U30eko greba orokorra. Emakumeak

Emakume ikusezinak, borrokara

Besteak beste, sektore feminizatuen prekarizazioa salatu dute feministek grebaren harira. Lan gatazka betean dira etxez etxeko langileak eta Gorlizko garbitzaileak; haiekin izan da BERRIA.

Donostian, andreek piketeak egin zituzten goizean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2020ko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
Erlojuari begiratu dio Irune Oleagak. 12:10 dira. «Honezkero hirugarren erabiltzailearekin egongo nintzateke». Etxez etxeko laguntza zerbitzuko langilea da Portugaleten (Bizkaia): etxe batetik bestera ibiltzen da, mendekotasunak dituzten pertsonak artatzen. «Egunero lau kilometro egiten ditut. Lehenik, bi ordu egoten naiz pertsona baten etxean, 07:15etik 09:15era; gero ordubete egiten dut beste etxe batean, beste ordubete beste batean, eta, azkenik, bi ordu beste batean». Baina ez da lanean ari. Besoko morea jarrita, dozenaka emakumerekin dago Bilboko Kale Nagusian, greba orokorreko manifestazio nagusiarekin bat egiteko zain. «Kasu egin diezaguten nahi dugu».

Martxa abiatu denean, jende artean murgildu da Oleaga. Alboan du Begoña Nuñez, LABeko ordezkaria sektore berean; haien lanbidearen inguruko kontzientzia zabaldu nahi du hark ere, ikusezin izateari utzi: «Jende askok ez baikaitu ezagutzen, ez daki zer egiten dugun». Eta beste askok ez ikusiarena egiten dute, edo hala iruditzen zaio Marga Olarietari. Garbitzailea da Gorlizko (Bizkaia) udal eraikinetan —udaletxea, eskolak, kultura aretoak...—. «Emakume ikusezinak gara. Mamuak bezalakoak. Zentro askotan berariaz saiatzen dira ikusezinak izan gaitezen: inork ikusiko ez gaituen orduetan joan behar dugu, aretoak bakarrik garbituko balira bezala». «Falta zaren arte, ez dira ohartzen», gaineratu du Ana Rodriguez ELAko kideak.

Hain justu, emakumeen ikusezintasuna iraultzea eta sektore feminizatuen prekaritatea agerian uztea izan du helburu mugimendu feministak greba orokorrarekin bat egitean. Nabarmena izan da morearen presentzia, besoetan, banderetan, aldarrietan eta karteletan. Feministek piketeak antolatu dituzte hiriburu gehienetan, eta manifestazio blokeak osatu dituzte, hirietan ez ezik, hainbat herritan ere; baina oro har, bat egin dute gainerako grebalariekin mobilizazioetan.

Gatazka luzeak

Sektore feminizatuetako lan gatazkak gogorrak izaten direla nabarmendu dute andreek. Eta luzeak. Bizkaiko etxez etxeko beharginak, adibidez, 2014tik dute soldata izoztua, eta duela bi urte baino gehiago hasi ziren grebekin: 30 lanuztetik gora egin dituzte. Udalena da zerbitzua, baina azpikontratatu egiten dute; Nuñezek azaldu du udal bakoitzak bere kabuz diharduela, baina gehienek joera bera dutela: «Puntuaziorik onena lortzen du preziorik merkeena eskaintzen duen enpresak, hau da, gutxien pagatzen diguna. Prekarizazioa dakar horrek». Umezurtz daudela erantsi du Oleagak: «Enpresek diote udalek gutxi pagatzen dietela; udalen ustez, gure eta enpresen arteko gatazka bat da; eta diputazioak beste alde batera begiratzen du. Ez gara inoren ar- dura».

Antzera dabiltza garbitzaileak, Ana Fernandezen esanetan: «Udala beti saiatzen da zerbitzu merkeena kontratatzen». Eta enpresa ere, uzkur: «Ez du negoziatu nahi: ez gaitu serio hartu, eta ez digu beste aukerarik utzi». Izan ere, grebaren atarian daude Gorlizko andreak: bost eguneko lanuztea abiatuko dute datorren astelehenean. Soldata arrakalagatik egingo dute protesta, gizonak nagusi diren zerbitzuen baldintza berak nahi baitituzte: ELAko kideen arabera, 7.000 euroko aldea dago batzuen eta besteen oinarrizko sarien artean. «Kalea garbitzen duten gizonek oinarrizko soldata duin bat lortu badute, zergatik eraikinak garbitzen ditugun emakumeok ezin dugu soldata duinik izan?», galdetu du Olarietak.

Beste diferentzia bat gehitu du Fernandezek: «Gizon guztiek dute lanaldi osoa, eta gutako batek ere ez». Eta horrek egoera zailetan jartzen ditu emakume langile asko, Olarietaren hitzetan: «Soldata oso txikiak ditugu berez, hortaz, pentsa zer sari geratzen zaigun lanaldi partzialekin; badira 200 eurorekin bizi behar direnak, ia ez die merezi lan egitea. Eta zer pentsio geratuko zaigu?».

Mespretxuak minduta

Baina gai batek mintzen ditu bereziki: haien lanarekiko mespretxuak. «Guk besteen lana errespetatzen dugu; besteek gurea, ez. Bakarrik garbitzea denez...», adierazi du Fernandezek. Sentipen bera dute etxez etxeko langileek. Laguntza zerbitzuaren barruan askotariko funtzioak daude, Nuñezek esplikatu denez: «Mugitu ezin diren pertsonak mugitu behar ditugu, baina etxeetan ez dugu laguntza mekanikorik, eta lunbagoa ez digute lan gaixotasun gisa onartzen. Baina zaintzaz gain, pertsona batek etxean egin ezin dituen eguneroko kontuak ere egiten ditugu: kozinatu, garbitu, lisatu... Etxeetan egiten dugu lan, baina etxeak ez omen dira lantokiak, eta ezin dute gure lana baloratu».

Lan ikusezina egiten dute, eta erakunde publikoek ez dute haien gaineko ardurarik hartzen. «Baina prest gaude borrokatzeko», esan du Olarietak. Zaila dela onartu du, hala ere, Nuñezek: «Bakoitza etxe batean dabilenean, bilerak lotzea ere kostatzen zaigu. Guk borroka luzea daramagu, eta gogorra, ez digutelako jaramonik egiten, baina ez dugu amore emateko asmorik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.