Inaki Galdos
ARKUPEAN

Ziabogak eta penduluak

2020ko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Politikan usu erabiltzen den irudia da ziabogarena, alderdiek izaten dituzten norabide aldaketak adierazteko erabiltzen dena. Gure artean Ezker Abertzalearen azken urteotako ibilbidea deskribatzeko erabili ohi da sarri, batez ere Bateragune auziaren epaiketan Arnaldo Otegik transatlantikoa aipatu zuenetik.

Haatik, jelkideak hizpide ditugunean pendulua da batez ere aipatzen duguna, duela 20 urte De Pablo, Mees eta Rodriguez Ranz irakasleek horrela bataiatu zutenetik Sabino Aranaren oinordekoen politikarako moldea. Askorentzat egoera ezberdinetara moldatzeko gaitasun hau, orekaren bila aritzeko etengabeko ahalegin hau, oso ariketa baliagarria da, alderdiaren arrakasta ederki azaltzen duena. Beste batzuentzat, ordea, onargarria ez den itxurakeria besterik ez da.

Ziaboga eta penduluak. Hitzak hitz eta irudiak irudi, politika debozioz jarraitzen duen adiskide batek aspaldi xamar esan zidana etorri zait berriki gogora, hau da, ziabogaren eta penduluaren arteko ezberdintasuna estrategiaren eta taktikaren artean dagoena dela. Agian banaketa zorrotzegia, ñabardurak egitea beharrezko den mundu batean, baina aitortzen dut sarri ari naizela horretan pentsatzen, Esquerrak hartutako norabidea hizpide.

Ulergarriak bezain osasungarriak dira alderdiek euren ibilbideetan zehar ematen dituzten aldaketa asko. Beti (edo gehienetan) esango dute xedea betikoa dela baina joera egokitu egin behar dela. Aztertzen hasita, aldaketa horiek noiz eta zergatik gauzatzen diren ikusi behar da ondo, hor ikusten baita ondo proposamenaren zintzotasuna. Badaude urte luzetako eztabaida eta gogoeta sakonen ondoren egositako ibilbide berriak. Beste muturrera joanda, ez dira sinesgarriak Espainiako Ciudadanos alderdiak etengabe egiten dituen aldaketa zorabiagarriak.

Interesgarriak dira oso Oriol Junquerasen alderdiak aspaldion egin dituen hausnarketak. Oraindik nahikoa ez delakoan independentismoaren oinarri soziala handitzeari ematen ari da bereziki garrantzia Esquerra. Pernandoren egia bada ere (munduko ze mugimendu politikok ez du desio bere oinarria handitzea?) helburu horrekin ari da arrazoitzen bai bere gaur egungo jarduna, bai garai bateko zenbait jarrera eta proposamen baztertu ez, baina baretu izana. Kontua da noiz eta zergatik hasi ziren horrela. Ea gogoeta horiek ez ziren baliagarriak 2017ko urrian, Carles Puigdemontek zalantza handiak izan zituenean hartu zuen erabakia hartzeko. Kontua da Puigdemonti sekulako presioa sartu ziotenak Esquerrakoak izan zirela (ezin ahaztu Rufianen txio hura, zilarrezko 155 txanponak aipatzen zituena). Eta kontua da Esquerrarentzat orduko indarra -baita 2015eko irailekoa ere- nahikoa zela aldebakarreko bidea jorratzeko.

Askoren ustea da 2017ko abenduaren 21eko gauean erabaki zutela orain egiten ari direna egitea, ia inork espero ez zuena gertatu zenean, hain zuzen ere Puigdemontek Junquerasi irabaztea. Hori espero ez zutelako erabaki zutela bi urte lehenagoko koalizioa ez errepikatzea eta independentismoaren gidaritzaren eta hegemoniaren bila itsu-itsuan joatea. Orduko porrotaren fruitua dela hau guztia, europar hauteskundeetako bi hautagaien arteko lehian berretsi dena, portzierto.

Horregatik gaude batzuk mesfidati xamar. Uste dugulako Esquerrakoena emaitza horien ondoren bere burua birkokatzeko ahalegin baten emaitza dela batez ere. Ez dira gutxi Katalunian, Esquerrak bere burua hemengo EAJren gisa kokatu nahi duela dioten analistak. Zentralitatea bereganatu eta gainerako guztiekin hitz egin eta negoziatzeko gaitasuna duen alderdi (bakar) gisa. Agian zoragarri aterako zaie, gainerako hauteskundetan hala gertatzen ari da, baina esango nuke jelkideen pendulua eta kultura politikoa sofistikatuegiak direla hilabete gutxi batzuetan inprobisatzeko eta han txertatzeko.

Eta ez, hau ez da egun hauetako inbestiduraren kariaz idatzitako gogoeta, gabonetan arkupe hau itxi egingo zela jakin gabe duela aste pare bat bidalia baizik. Bide batez, oso ondo ulertzen ditut batzuen zein besteen abstentzio eta baiezko botoak, ez hainbeste hitzartutako testuen inguruan norbaitzuek erakutsi duten baikortasuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.