Maddi Zubeldia.
ARKUPEAN

Non cantabo

2019ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Joan den ostiralean Donibaneko elizan hango abesbatzaren 40. urtemuga kari eskainia zen kontzertua entzuten egon nintzen. Gizon abesbatza ezaguna da herrian, eta gai anitzeko errepertorioa eman ohi du. Ostiralean, aldiz, harritu nintzen kantuen erdiak elizakoak izanik. Gero azaldu zidaten zergatia...

Euskal Herrian, tradizioz edo ohituraz, elizetan kantaldiak eman izan dira, 70eko hamarkadatik aitzina behintzat. Oroitzen naiz gose grebak aterpetzeko babes lekuak ere izan direla behar izan denean, eta euskal kantagintzarentzat biltoki ere bai.

Ohitura horrekin bat egitearren edo, Donibaneko abesbatzak udako kontzertuetan euskal kantari ugari gonbidatu izan duberrogei urteotan denon plazerarentzat, eta, bide batez, kanpotik zetorren turistari tokiko bertako kulturari hurbiltzeko parada eskaini dio, euskaraz aurkezturik, hemen kultura bat bizirik dagoela ohartzeko beharbada, piper gorriaz eta hondartzaz gain besterik ere badagoela, alegia.

Ipar Euskal Herriko elizetan kantatzen ikusi ditudan artisten zerrenda etorri zait gogora: Benito, Mikel Laboa, eta azken urteotan Mikel Markezetik Patxi Saizera, Kalakan eta beste hainbeste talde eta bakarlari entzuteko parada ukan dugu.

Duela gutxi Lertxundik Sud-Ouest egunkariari emaniko elkarrizketan aipatu du nola hasi zen duela berrogei bat urte elizetan kantatzen.

Kazetariak galdetu diolarik «Zer oroitzapen duzu Iparraldeko kontzertuez?», Benitok honela erantzun dio: «Oroitzapen zoragarriak. Plaza batean, frontoi batean, kanpoan di-da batean muntatutako oholtzak... eta maiz euria hasten zuela. Ez zen baitezpada atsegina. Horrela hasi nintzen izarrarena egiten, gela itxietan jotzea eskatuz, ez baitzen ohikoa duela berrogei urte. Ondorioz, elizetan kontzertuak ematen lehenetakoa izan naiz».

Geroztik, ohituretan sartu da Ipar Euskal Herrian, gela egokirik ez izaki-eta, elizetan kantaldiak antolatzearena.

Peio eta Pantxoatik hasita, Martikorena zein Aire ahizpak, Anje Duhalde eta hainbat eta hainbat talde eta bakarlari entzun ahal izan da elizetan.

Ba lagunok, badirudi hau iraganean erabiltzen hasi beharko dugula, kostalde honetan hasteko, Donibane Lohitzuneko erretoreak neurri berriak hartu baititu, hala nola elizan kantatu ahal izateko, artistaren edo taldearen errepertorioaren erdiak elizako kantuez osatua izan beharko baitu. Eta kantaldian bi taldek parte hartzen badu, bakoitzak du bere egitarauaren erdia kantu sakratuz osatu beharko. Horrez gain, sarrera kobratzen bada, 500 euroko forfaita ordaindu beharko da gastuen estaltzeko. In business caritas.

Donibaneko elizaren ospea omen da (pentsa ezazue, Luis XIV.a han ezkondu baitzen...) eta monumentuaren dotorezia neurriak zorroztea justifikatzen dutena. Halere, ez da ahantzi behar Ipar Euskal Herriko elizak, hau da, eraikinak herriaren edo estatuaren jabetza direla, eta ez elizarenak. Ondorioz, konponketak edo behar direnean, denon zergekin ordaintzen dira, eta horretan sinestun ala heretiko izateak garrantzirik ez du...

Tratu okerragorik izan zitekeen elizarentzat 1907ko hitzarmenaren bitartez adostu zenekoa, non zehaztua baita erabilera bertako erretoreak duela erabakitzen, eta berak baizik ez. Horrela, beraz, tokiaren araberan,apaizaren sentsibilitatearen araberan, eta gero eta gehiago Baionako apezpikuaren joerarenarabera, elizak kantaldiak onartuko ditu... ala ez, kantuen kopuruaren erdia horrela finkatzea artista herrikoiei ateak ixteko era hipokrita besterik ez baita.

Lekuari errespetua zor zaiola dudarik ez; baina hor zentsura da gertatzen ari dena, eta husten ari diren elizak estremistek badakigu nola beteko dituzten...%50a ez baitiote euskararen erabilerari aplikatuko ezta tokiko kulturaren errespetuari ere. Amen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.