Atsedenik gabeko udak

Urrun dago neguko sasoia, baina ez Imanol Rojo eta Adur Etxezarreta eskiatzaileentzat. Biak buru-belarri ari dira datorren denboraldia prestatzen, pandemiak eragindako trabei izkin eginda.

Imanol Rojo rollerskian entrenatzen, Bonaiguako portuan, Vielhan, Herrialde Katalanetan. IMANOL ROJO.
Unai Ugartemendia.
2020ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
Kirolari gehienentzat, atseden hartzeko garaia da uda. Taldekako kirol gehienetan, buruari eta gorputzari atseden emateko aprobetxatzen dituzte ekaina eta uztaila. Baina garai horretan, beste kirolari asko bete-betean ibili ohi dira lanean, denboraldi-aurrean. Horietako bi dira Adur Etxezarreta eskiatzailea (Areso, Nafarroa, 1996) eta Imanol Rojo iraupen eskiatzailea (Tolosa, Gipuzkoa, 1990).

Etxe inguruan dago Etxezarreta. «Areso inguruan nabil azken bi asteetan. Aste honetan, Saas Fera [Suitza] itzuliko naiz. Orain dela hilabete, bi asteko egonaldi bat egin genuen bertan, eta beste bi asteetan etxean izan naizen arren, berriro ere Espainiako selekzioak Suitzan alokatzen duen hotelera itzuliko naiz».

Rojo ere beste egonaldi batean murgilduta dabil. «Uztailean, egonaldi bat egin nuen Andorran, hango selekzioarekin. Egun batzuk Vielhan [Herrialde Katalanak] eman ondoren, beste egonaldi batean nago berriro».

COVID-19aren pandemiak martxoan eragindako ezohiko egoerak denboraldi amaieran harrapatu zituen bi eskiatzaileak. Egoerak eraginda, Rojok argi dauka aurtengo denboraldi-aurrearen aldaketa nagusiak zeintzuk izango diren. «Beste urte batzuekin alderatuta, agian, egonaldien aldaketa izango da nabariena. Lehen, astebeteko bi egonaldi-edo egiten genituen. Orain, berriz, badirudi bi asteko egonaldi batera egokitu beharko dugula, jendearekin ahalik eta gutxien partekatzeko». Etxezarretak ere aurreratu du aurtengo egonaldiak «oso gogorrak» izango direla. Espainiako Eski Federazioak oso protokolo «zorrotzak» ezarri dituela adierazi du. Hala, entrenamendua amaitu bezain laster, logelara joan beharko dute, eta eguneko otordu guztiak bakoitzak bere logelan egin beharko ditu.

Denboraldi-aurrea, geroago

Denboraldiko lehen aldaketa nagusia hasieran izan zuten bi eskiatzaileek. Etxezarretak azaldu duenez, «ekain amaieran» jada eskiatzen hasiak ziren beste urteetan. Aurten, berriz, uztailaren 12an egin zuten lehen eski egonaldia. Suitzako Saas Fe eski estazioa izan ohi da Etxezarretaren bizitokia denboraldi-aurrean. Uda honetan, baina, lehen aldaketak nabariak izango dira. Suitzara doazen guztiak berrogeialdian jarriko dituzte hamar egunez. Hala ere, Espainiako Eski Federazioa saiatzen ari da berrogeialdi hori eragozten.

Aldaketak aldaketa, biek ala biek «oso barneratua» dute denboraldi-aurrean egin beharreko lana. «Lehen entrenamenduetan, teknika lantzen dugu gehienbat. Ni, esaterako, eslalomerako eta eslalom erraldoirako entrenatzen aritu naiz, baina hemendik aurrera nire diziplinetan ariko naiz buru-belarri. Orain, Hego Amerikan aritu behar nuen abiadura lantzen, baina etxean egotea tokatuko zait oraingoz», adierazi du Etxezarretak.

Rojok, berriz, La Rabassako aterpetxean (Andorra) igaroko du astea: 2.000 metrotik gora dagoen aterpetxea bat da. Bertan kirolari guztiekin batera egoten da. Entrenatzen ez direnean, atseden hartzen egoten dira. Ez du aitzakiarik jarri. «Txikituta» amaitzen dute eguna. Gainera, bertan ez dago ezer, ez dendarik, ez denbora-pasarik... Egonaldietan hiru entrenamendu egiten dituzte egunero. «Jaiki bezain laster, 30 edo 40 minutuko korrika saio bat edo indar ariketak egiten ditugu. Ondoren, gosaldu, eta entrenamendu luze bat egiteko aprobetxatzen dugu. Gehienetan, rollerskiko edo bizikletako saio luzeak izaten dira. Arratsaldean, berriz, berriro rollerskian edo gimnasioan aritzen gara. Zazpi egunez, ez dugu besterik egiten», azaldu du Rojok. Oraingoz, ez du elurrik ukitu. Rollerskian, korrika, mendian oinez eta bizikletan egin ditu orain arteko entrenamendu guztiak. Behin abuztuaren erdialdetik aurrera, egunero rollerskian ibiltzea tokatuko zaio. Iraila iristeko desiratzen dago. «Orduan, glaziarretara joango gara eskiak janztera», dio gogotsu.

Kirolari askorentzat urte guztiko egunik gogorrenak izaten dira denboraldi-aurrekoak: atseden hartutako egunetik itzulitako lehen egunak, errutinak... Ez da Etxezarreta eta Rojoren kasua. «Udan entrenatzen ibiltzea ez zait oso gogorra egiten. Egiten dudana asko gustatzen zait, eta, alde horretatik, ez dut esfortzu berezirik egin beharrik udan. Egia da denak opor usainean eta hondartza giroan daudenean gu entrenatzen ibili behar izaten dugula. Hala ere, ezin dut ukatu nahikoa arraroa egiten dela lagun guztiak hondartzan daudenean ni eskien gainean egotea», bota du barrezka eskiatzaile nafarrak.

Rojorentzat ere ez da oso nekeza udan entrenatzen aritu behar izatea. «Izugarri gozatzen dut entrenatzen, eta askorentzat gauza gogorra izan daiteke, baina niretzat ez da deserosoa, nekeza. Entrenamendu guztiak lagun artean egiten ditut, gainera. Nire pasioa da oraingoz. Ahal dudan bitartean honetan jarraitu nahiko nuke, ahalik eta urte gehienean. Familiarengandik eta lagunengandik urrun egotea da denetan gogorrena».

Zalantzak, pandemiagatik

Nahiko zehaztuta daukate denboraldiaren egutegia. Munduko eta Europako txapelketak edo Olinpiar Jokoak izaten dituzte askotan mugarri biek. Etxezarretak azaroan hasiko ditu lehiaketak. Oraingoz, egutegi dena aurrera doa. «Badirudi Ameriketako bira bertan behera geldituko dela, eta gure denboraldirik gehiena Europako lurretan jokatuko dugula. Hasiera batean, nazioarteko bidaiak eragozteko xedea du federazioak. Egutegia asko murriztuko dela iruditzen zait», dio aresoarrak. Rojok ere argi ikusten du egoera. «Oraingoz, badirudi egutegia mantentzen saiatzen ari direla. Frantzian jokatzen den lasterketa bateko datak aldatuko dira, agian, baina beste guztiak badirudi bere horretan jarraituko duela».

COVID-19ak eragindako egoerak ez ditu bi eskiatzaileen helburuak aldatuko. Biak gogotsu daude denboraldi berrirako. Jauzi bat eman beharra dute hurrengo 2022ko Pekingo Olinpiar Jokoei begira. «Martxoan, sasoi onenean nengoenean amaitu behar izan genuen denboraldia. Aurten gogo berezia dut. Munduko Txapelketa jokatuko dugu Oberstdorfen [Alemania], eta jauzi txikiak ematen jarraitu nahiko nuke hurrengo Olinpiar Jokoei begira», bota du gogotsu eskiatzaile tolosarrak.

Etxezarretak ere, gutxinaka, munduko onenen taldean sartu nahiko luke hurrengo urteetan. «Ikusi egin beharko dugu denboraldiak zer bilakaera hartzen duen. Horren arabera ibiliko naiz, nahiz eta helburu nagusia Italian jokatuko diren Munduko Txapelketak izango diren. Europako Kopako zirkuituan aurrean ibili nahiko nuke, hasteko. Halaber, Munduko Kopako zirkuituko proba gehiago jokatzea da helburu nagusia. Iaz, hiru probatan aritu nintzen, eta, aurten, gehiagotan parte hartu nahiko nuke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.