Joseba Zaldua. Realeko jokalaria

«Ezin gara lokartu. Oso gutxirekin min handia egiten dute»

Zalduak uste du Atletico Madrilen aurkako partida «zaila» izango dela, baina zaleen laguntzarekin hiru puntuak eskuratzeko aukerak dituztelakoan dago.

JON URBE / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
2019ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Joseba Zalduari (Donostia, 1992) nabari zaio Realeko jokalariek aste berezia igaro dutela. Galdetu gabe, bizpahiru aldiz ekarri du gogora txuri-urdinek zelai berria estreinatuko dutela gaur arratsaldean. Ez da gutxiagorako; Reale Arenan entrenatu dira asteon, eta ikusi dute «izugarri polita» dela. Halere, lehengo izenez deitzen dio estadioari. Unean-unean akordatu, eta zuzendu egiten du: «Reale da orain. Arraroa egiten zait». Astebete lehiatu gabe egon ostean, ordea, Atletico Madrilen aurkako partidan du burua: «Ondo estreinatu nahi dugu».

Astebete geldirik eman ondoren, ligari berrekingo diozue gaur. Prest?

Bai. Derbiaren oondoren, mesede egin digu apur bat geratzeak, deskonektatzeko. Aurreko astean hasi ginen lanean asteburu honi begirakoak lantzen, eta asteazkenerako guztiok ari ginen entrenatzen, selekzioekin zeudenak itzulita. Etxe berria estreinatzear gaude, eta espero dugu ahalik eta ondoena egitea.

Aipatu duzu itzuli direla selekzioekin egondakoak. Osorik etorri al dira guztiak?

Bai, sano itzuli dira. Prest gaude guztiok partidarako, eta hori ona da. Barne lehia areagotzen du taldean, eta ondo dator pertsonalki, eta taldea indartsuago egoteko. Oso positiboa da.

Ondo etorri omen zaizue atsedena, baina garratza ere izan behar du derbiaren gisako partida bat galdu ostean bi astez lehiatu gabe egon behar izateak.

Hori da. Halako geldialdiak daudenean ez dakizu noiz egin diezazukeen mesede, eta noiz ez. Irabazten ari zarenean, agian, nahiago duzu segitzea, eta, galdutakoan, ez dator gaizki pixka bat geratzea. Azkenean, aurrez finkatuta daude geldialdiak, eta, batzuetan, irabazi ostean etorriko dira, eta, besteetan, porroten ondoren. Berdin du horrek; garrantzitsuena gurean pentsatzea da, gure lana ahalik eta hobekiena egiten, eta horretan igaro ditugu bi asteak.

Lehendabiziko hiru jardunaldietan garaipen bat, berdinketa bat, eta porrot bat. Zer hausnarketaegiten duzu orain artekoaz?

Ez da erraza etxetik kanpo hasi eta lehen hiru partidak kanpoan jokatzea. Iragan denbroaldian ere berdina gertatu zitzaigun. Pena bat da azken partidan, derbian, ekarri genuen emaitza, baina uste dut orokorrean taldean ondo ari dela lanean. Denboraldi-aurre ona egin dugu, eta uste dut bide honetatik ondo goazela, eta horrela segi behar dugula.

Bideaz ari zara. Jokalari asko eta Imanol Alguacil entrenatzaile aurrez zeuden, baina berriak ere iritsi dira. Taldeak denbora behar du aldaketetara egokitzeko?

Bai, argi dago hori. Beti pentsatzen dugu erraza dela talde batean lau edo bost pertsona berri sartzea, eta kontzeptuak segituan hartzea nahi dugu, guztiok berehala elkar ezagutzea. Hori oso zaila da. Bizitzako arlo guztietan bezala, gauza bakoitzak bere prozesua bete behar du, baita futbolean ere. Behar dugu berriek gu ezagutzea, eta guk haiek ezagutzea. Uste dut ondo ari garela prozesu horretan, eta hori da garrantzitsuena.

Taldeak zertzelada onak eman ditu zelaian. Iruditzen al zaizu Realak uste baino puntu gutxiago pilatu dituela lehen hiru jardunaldietan?

Tira, bagenekien lehen partida, Valentziaren aurkakoa, oso zaila izango zela. Mestallan jokatzea beti da hala, eta zaila da puntuak lortzen. Nire ustez oso partida ona egin genuen, guk eraman genuen neurketaren pisua. Baloia izan genuen, eta baita aukerak ere. Haiek gauza gutxirekin arrisku asko sortzen dute; horregatik, puntu hura positibotzat hartu behar da. Mallorcan, berriz, Bigarren Mailatik zetozen, dinamika oso on batean. Etxeko azken hamasei partidetan porrotik jaso gabeka ziren, eta irabazi egin genuen. Derbiak berriz ezberdinak dira; berdin du dinamika onean edo txarrean heltzen zaren. Partida bereziak dira. Bederatzitik lau puntu eskuratu ditugu; beti gehiago nahi izaten dugu, baina ikusita hiru partidak etxetik kanpora zirela eta zein hiru arerio ziren, ontzat eman behar ditugu.

Hurrengo partidak garrantzitsuak izango dira sailkapenean finkatzeko.

Orain lau edo bost partida ditugu hurrengo geldialdira arte. Saiatu beharra dugu gure jokoa egiten, eta, maila onenetik gertu bagaude, etorriko dira emaitzak. Hori da helburua.

Gaur, Atletico Madril. Zer landu duzue geldialdian?

Badakigu haien jokoa nolakoaden. Ez da baloiaren jabetza nahi duen talde bat, beste era batera jokatzen du. Oso ondo jokatzen dute, halere, eta zaila da haien aurka aritzea. Askotan, baloiaren jabetza zuri uzten dizute, eta badirudi eroso zaudela, baina haiek ere eroso egoten dira egoera horretan, eta aukera batekin partida irabazteko gai dira. Oso zaila izango da gaurkoa; gure aukerak baliatu beharko ditugu irabazteko. 90 minutuetan oso kontzentratuta egon beharko dugu, kontraerasoan oso arriskutsuak baitira.

Agian, Atletico Madril nondik atera daitekeen igartzea da zailena?

Bai. Jokatzeko era asko dituzte, eta horri aurre egitea zaila da. Baina gure etxean jokatzen dugu, gure zaleen aurrean, eta hori garrantzitsua izango da aurten. Anoetan indartsu izaten saiatu behar dugu.

Hiru partida etxetik urrun jokatu ostean, etxera egoera berri honetan itzultzea ere gustagarria izango da zuentzat.

Argi dago beti dela pizgarria etxean jokatzea. Zure jendearen aurrean aritzen zara, eta, orain dugun estadioarekin, oraindik eta gehiago. Gogo eta ilusio handia dugu; ea estreinaldi ona ematen diogun estadio berriari.

Aurpegian nabaritzen zaizu ilusioa duzula.

Bai, pertsonalki bai. Beti esan izan dut: donostiarra naiz, eta txikitatik realzalea. Amets bat da hemen egotea, eta ederra da Anoeta zaharretik berrirako prozesu guzti hau barrutik bizitzea. Ilusio handia egiten dit.

Liderra dator, larunbatean, estreinaldiko egunean. Zaleentzat ere pizgarria izan liteke. Giro ona espero duzu?

Baietz espero dut. Gure zaleen babesarekin erosoago sentitzen gara. Gaur, lehen partida da, eta zaleak gurekin bat egongo da. Denon artean lortuko dugu.

Nola egin dakioke min Atletico Madrili?

Segundo batez ere ezin gara lokartu. Oso gutxirekin min handia egin dezakete. Garrantzitsuena kontzentratuta egotea izango da; jokalari oso onak dituzte, eta talde bat izatea gakoa da. Une txarrak igaro beharko ditugu, baina golik sartzen ez baldin badigute, ziur irabazteko aukera gehiago izango ditugula gero.

Arlo pertsonalean, ligako partidak ia osorik jokatzen hasi duzu sasoia. Nola aurkitu zara zelaian?

Ondo. Oraingoz, entrenatzaileak niregan konfiantza jarria du, eta iragan sasoian ere partida asko jokatzea lortu nuen. Niretzat, garrantzitsua da hori. Beti esan izan dut, nere izaerarengatik-edo, partida batzuk behar ditudala nire sasoirik onenean egoteko, eta prozesu horretan nago oraintxe. Egunetik egunera hobeto aurkitzen naiz. Horretarako entrenatzen garaegunero, eta horretan ari gara lanean. Horrela segitzea da asmoa.

Alde horretatik, ezinbestekoa da jarraitutasuna edukitzea, eta lesioak barkatu egin behar zaituztete. Joan den denboraldian izan zenituen zenbait. Zer moduz zaude horri dagokionez?

Sasoi onean nago. Beti dago zerbait, baina eguneroko gauzak dira. Futbolaren kontuak. Gogotsu nago, eta taldea ere halaxe dago. Gauzak ondo joatea espero dut.

Gogoa bai, baina non ibiltzea espero duzue sailkapenean?

Ahalik eta goiena. Taldea gazte gara, baina horrek ere laguntzen du. Jendeak duen maila hori erakutsi nahi du. Lehen taldean tokia duela erakusteko grina da. Agian, esperientzia aldetik puntutxo bat falta zaigu, baina gaztetasunaren ilusioa dugu, eta hori ere abantaila da. Gauzak hobeto edo okerrago atera daitezke, baina gogoa baldin badago, lana egiten da, eta horrek gosea pizten du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.