Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Sugeak txoriari

2019ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Espainiako hedabide handi batean lan egiten duen adiskide kazetariak mezua jarri zidan joan den astean, Miquel Icetari BERRIAn egindako elkarrizketaren harira. Zalantza batzuk zituen, eta niregana jo zuen kazetaria eta euskalduna izanik bertan lan egingo nuela uste zuelako. Auzo-lotsa apur batez erantzun nion oker zegoela, nik ez dudala BERRIAn lan egiten, ez dudala bertan lan egin inoiz, harremana (askotarikoa) izan badut ere. Hamabostean behin izkinatxo batean agertzetik egunkari bateko langile izatera dagoen jauzia argitu behar izan nion kazetari ustez jantzi bati. Hala eta guztiz, azaldu egin nion bere okerra ahal izan nuen modurik argienean. Kontatu nion zer den BERRIA, ezezaguna zitzaion kronologia eginez derrigorrezko sorreratik gaur egunera; eta azaldu nion kazetari euskaldun guztiok ez dugula zertan han lan eginak izan, geuk ere hedabide-sorta handia dugula, nahi baino urriagoa bada ere. Harrituta geratu zen euskara hutsean diharduten irratiez, telebista-kateez, herrietako aldizkariez eta enparauez hitz egin nionean. Arrastorik ez omen zuen.

Ene adiskidea ez da ezjakina, baina ezjakintasun handia erakutsi zuen mezu horren bidez. Gaitz erdi haren hutsa soila balitz. Esango nuke, baina, bere txikian, zulo handiak uzten dituela agerian pasadizo honek: asko esaten du, gutxi esanda ere.

Adibidez, argi eta garbi uzten du espazio komunikatibo hegemonikoetatik gutxitan begiratzen diotela periferiari, eta egiten dutenean, aurreiritziz eta nagusikeriaz egiten dutela. Sugeak txoriari begira egiten dion bezala. Gutxi axola die, edo batere ez, gaztelania edo frantsesa ez den beste hizkuntzetan egiten denak, eta susmoa baino zerbait gehiago dut interes falta hori ez dela kazetaritzaren esparrura mugatzen. Espainia mailan sona handiko sari pare bat irabazi duen idazle lagun batek kontagailua omen darama, liburu-sustapeneko elkarrizketetan euskaraz zenbat idazle ote dagoen galdetzen dioten aldiak zenbatzeko: ehunetik ehun, itxura denez. Jakin nahi nuke Espainiako musika-adituen artean zenbatek aipa ditzaketen euskaraz lan egiten duten abeslariak edo taldeak. Zenbat antzerki-kritikarik ezagutzen dituzten hemen eta munduan batez bestekotik gora dauden aktoreak eta antzerki-konpainiak. Getxo Gipuzkoan kokatu duen politikariaren ateraldia «estrabagantzia» bat zela entzun nuen aurrekoan irrati bateko tertulia baten, baina duda egiten dut salbuespena baino, araua ez ote den. Sugeak txoriari begiratzen dionean, txori guztiak bat eta bakarra direla uste izango du, ez ditu bereiziko, berdin zaiolako.

Bitartean, baina, geu gara maiz, Bernardo Atxagaren kontakizunean bezala, sugearen begiradapean itsutu egiten den txoria. Gogoratzen duzu, irakurle, nola hasten zen ipuina? «Sugeak txoriari begiratzen dionean, txoria itsutu egiten da, eta ordura arte begien bistan eduki duen munduaren zati laburra —zuhaitz batzuk, bizpahiru teilatu, bidea, zeruaren urdina— ezkutatu egiten zaio bat-batean». Gogoratzen duzu, irakurle, nola amaitzen den?

Datua ezagutu nahi duenari ez zaio asko kostako jakitea zein diren gurean gehien kontsumitzen diren telebista-kateak, eta ez dut uste batere harrituko garenik ikustean nongoak diren, eta zein hizkuntzatan diharduten. Beste horrenbeste egin daiteke literatura edo musika-kontsumoaren datuekin, eta igualtsua izango da emaitza.

Hutsa, baina, ez datza soilik «handiaren» begiratzeko moduan: hangoen eta hemengoen artean desoreka handia badago, guk geuk ere badugu zer esana eta elkarri zer aitortua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.