Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

'Mea culpa'-rik ez

2018ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Bilbo Handiko errepide-bihurgunean ia galdu egin ginen enpresa publiko handi horretara lehen aldiz joan ginenean. Euskara-plana edo antzeko zerbait egitekotan ziren, eta dei egin ziguten gomendioa eskatzeko, artean ez baitziren oso ezagunak horrelakoak bideratzeko metodologiak. Giza-baliabideetako (sic) arduradunak hartu gintuen bulego ikusgarri baten (hiriaren bizkarrezurra agerian zegoen goialde horretatik, eta kargaontzi bat zegoen ibaiaren erdian, kea zeriola) eta beren asmoen berri eman zigun. Zer egin zitekeen, edo zehatzago esanda, beste zenbait enpresatan zer egiten ari ginen azaldu genion, eta poztu egin zen, erraz ikusten baitzuen langileen artean euskara-guneak sortzea. Makina bat langile zahar omen zeuden eta horietako asko euskaldun izango ziren, ia seguru, Bizkaiko landa-herrietakoak baitziren gehienak. «Euskaldun peto-petoak, etxean behiak eta guzti dauzkate eta!», esan zigun.

Elkarri begiratu genion (disimulu handirik gabe, nik uste). Nire artean pentsatu nuen agian euskarentzako arnas-gune berriak ez zeudela guk irudikatzen genituen tokietan, Suitzan, Galizian, Alpeetako landa-gunetan edo, besterik gabe, hazienda-buru ugariko munduko edozein txokotan.

Euskarara etxetik kanpoko bideetan barrena iritsi nintzen ni. Aire batek eraman ninduen haren peskizan, olerkietan eta kantagintzan sumatzen nuen zerbaitek. Poetak zioen bezala, nire euskaltasuna baso bat da, eta ez du zuhaitz genealogikorik. Historiarik gabeko euskalduna izan naiz.

Txoria izan naiz eta ez ornitologoa; egitura traketsak erabiltzen ditut maiz, eta kosta egiten zait «hau nola esan behar da?» galdetzen didatenean zuzen erantzutea. Hiztuna naiz, noizean behin idazlea, sekula ez hizkuntzalaria. Euskaraz bizitzen saiatzen naiz, nahiz eta ez dudan beti lortzen; baina euskara bizi dut.

Bernardo Atxagaren Behi euskaldun baten memoriak eleberriko Mo hark bezala begiratzen ditut euskara txokokeriatako mintzaira dela esan ohi duten horiek, harriduraz eta jakin-minez, ulertu guran.

Etxe-zulotik kanpo jaso nuen euskara, eta ez zait gaztelania baino traketsagoa suertatu zientziaren dibulgazioa egiteko edo poesia idazteko. Prestigiorik edo erabilgarritasunik eza aipatzen dute askok beren urruntasuna zuritzeko, baina nik Literatura Unibertsaleko maisu-lanak euskaraz gozatu ditut, hutsarterik gabe, euskarak gainerako hizkuntzek adina balio baitu jatorrizkotik norberarenentzako zubiak eraikitzeko.

Erlikia bat dela edo garaiz kanpo dagoela esaten dute, azken hamarkadatan euskarak egin duen egokitzeaz batere jabetu gabe. Gutxi izango dira munduan euskaldunek adina arreta eskaintzen diotenak beren hizkuntzaren zuzentasunari (onerako edo txarrerako).

Joan den igandean talde-elkarrizketa argitaratu zen hemen Miriam Urkia, Irene Arrarats eta Andoni Sagarnarekin, euskara batuaren 50. urteurrenaren kariaz. Metafora ederra erabili zuten eredu komunaren ibilbidean egindako lana, eta eginkizun dagoena, jasotzeko. Eraikuntzari eusten dioten aldamioak jarri eta arkitektura-lan itzela egin da, eta dotorea da emaitza, gabeziak gabezi, erabilera-anitzeko etxe horien parekoa: lantegiak ditu, puntako gune akademikoak, eguneroko kazeta eta askotariko hedabideak, polikiroldegia, laborategiak, aisialdi-guneak eta baita ukuiluak ere. Oinarriak sendo ditu, eta gune berriak altxatzen jarraitzen du, maiz langintza hori nekezegia bada ere, oztopoz beterikoa.

Oraindik beharrezkoa ez balitz, irrigarria litzateke hau idatzi behar izatea.

Geurea bekatua izango da, baina aizue: mea culpa-rik ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.