Maddi Zubeldia.
ARKUPEAN

Eskubideak eta iritziak

2019ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Duela gutxi Madrilen iragan den abortuaren eskubidearen aurkako manifestaldi jendetsuak gogoetatxo bat eramateko aukera eskaini dit.

Oroitzen naiz 80ko hamarkadan abortuaren aurkako komandoak indartsu zebiltzala frantziar estatuan. Horietako batzuek Pariseko ospitaleen aitzinean plantatzen ziren hilabetean behin, SOS Tout-Petits elkarteak deiturik, arima galduen alde otoitz egitearren omen.

Ekintza gogorragorik ere burutu izan dute delako komandoek, hala nola abortuak egiten ari ziren bitartean ebakuntza gelara sartzen baitziren oihuka eta bortizki, geldiarazi nahian, edota klinikan sartzen eta abortuak egiten zituzten ginekologoen izen-deiturak oihukatzen zituzten, hiltzaile deiturik. Larderiarako irudimen eskasik ez dago.

Oroitzen naiz eskubide berriaren urratze saiakera haiek zein gaizki hartzen genituen guk, zenbat eztabaida elikatu behar izan genuen, zenbat argudio, legea onartua izanik ere, eta gogoan dut oraindik «eskubidea ez da eginbeharra» erantzuten geniela lege horrek zernahi gehiegikeria eraginen zuela uste zutenei, abortuak kontrazepzioa ordezkatuko zuela aurreikusten zutenei, alegia.

Abortatzeko eskubidea defendatzen genuen orduan eta baita gaur ere. Eskubidea ez da eginbeharra. Berdin pentsatzen dut gaur ere.

Aurtengo gertakari batek, haatik, zer pentsatua eman dit, Angelun Miss Côte basque lehiaketa zela-eta antolatua zen ekitaldia oztopatzera joan baita talde feminista bat. Oholtzara igo eta megafonotik beren mezua zabaldu nahi izan dute emakumeek, baina antolatzaileek berehala kanporatu dituzte. Bortizki. Kanpoan segitu dute mezua oihukatzen Miss Eme 2019 behiz eta zaldiz apainduriko pankarta erakutsiz, eta parodia eginez:

«Lehenik eta behin zorionak lehiaketaren fase honetaraino iritsi diren hautagaiei; ez ditu honaino ekarri daukaten gaitasun intelektualak, ez jakin-minak zein dohain handiek, ezta nortasunak ere; gizonezkoei hankartekoa tentetzeagatik daude hemen. Eskertzen ditugufisikoaren neurketa onartzeagatik, salgaiak, menderatutako objektuak balira bezala».

Ondoko egunetan lagunartean komentatzen hasi eta erantzun desberdinak jaso nituen. Interesgarria da zehaztea mahai inguruan lau emakume ginela, belaunaldi desberdinetakoak, eta elkarte jendea, denak alor desberdinetan militanteak. Bi ginen gertakizuna umorez harturik, batez ere miss-gaien postura izoztuaren ondoan aldarrikapena egitera zetozenak jauzika, oholtza batetik bestera zeharkatzen ari baitziren, konplize ditut kantua igortzearekin batera, kontraste komikoa sortuz, gure ederrek figura hori ezin izan baitzuten aurretik errepikatu beraien koreografia tetelean!

Emakumearen irudiaren erabilpena inkontziente kolektiboan sartua denez, honelako ekintzek gogoetarako balio dutela argudiatzen genuen.

Beste biak ez ziren gurekin arrunt ados. Missen lehiaketa horiek gorroto dituzte (guk bezalaxe), baina norberak bere gorputzarekin zer egin erabakitzeko askatasuna duela ezinbestekoa izaki, ez zaie ongi iruditu hara trabatzera joan izana. Aurkako efektua eragin duela, eta aldarrikapena baino probokazioa izan dela zioten. Zertan trabatzen gaitu gu Missen lehiaketetan batzuek parte hartu nahi izateak? Ez ditu inork behartzen, eta, baldintzatuta badaude ere, hemen, gutako inor ez da gogo moldaketatik kanpo gelditzen, nahi eta nahi ez!

Batek gehitu zuen: oroitzen naiz Irungo alardean kantinerak nola begiratzen nituen, eta zein harrotasunez hartuko nukeen neuk ere ohorea suertatu izan balitzait! Gaur beste begiez ikusten dut, noski, baina agian horregatik ez dut lortzen miss horiek erabat gaitzestea.

Biharamunean, gizonezko bati hauxe entzun nion: «TVPIn erakutsi dituzte Miss côte basqueko hautagaiak: aurtengo uzta, zinez itsusia!»

Emakumeok, badugu lan...
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.