Bi ikuskera laborantzaz

Paueko Laborantza Ganberako kideen hautatzeko bozek hilabete bukaera arte iraungo dute. Aurrez aurre izango dira Ipar Euskal Herriko laborarien bi sindikatu nagusiak, ELB eta FDSEA.
Beñat Molimos (ELB) eta Patrick Etxegarai (FDSEA), Larzabaleko herriko etxean.
Beñat Molimos (ELB) eta Patrick Etxegarai (FDSEA), Larzabaleko herriko etxean. JOANES ETXEBARRIA

Joanes Etxebarria -

2019ko urtarrilak 19
Larzabaleko herriko etxean bildu ditu BERRIAk FDSEAko Patrick Etxegarai (Landibarre, Baxenabarre 1961) eta ELBko Beñat Molimos (Bunuze, Baxenabarre, 1966).

Azken sei urteak nola joan dira?

PATRICK ETXEGARAI: Laborantza Ganberan anitz dosier bada. Hemen Euskal Herrian, ardi eta behi sailak dira bi ekoizpen handienak; bistan dena, prezioak ez dira guk nahi dugun bezala goiti joaten, baina egun guztiz behar da borrokatu.

BEÑAT MOLIMOS: Sei urtez ikusi dugu ELBk mobilizatu duela gai batzuen itzulian; ahate krisia izan da azkena eta aipagarriena. Mobilizatzeko ahal hori erakutsi eta bere eragina ere ukan du, laborari txikien defentsan aritu baita sindikatua, eta kausitu baitu ahate sanoak ez hiltzea. Bestalde, haragitako behietan, FNSEAk nahi zituen 30 behiz behetikoentzat laguntza guztiak kendu, eta ELBren borrokaren bidez hamarretara ezarria izan dela. Irabazi handia izan da kopuru txikiak zituzten mendiko etxalde txikiendako.

P. E.: 30 behien istorio horrekin ELBk duela sei urte ere argumentu bera atera zuen... Ez da hala: guk, FDSEAn, hemen departamenduan, beti zazpi behiren heina defendatu dugu. Zerendako? Egun hiru behirekin ere hunkitzen ahal dira laguntzak, baldin badituzu hamar UGB [Europako laguntza berrietan, behi batek neurri bat balio du, zazpi ardik neurri bat]. Gero, ahate sailean, eritasunekin, guk marexalen gomendioak segitzen ditugu. Gu ere ahate sanoen hiltzearen kontra gaude, baina departamendu eta eskualdeko beste etxalde guztietan hala egina zen, eta delibero hori, protokolo hori, Confederation Paysannek [ELB konfederazioko kide da] baieztatu zuen Frantzia mailan. Gure lana zen diruaren xerka joatea laborarien laguntzeko, eta ahate krisi horretan 252 milioi euro erdietsi ditu FNSEAk hazleen laguntzeko.

Pauen bada Laborantza Ganbera ofiziala, Donapaleun antena bat duena. Duela hamalau urte, ELBkoek EHLG sortu zenuten. Zergatik parte hartu hauteskunde hauetan?

B. M.: Parte hartzen dugu ikusteko ELBk defendatzen duen modeloak zer errepresentazio duen. Aurten egin dugu hautua Euskal Herriko lista bat muntatzea [Confederation Paysanneko biarnesekin ere aurkeztu izan dira], guretzat gaur egun gauzak Euskal Herri mailan baitira agitzen. Ikusi dugu Euskal Elkargoak laborantzaren ardura hartu duela eta hori kontuan hartuz behar genuela antolatu hemen.

ELBk proposamen bat egin zion Euskal Elkargoari. FDSEAn nola ikusten duzue elkargoak eskumen hori hartu izana?

P. E.: Eskumena har dezan biziki kontent gara, hautetsiak laborantzaz arduratzen direlarik biziki gauza ederra baita. Gero behar da ikusi zeren egiteko. ELBk galdegiten duelarik erakunde publiko bat, guk erraten dugu Donapaleun behar dugula denek elkarrekin lanean ari: ELB, EHLG, hautetsiak... Ez da beste erakunde baten beharrik.

B. M.: Erabakiak Pauen hartuak badira, erabakiak hartzeko manera bera baldin bada, ber funtzionamendua izateko ez, ez du balio... Oraingo funtzionamenduarekin beti alde batera joanen da. Guk egitura publiko berri horrekin hori dugu ikusten: ber heinean izan gaitezen; izan FDSEA edo ELB, laborariak ordezkatzen ditugu.

P. E.: Kalapitan aritzeko leku bat bada, ez du balio lekuan ezartzea.

Mendiko laborantza kartsuki defendatu du FSDEAk azken urteetan, diru laguntzen arazoak aipatuz besteak beste.

P. E.: Europako diru laguntzak berritu ziren 2015ean. Nik FDSEAn defendatzen dut ardi saila eta mendi eskualdea lehenik. Stephane Le Foll ministroa zenean, hark hitzeman zigun hazkuntza eta mendi eskualdea lagunduko zituela; bon, departamendu honetan mendiko eskualdeak diru laguntzen erreforma horrekin ez du galdu, baina ez du irabazi anitz ere. 2015eko laguntza horrek hiru urte baditu eta ez da oraino plantan emana; batean software bat ez da martxan eta hau eta hura...

B. M.: Patrickek erraten duelarik laborantza guztien sostengatzaile dela, nik erran nezake mendiko laborantzaren sostengua ez dugula hala ikusi. Momentu batez Le Follek plantan ezarri zuen neurri bat lehen 52 hektareak lagunduz (50 eurotan bakoitza) eta laguntzak emendatuz hiru urtez, ehun euro arte. Hori seinale azkarra zen etxalde tipi eta ertainendako. Sistema zen primak hunkitzen zituzten denei hartzen zitzaiela %20, neurri hori pagatzeko; FNSEAk hori blokeatu zuen momentu batean zereal ekoizleek edo laguntza anitz hunkitzen zutenek ihardukitze bat egin baitzuten. Orain laborariek hunkitzen dute bakarrik 50 euro hektarea bakoitzeko, bana besteko etxaldeek 1.500 edo 2.000 euro galtzen dute laguntza eskas horrengatik.

P. E.: Beñatek berriz ere aipatzen du FNSEA eta FNSEA... FNSEA Parisen da, ni FDSEAren Euskal Herriko presidentea naiz, eta dosier horretan, mendi eskualdeari buruz, ehun euroren proposamenaren alde nintzen. Gero Parisen ez badira denak segituak... Baina bozka hauetan ene eta gure posizioak ditut ematen, eta bistan da mendiko laborantzari buruz ELBren gauza berak ditugula.

Zertan desberdintzen dira bi sindikatuak?

B. M.: Funtzionamenduan bi sindikatuen arteko diferentzia da gurean lekuko laborariek dituztela gauzak maila nazionalera iganarazten, eta FDSEAn maila nazionalean hartu erabakiak direla aplikatzen terrenoan. Gure indarra horretan da: hemengo berezitasunak kontuan hartzen ditugu eta entseatzen gara maila nazionalean [Frantzian] berezitasun horiek kontuan hartuak izatea.

P. E.: Ez naiz akort. Gure lehen borrokak gure sindikatuan dira, maila nazionalean, gure posizioak defendatuz eta anitz dosierretan erreusitzen dugu. Ardi sailean bada 125 milioi euroko laguntza bat FNOk erdietsi zuena [FNSEAren ardi saila, hiru euskal herritar dituena administrazio kontseiluan]. Lan hori ez da ELBk egina, guk erdietsi laguntza bat da, eta badira beste etsenplu franko.

Diskurtsoan ez zarete hain urrun idurian...

B. M.: Iduri zait FDSEAren diskurtsoan beti entzuten dugula laborantza guztien alde direla, eta uste dut ez dela laborantza guztien alde izaten ahal. Zeren eta errealitatean ikusten dena da terrenoan modelo batek edo besteak gaina hartzen diola besteari. Diferentzia uste dut horretan dela, guk defendatzen duguna zinez laboraria dela, laboraria bere egun guztietako bizian ontsa senti dadin eta bere ofizioaz bizi dadin. Laborantza iraunkor eta herrikoia dugu aitzinean ematen praktiketan: kasik hemengo etxalde guztietan praktikatzen den laborantza modelo hori.

P. E.: Laborantza guztiak defendatzen ditugularik erran nahi du ekoizpen guztiak; eta Euskal Herrian atzematen dira kasik ekoizpen guztiak: behi esnedunekin ari direnak, behi haragidunekin, ardi sailean, izan oilaskoekin, ahateekin, urdeekin ala edozein... laborantza guztiak defendatzen ditugu izan daitezen zirkuitu laburrak ala luzeak... denak. Euskal Herrian badira merkatuak etxe ekoizpenendako eta zirkuitu luzeek ere badute beren lekua. Oraino xantza dugu halere etxalde guztiak errateko maneran heinekoak direla, ez da alimaleko etxalderik ikusten oraino.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna