Igor Zubeldia. Realeko jokalaria

«Ez naiz konformatzen: Realean garrantzitsu izatera iritsi nahi dut»

Baliteke Igor Zubeldia hasieratik aritzea derbi batean estreinakoz. Taldeak hobera egingo duela dio, eta gustura dago bera egiten ari den jokoarekin; halere, pauso bat aurrera emateko gogoz dago.

JON URBE / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
Zubieta
2018ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Lan saiotik atera berritan, jokalariak etenik gabe ari dira gerturatzen kazetariengana. Athleticen aurkako derbia jokatu aurreko egunak dira, eta nabari da hori Zubietan. Gaurko partidarako gogotsu ageri da Igor Zubeldia (Azkoitia, Gipuzkoa, 1997). Harrobiko jokalariak iragan sasoian jokatu zuen estreinakoz Athleticen aurka, maila gorenean, eta hasieratik aritzeko aukerak ditu oraingoan. Taldean indarra hartzen ari da, eta zelaitik kanpoko eginkizunetara ere ohitzen ari da. Lasaia erantzun die galderei, hitanoz.

Gaurko partidaren atarian, nolako partida aurreikusten duzu?

Partida lehiatua, gehienbat. Ikusteko polita izango da. Bi taldeak hiru puntuen bila aterako gara, eta borroka askokoa izango da.

Zeintzuk izan daitezke hiru puntuak eskuratzeko gakoak?

Partidan ahalik eta opari gutxien egitea atzealdean eta aukerak daudenean horiek ondo aprobetxatzen jakitea izango dira nagusiak.

Zein egoeratan sor dezake Athleticek arriskurik handiena?

Bereziki, kontraerasoetan. Jende azkarra dute aurrealdean:Williams, Raul Garcia... Indartsuak dira, eta azkarrak. Horiek zaintzeko garaian arreta izan beharko dugu.

Azken bi jardunaldietan apur bat kosta egin zaizue, eta ez dituzue nahi zenituzten emaitzak atera. Zer moduz helduko zarete derbira?

Entrenatzaileak esandako lana egiten ari gara egunero. Ondo iritsi? Agian, emaitza aldetik ez nahi bezala, baina gu lasai gaude. Normala da jendea lasai ez egotea, baina guk gure lana ahalik ondoen egingo dugu, eta lehen esan dudana: hiru puntu lortzera aterako gara.

Ezagunak dituzu Athleticeko zenbait jokalari. Horrek laguntzen al du haien aurka jokatzeko garaian?

Bai, ezagunak dira. Gainera, gaur egun, horrenbeste bideo eta gainerakoekin, nahiz eta ez ezagutu iristen zaizu beste taldeetan dagoenari buruzko informazioa. Gero, ezagutzean, partida aurretik hitz egiten duzu haiekin, baina partida hastean ez da lagunik izaten.

Azkoitian esan al dizute «hau irabazi beharra dago»? Badago giro hori?

Egia esan, aste honetan ez naiz kalera irten. Aurreko astean-etaesan zidaten, bai: «Hi! Ea datorren astean zer egiten duzuen!». Normala da; jendeak bizi egiten du Reala, eta emaitzak onak ez direnean haiek ere urduri jartzen dira, ez dira gustura egoten, eta Reala sentitzen duten seinalea da hori. Jendea gainean egoten da, eta onerako izaten da gehienetan.

Lehen taldeko jokalari izan aurretik izango zenuen derbiaren berririk. Zein oroitzapen dituzu?

Tira, lehen mailan ez dut sekula jokatu derbirik, aurreko sasoiko Anoetako partidako azken bost minutuak izan ezik. Sekula ez naiz hasieratik aritu; gazte mailetan-eta bai. Beti izan da partida berezia, ederra jokatzeko, eta partida hauetarako beste motibazio bat egon ohi da. Orain, bai ni eta bai taldekideak gogo bereziarekin gaude partidarako, eta ea zer gertatzen den.

Baina zale moduan bizitakoaren oroitzapenik izango duzu.

Gogoratzen naiz behin, Kilometroak jaiarekin batera egokitu zen derbi bat. Iñigo Martinezek zelai erditik gol bat sartu zuen. Bestela, ez dut oroitzapen berezirik. Gazte mailan jokatutakoetatik bai; batean, Athleticen aurka burua ireki nuen, eta jokatzen jarraitu eta partida amaitzeko aukera izan nuen. Huraxe dut gogoan, bereziki.

Aipatu duzu aurreko sasoian ez zenuela hasieratik jokatu. Gogotsu zaude?

Bai, dudarik gabe. Bai partida honetarako, bai besteetarako. Lehen esan dut: partida hau oso berezia da Euskal Herrian, bai jendearentzat, eta bai guretzat. Oso giro ona egoten da, eta zeresan handia ematen du. Hiru puntuak lortzea da helburua.

Azken emaitzen joera iraultzeko toki aproposa da Bilbo?

Ez dakit toki egokia den. Zaila bada. San Mames beti izan da zelai zaila, eta zailtasun horiei aurre egiteko prest gaude. Entrenamenduetan prestatu dugu nola egin aurre, eta ea zerbait ona lortzen dugun.

Taldean duzun pisua handitu egin da sasoi honetan. Arlo pertsonalean, gustura al zaude egiten ari zaren jokoarekin?

Bai, orain arteko partida guztietan hasieratik jokatzen hasi naizelako. Horrek ez du ezer esan nahi. Nik oraindik 21 urte besterik ez dut, eta hau hasi besterik ez da egin niretzat. Baina ez naiz honekin konformatzen. Realean garrantzitsu izatera iritsi nahi dut, eta, horretarako, egunero jarraitu beharko dut entrenatzen, oraindik eta hobeago izateko.

Gaur ere hasieratik hasteko aukera handia duzu. Konfiantza badago zugan.

Bueno, aukerak beti daude. Ez dakit entrenatzaileak zer erabakiko duen, egunean bertan jakingo dugu hori. Ni prest nago, gogoz, eta dena emateko irrikan. Ea entrenatzaileak zer erabakitzen duen.

Zer moduz Asier Garitanorekin? Ari al zarete hark nahi duenera egokitzen?

Ari gara egokitzen. Nik beti esaten dut entrenatzaile aldaketa dagoenean egun batetik bestera ez dela aldatzen zerbait. Ideia bat dagoenean, beste batera aldatzeko denbora bat behar izaten da, eta uste dut ari garela pixkanaka berak nahi duen joko horretara egokitzen. Oraindik hobetuko dugulakoan nago.

Valentziaren aurka ondo hasi zineten, baina lesioekin erabat aldatu zen partida. Zorte txarra izaten ari zarete?

Bai, lesio aldetik ez daukagu zorterik. Halere, gaudenekin egin beharko dugu aurrera, eta ez dago aitzakiarik. Esandakoa: aurreko partidan penalti bat ere huts egin genuen, sartu izan balitz bestelako partida bat izango zen. Halere, hemen ez kulparik, ez aitzakiarik. Dagoena dago, eta guk atera beharko dugu aurrera.

Ekainean 2024. urtera arte luzatu zenuen kontratua. Luzaroan ikusten duzu zeure burua Realean?

Ezin da jakin etorkizunean zer gertatuko den. Nik, nahi, hemen egon nahi dut, zalantzarik gabe, baina ez dakigu zer gertatuko den etorkizunean. Gauzak ez badira ondo egiten, amaitu egiten dira hemen. Azpitik jendea indartsu ari da bultzatzen, eta, ez bada norberaren jokoa erakusten, hau bukatu egiten da. Borrokatu egin behar da etorkizunean hemen jarraitzeko.

Horretarako formula bakarra dago: lana, lana eta lana.

Dudarik gabe. Honaino iristeko ere formula horixe dago: lana. Zeu izaten jarraitu, hona etortzean guztia eman eta, ahal denean, aukera aprobetxatu.

Belaunaldi berri bat sartu zarete lehen taldean. Igarri duzue?

Igartzen da. Talde oso gaztea dugu. Iaz eta aurten jende asko igo da Sansetik [Reala B], eta hori ez da oso ohikoa klub batean, baina seinale ona da Realarentzat eta halako taldeentzat. Esan nahi du azpitik lan ona egiten ari dela, eta zoriontzekoa da.

Betiko lagunekin aritzeak erraztu egiten du lana?

Bai. Betidanik ezagutzen ditut, eta beste konfiantza bat ematen du. Halere, kanpotik datozenekin segituan moldatzen gara, eta haiek ere egokitzen ari dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.