Koronabirusa

Salba nazazu, Keynes

Krisi garaietan merkatu askearen defenditzaile asko transformatu egin ohi dira bat-batean, eta estatuaren esku hartzea eskatzen hasten dira. Oraingoan ere, hori gertatzen ari da.

John Maynard Keynes.
Irune Lasa.
2020ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Twitterren dabilen marrazki zinta batean bi gizon amildegi baten ertzean dabiltza paseoan. AEBetako banderaren koloreetako kapela duenak besteari esan dio: «Keynes, modatik pasatuta zaude, jada ez duzu balio. Ekonomia modernoak garaitu zaitu». Baina, bat-batean, modernoak tupust egin du, amildegira erortzear dago; «eroriko naiz, Keynes! Salba nazazu!». Keynesek gogor heldu dio, «eutsi zaitut!». Modernoak laguntza eskertu dio, biak atzera paseoan abiatu dira. «Bada, esaten ari nintzen moduan, Keynes, ez duzu ezertarako balio...».

Beste behin, ez dira garairik onenak merkatu askearen fededunentzat. Beste behin, izan ere, ez da lehen aldia tarte batez neoliberalak keynestar bihurtzen direla. Gero itzuliko dira langile publikoen gehiegizko kopurua kritikatzera, arlo publikoaren eraginkortasuna goraipatzera, eta diru politikaren ahalguztiduntasuna proklamatzera.

Halako zerbait gertatu zen 2008an piztutako krisian. Eta, orain ere, administrazio publiko ahalik eta txikienaren defendatzaile moderno/neoliberal horietako asko dira, amildegitik erortzear, Keynesi -eta estatuei- laguntza eske dabiltzanak, zerga politiken, hots, gastu publikoaren, erreguka.

John Maynard Keynes ekonomista ingelesak (1883-1946) pentsamendu ekonomikoa irauli zuen 1936an argitaratu zuen teoriarekin, zeinak esaten baitzuen estatuak esku hartu behar duela ekonomian, besteak beste, merkatuak bere kabuz ez dituelako desoreka batzuk konpontzen,—hala nola Depresio Handikoaren moduko egoerak—, eta merkatuak manipulatu egin daitezkeelako.

Inflazioarekin batera, langabezia handia zuen kezka nagusia, eta administrazio publikoak eskariaren aldean esku hartzea zen haren konponbidea. Krisi garaietako langabeziaren gorakada borrokatzeko, zehazki, neurri keynestarra eskaria handitzea da, horrek egingo duelako tira ekonomiatik. Horretarako, Keynesen arabera, gobernuek familiei zergak jaitsi behar dizkie, diru gehiago izan dezaten; interes tasak murriztu behar dira, enpresek gehiago inberti dezaten; eta gastu publikoa handitu behar da, ospitale, errepide eta halakoen eraikuntzak eskariaren aldea indartuko duelako.

Zerga politiken txanda

Larrialdi honetan, gainera, askoz argiago ikusten da sektore publikoaren protagonismoa. Bera da, bere gastu publikoarekin, hondoratze orokorra galgatzeko gai den erakunde bakarra. Behin diru politikak lanean direla —EBZk jada atera du bazuka— zerga politikentxanda iritsi da orain. Betor Keynes.

Estatuek euren zerga politikak astindu beharko dituzte, familiei eta enpresei laguntzeko, eta,hala izan behar baldin bada, defizitaren kontura izan dadila.Zerga politikak beharko dira, gainera, banku zentralen diru politikak baino eraginkorragoak direlako tupusteko erabatekogeldialdiak gogor jotako enpresa txikiei eta autonomoei laguntzeko.

Zein izan daitezke zerga neurrihoriek? Kontaezinak dira proposatutako neurriak, eta asko herrialdeen errealitateen araberakoak. Dirutza jartzea osasungintzan, gaixotasun baimenak, errenta unibertsala, herritarrei zuzenean txeke bat ematea, gobernuak langileen soldatez arduratzea epe batean, zergak jaistea, mailegu ordainketen atzerapenerako bermeak… Gobernuak azken buruko pagatzaile edo halako zerbait bihurtzea da beste proposamen bat, gero eta zabalduago dagoena. Horrelakoekin, helburua denbora irabaztea litzateke, eta izuaren pandemiari galga jartzea. Kostatzen dena kostatzen dela. Eta gero ikusiko da nork ordaintzen duen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.