Koronabirusa

Cebek, lan erreforma ukitzearen aurka

Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2020ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Iñaki Garcinuño Cebekeko presidentearen ustez ez litzateke lan erreforma «ukitu» beharko, eta are gutxiago koronabirusaren krisi betean. PSOEk, Podemosek, eta EH Bilduk erreforma bertan behera uzteko akordioa publiko egin zuten iragan maiatzaren 20an, eta Bizkaiko patronaleko buruarentzat «erabat kaltegarria» litzateke neurri hori hartzea. Radio Euskadin atzo egin zioten elkarrizketan, Espainiako Gobernua gogor kritikatu zuen CEOE patronalarekin ez biltzeagatik: «CEOEk tratu duinagoa merezi du. Aldebakarrekoneurriekin, bi aukera baino ez daude: sinatzen bukatzen duzu, edo mahaitik altxatu behar duzu».

Kritika horiek, baina, laudorio bilakatu ziren erakunde publikoek enpresei laguntzeko harturiko erabakiak aipatzean. Bizkaiko Aldundiaren jokaera, eta txalotu egin zituen Espainiako Gobernuak enplegua aldi baterako erregulatzeko txostenen inguruan harturiko neurriak. Azken horien inguruan, onartu zuen Gizarte Segurantzarentzat «ahalegin handia» izan direla, eta «kaleratze asko» eragotzi dituztela. Dena den, gehiago luzatu beharko liratekeela iritzi dio, «enpresek behar duten heinean», eta COVIDagatik harturiko aldi baterako erregulazioen abantailak arrazoi ekonomikoengatik harturikoei zabaldu beharko liratekeela. Kasu horietan, Gizarte Segurantzak bere gain hartzen du langilearen kotizazioa.

Bizkaiko Aldundiaz mintzatzean, «pozik» agertu zen arlo fiskalean harturiko erabakiengatik. «Norabide zuzenean joan dira, ezaugarriengatik, eta bizkor hartu direlako». Garcianuñok nabarmendu zuen aldundiak ordainketak atzeratzeko emateko erraztasunak «diru sarrera garrantzitsua» izan direla enpresentzat. Jaurlaritzak Elkargiren bitartez ematen ari den maileguen garrantzia ere aipatu zuen.

Oinarrizkoena, baina, ekoizpena da, eta horretan ezkor agertu zen, bai behintzat epe motzerako. «Eskaerei dagokienez, Bizkaiko enpresak egoera nahiko penagarrian daude egun. Apirila eta maiatza hilabete oso txarrak izan dira, eta ekaineko lehen egunetan hazkunde txiki bat izan da». Udan salmentek gora egitea espero du, eta irailean prozesu hori finkatzea. Horri dagokionez, funtsezkoa da Alemaniako eta Frantziako ekonomiek «aurrera egitea», «ezinbesteko bezero» baitira euskal enpresentzat.

Enpresen %62, erregulazioan

Arabako enpresen %62ek aldi baterako erregulazioa eskatu behar izan dute krisiari aurre egiteko. SEA patronalak atzo plazaratutako txostenaren arabera, aldi baterako erregulazio horietako %58 ezinbestekoak izan dira, eta %42 arrazoi ekonomikoengatik eskatuak. Barne inkestaren arabera, enpresen %89ri behera egin dieeskaerak, eta %76entzat krisiaren eragina «oso handia» izan da. Etorkizunera begira, enpresen %80k uste dute urtebete baino gehiago beharko dutela krisi aurreko egoerara itzultzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.