Zaldunaren arrastoan

Walter Scott idazle eskoziarra poesia sortzen hasi zen, baina, inprentan zituen diru galerengatik, eleberri historikoei ekin zien. Generoaren asmatzailetzat daukate egun. 250 urte dira jaio zela.

Walter Scott idazlea, 1822ko erretratu batean. BERRIA.
amaia igartua aristondo
2021eko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
Arku mardul ugaritan bermatuta altxatzen da dorre gotikoa, Edinburgoko Printzeen kaleko lorategian. Inguruko gune lauak are gehiago nabarmentzen du monumentu iluna, 60 bat metro garai dena. Walter Scott idazlearen (Edinburgo, 1771-Abbotsford, Eskozia, 1832) omenezko lana da, hura hil eta gutxira abiatutako lehiaketa baten emaitza. Oinarrian dago Scott bera, eskultura diskretu batean betikotua, luma eta papera eskuetan eta Maida txakurra aldamenean dituela. Herenegun bete ziren 250 urte Scott jaio zenetik: garaiko sona kendu diote hamarkadek, baina, era berean, ezabaezin bilakatu dute hark literaturaren historian utzitako lorratza.

Idazle erromantikoa izanagatik, viktoriar aroan miretsia izan zen Scotten lana, gehien irakurritako idazleetako bat izan baitzen garai hartan. Eleberri historikoak eta poesia jorratu zituen gehienbat, eta editore ere aritu zen, jardun horretan zorte gutxiago izan zuen arren. Autore oso oparoa izan zen, eta, aldi berean, zuzenbidean ere egin zuen karrera, abokatu eta epaile gisara.

Bi urte bete baino lehen pairatu zuen poliomielitisaren ondorioz, herren geratu zen, eta hiritik kanpo eraman zuten osasuna hobetzeko, Sandyknowera, aitona-amonen baserrira. Egonaldiak haren jardun artistikoa baldintzatuko zuen, hein batean: izan ere, garai hartan ezagutu zituen zenbait lanetako dialektoa eta hainbatetan erabili zituen ipuin eta kondairetako asko. Zuzenbidearen bidea hartu zuen lehenik eta behin, eta, handik gutxira, idazten hasi zen, 25 urterekin: testuak alemanetik itzultzen aurrena, bertsioak egiten hurrena, eta obra propioak ontzen azkenik: 1802an, The Minstrelsy of the Scottish Border balada bilduma argitaratu zuen.

Olerkigintzaren bidetik murgildu zen sorkuntza literarioan, eta hasierako ahapaldi horietan jada erakutsi zuen historiarekiko zuen interesa. Inprenta bat sortu, eta beste hainbat poesia liburu publikatu zituen hurrengo urteetan, 1805eko The Lay of the Last Minstrel-ekin hasita. Ia hamarkada bat geroago, eleberriak idazteari ekin zion, inprentak zituen arazo ekonomikoentzako konponbidea izango zirelakoan.

Eleberri historikoaren aita

Scotten olerkiek ere entzutea izan zuten arren, nobela historikoaren idazle gisara gogoratua da, eta, areago, generoaren sortzailetzat ere badaukate. Gyorgy Lukacs ikertzailearentzat mugarri bat da idazle eskoziarra, haren aurretik nobela historikoaren traza izan zezaketen lanak eginagatik ere, horietan faktore historikoak ez baitu Scotten obretan duen erabateko garrantziarik. Der historische Roman liburuan azaltzen duenez, aurreko eredu horietan historia «azaletik» jorratuta dago, helburua ez baita garai jakin bat leialtasunez agertzea. Hala, nahiz eta iraganean girotuak egon, pertsonaien psikologia eta ohiturak garaikideak dira, ikerlariaren arabera. Aitzitik, Scotten kontakizunak eta pertsonaiak erabat egokitzen zaizkio testuinguruari.

Azalpena oinarri hartuta, beraz, Waverley da inoizko lehen eleberri historikoa. 1814an argitaratu zen, eta 1740. hamarkadan girotuta dago nobela. Eskoziarren eta ingelesen arteko gerrez dihardu: Hannover dinastiak agintzen zuen bi eskualdeetan, baina eskoziar asko agertu ziren Estuardo dinastiaren alde, eta horrek eragin zuen gatazka. Obrako protagonistak, Waverlyk, batzuen zein besteen aldekoak diren senideak ditu, eta, horrenbestez, bi alderdien artean egongo da, eta ingelesekin eta eskoziarrekin borrokatuko da.

Nabarmen egiten du atzera denboran Scottek bere obrarik famatuenean, Ivanhoe-n (1819). Zehazki, XII. mendearen amaieran girotuta dago kontakizuna, eta izen bereko zalduna du protagonista, Wilfred Ivanhoe. Familia saxoi batekoa da, baina normandiarren alde egingo du Ivanhoek; horren ondorioz, aitarekin zuen harremana hautsi egingo da. Rikardo Lehoibihotzak gidatutako Hirugarren Gurutzadan borrokatuko da. Egitasmoaren porrotaren ondotik, erregea Austrian atxilo dagoela zabalduko da Ingalaterran. Egoera hori tronua bereganatzeko aprobetxatuko du gerora Joan I.a Ingalaterrakoa izango denak, Rikardoren anaia txikiak. Alabaina, Lehoibihotza itzuli egingo da, eta, Ivanhoeren laguntzarekin, boterea berreskuratzen saiatuko da.

Momentu horretan hasten da, hain justu, Scotten liburuaren trama: 1194an, Rikardoren itzulerarekin. Hortik aurrera, Ivanhoek erronka andana bat gainditu beharko du bere helburua lortzeko bidean: duelu bat izango du, gaztelu batean sartu behar izango da, zauritu egingo dute, baita atxilotu ere, eta Robin Hoodek askatuko du. Bitartean, bi emakumek gorteatuko dute: Yorkeko Rebeccak eta Rowena aristokratak.

Ivanhoe argitaratu eta urte gutxira, baronet titulua eman zion koroa britainiarrak idazleari, baina, garai horretan bertan, arazo ekonomikoak itzuli ziren inprentara. Orduko hartan bere gain hartutako zorrak Scott hil eta gero kitatuko zituzten oinordekoek, haren liburuen salmentei esker.

Johann Wolfgang von Goethe eta Alessandro Manzoni garaikideek laudatu zuten idazle eskoziarra, eta gerora hainbat idazlek aitortu dute Scotten eragina, hala nola Honore de Balzacek eta Robert Louis Stevensonek. Gustave Flaubertek, esaterako, Madame Bovary-n aipatu zuen (Ibaizabal, 1993; Patxi Apalategik itzulia), Scotten The Bride of Lammermoor kontakizunean oinarritutako pieza bat kantatzen baitu Edgar Lagardy tenore miarriztarrak, eta, hala, Bovary andreari igarotako garaiak gogorarazi: «Berriro bere gaztaroko irakurketetan kausitzen zen, Walter Scottenean bete-betean. Entzuten ari zela iruditzen zitzaion, lainotan barrena, kornamusa eskoziarren doinua txilarretan errepikatzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.