kamioi trafikoa Las Lagunas hondakindegian.

Zallaren (Bizkaia) gaineko mendi magal batean dago Las Lagunas zabortegia. ZALLA BAI.
Igor Susaeta.
2021eko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Zallan (Bizkaia) konturatu dira azkeneko urtean handitu egin dela kamioien trafikoa Las Lagunas zabortegiaren bueltan. «Oso nabaria da», azaldu dute Zalla Bai herri plataformakoek. Hain zuzen, bihar urtebete beteko da Zaldibarko hondakindegia (Bizkaia) amildu zenetik. Plataformak bost zinegotzi ditu, bigarren indarra da udalbatzan, eta egiaztatu du udal gobernuak —EAJ dago, PSE-EEren babesarekin— 2021erako aurkeztutako aurrekontuetan ia bikoiztu egin direla hondakin ez-arriskutsuetarako hondakindegiaren jarduerarentzat aurreikusitako diru sarrerak, iazkoekin alderatuz gero: 355.000 eurotik 697.500 eurora. Instalazioaren bederatzigarren ziegaren erdia—11 dauzka aurreikusita— eraikitzeko eta betetzeko baimena eman zion iaz udalak CESPA zabortegiaren jabeari, eta beste erdiarentzako baimena «tramitatzen» ari dira orain, Zalla Baikoen arabera. Udal gobernuaren jokabidea kritikatu dute, zabortegiaren jardueran «irregulartasunak» detektatu direlako; iruditzen zaie, gainera, «argitu gabe» daudela horrekin lotutako hainbat auzi. «Kezkatzen gaituzten auzi horiei erantzun argirik ematen ez zaien bitartean, CESPAri jarduerarekin jarraitzen utziko dion lizentziarik ez emateko eskatua dugu».

Baina udal gobernuak eman dizkio, nahiz eta Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailak irregulartasunak antzeman zituen iazko ekainean zabortegian egindako ikuskaritza batean. «Haien esanetan, [IBI] ingurumen baimen integratua urratzen duten hamasei 'desbideratze' dira», adierazi dute plataformakoek. Udalak orain egun batzuk jakinarazi dienez, «bat izan ezik» irregulartasun guztiak konpondu ditu enpresak. «Ekainean 30 eguneko epea eman zion Jaurlaritzak enpresari zuzenketa guztiak egiteko». Zortzi hilabete geroago, zuzenketa guztiak ez daude eginda. «Jaurlaritzak urtarrilean udalari bidalitako txostenean jartzen du, literalki, argi dagoela ingurumen baimenaren baldintza gutxi betetzen direla. Udalari adierazten dio, gainera, udalak berak isunak jar diezazkiokeela enpresari, eta beharrezko neurriak har ditzakeela».

Badira, gainera, argitu gabe dauden auzi batzuk. 2019ko udan eta udazkenaren hasieran, hiru sute gertatu ziren zabortegian. «Oraindik ez dakigu zerk eragin zituen». CESPAk berak eskatuta, SGS enpresak barne ikerketa bat egin zuen, eta ondorioztatu, plataformak dioenez, beste sei ikerketa egin beharko zirela suteak zerk eragin zituen argitzeko eta zabortegia zer egoeratan dagoen frogatzeko. Txostenak eskatu zuen egonkortasun ikerketa bat egiteko. Zalla Baik eskatuta, udalak horri buruz galdetu zion Jaurlaritzari, eta erantzun zion jada bazegoela egonkortasun ikerketa bat, ireki zuten garaikoa —2005etik dago martxan—. «Enpresa horren [SGS] txostenak oso argi esaten du suteek, beharbada, auzitan jarri dutela masaren egoera».

Aldeak kudeaketan

29 urteko kontzesioa eman zioten tamainan ia Zaldibarkoa halako hiru den zabortegiari. 7,3 milioi metro kuboko gaitasuna du, eta 2005 eta 2011 artean lau milioi tona hondakin hartu zituen, ia zazpi ziega betez. EAJ zegoen alkatetzan. Zabortegiaren inguruko «gardentasun faltak» bultzatuta osatu zuten Zalla Bai plataforma, 2011ko udal hauteskundeak baino hiru hilabete lehenago. Bozak irabazi zituzten, eta alkatetzara iritsi ziren. Hurrengo zortzi urteetan —2015eko hauteskundeak ere irabazi zituen plataformak—, zazpigarren ziega bete zen, baita ia zortzigarrena ere, beste milioi bat tona hondakin sartuz zabortegian. Lehen sei urteetan, lau milioi tona, eta hurrengo zortzietan, tona bakarra. «Ahaleginak egin genituen CESPAk legea bete zezan. Enpresaren eta Jaurlaritzaren gainean geunden», esplikatu du plataformak. «Esaterako, bi milioi euro pasa gastatu zituen enpresak araztegi bat egiteko. Modu horretan, lixibiatuen arazoak saihestu genituen. Usain txarra eragiten zuten, eta etxeetako paretak belztu egiten ziren».

Zalla Baikoak udal gobernuan zeudenean, sute bat gertatu zen hondakindegian. «Gu alkatetzan egon ginen bitartean gertatutako bakarra». 2018ko udan izan zen. Oraindik ez dakite zerk eragin zuen. Hipotesietako bat da Zabalgarbiko erraustegitik (Bizkaia) Las Lagunasera eramandako errautsek piztu zutela sutea. Zabor horiek, plataformakoek azaldu dutenez, hondakin arriskutsu bilakatzen dira «parametro jakin batzuk» gainditzen dituztenean. «Ekologistak Martxan-ek jarritako salaketa baten arabera, egiaztatu ahal izan zen bazirela parametro horiek gainditzen zituzten hondakinak [zabortegian]».

Airean substantzia toxikoak hedatu daitezke suteen ondorioz, eta, 2018koaren ondoren, dioxina eta furano mailak neurtzen saiatu ziren plataformakoak. «Ingurumen eskumena Jaurlaritzak dauka, eta maila horiek neurtzeko eskatu genion. Baina ez zuen halakorik egin». Isiltasunarekin topo egin izan dute. «Duela hilabete batzuk, kamioi batek sufrea isuri zuen, eta errepide guztia zikindu. Zabortegira doazen kamioiek zigilatuta joan behar dute. Ez digute gertatukoari buruzko azalpenik eman».

Eta, ikusita Eusko Jaurlaritzak ez duela zabortegi gehiago egiteko intentziorik, eta aintzat hartuta Zaldibarkoa amildu egin zela eta Mutiloakoa (Gipuzkoa) —hori ere CESPArena zen— itxi egin dutela, plataformakoei «logikoa» iruditzen zaie azken urteko kamioien trafikoa. «Hondakin industrial asko Zaldibarrera eramaten zituzten... Orain, Bizkaikoak Bistibietara (Lemoa) edo Zallara eramaten dituzte. Mallabiko (Bizkaia) Betearte ere hor dago, baina han Gipuzkoako hondakinak jasotzen dituzte batez ere».

Zallako zabortegitik gertu bizi diren herritarrek udalari eskatu diote kamioiek zabortegirako beste sarbide bat eduki dezatela. «Orain arte inoiz ez dute halakorik eskatu. Horrek zerbait esan nahi du...». Plataformakoek iltzatua dute Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak aurreko astean esandakoa: zaborra jasotzen jarraitu ahal izateko, «handitzeko gaitasuna» duten zabortegi pribatuetakoren bat handitzea planteatzen dela. «Zabortegia herriko auzoetako baten gainean dago zintzilik. Imajina ezazu beste Zaldibar bat, hiru aldiz handiagoa den instalazio batean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.