Lau eta erdiko finala

Aitzakiarik gabeko hautaketa

Altuna III.a eta Laso konforme azaldu dira finaleko pilotekin. Molde oso antzekoak aukeratu dituzte bi pilotariek, eskuan «ondo» sartzen diren horietakoak. Amezketakoa da faborito argia: 100-40ri

Jokin Altuna eta Unai Laso iganderako aukeratutako pilotekin, atzo, Bizkaia frontoian. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Mikel. O. Iribar
Bilbo
2021eko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Urruti geratu da pilota aukeraketak sortu izan ohi zuen txinparta eta harrabotsa. Edonola ere, Jokin Altunak eta Unai Lasok euren eskuetatik emango diete pilotei nahiko gatza eta piper igandeko lau eta erdiko finalean. Atzo aukeratu zuten materiala, Bizkaia frontoian, eta bi pilotariak «gustura eta konforme» agertu ziren topatu zituzten pilotekin. Adierazi zuten «oso antzekoak» direla, eta bai batak zein besteak guztien gainetik ezaugarri bat nabarmendu zuten: eskuan ondo sartzen diren pilotak direla. «Ez dago aitzakiarik».

Altuna III.a izan zen aukeratzenlehena. Sei minutu inguru behar izan zituen bi pilotak aukeratzeko; denetan astunena hautatu zuen. Profesionaletan jokatuko duen bederatzigarren finala da, seigarrena jarraian lau eta erdian. Faborito izateak ez du kezkatzen. «Esperientzia alde izango dut. Baina final guztiak desberdinak dira, eta aurkariak ere bai». Umiltasunez helduko dio finalari. «Kontziente naiz ordubeteko jarduna izango dela, eta dena eman beharko dudala».

Fisikoki eta mentalki ondo dago. «Alde emozionalak garrantzi handia izango du, berriro ere publikoarekin jokatuko baitugu finala. Lasai egon behar dugu». Lasoren inguruan honako hau adierazi zuen Amezketakoak: «Behetik gora datorren pilotaria da, osoa. Sakean min handia egiten du, erritmo bizia ematen dio pilotari, eta errematatzaile petoa da». Anguluak bilatzen ahaleginduko da.

Estreinako finala izango da Lasorentzat. Hamar minutu eskasean aukeratu zituen pilotak. Orkatilan min zuela amaitu zuen Peio Etxeberriaren aurkako finalerdia. Baina osatu da bi aste hauetan. «Ondo nago». Onartu zuen kosta egiten ari zaiola lo hartzea egun hauetan. «Baina normala da. Azken batean, lehen finala dut». Helburu argiarekin irtengo da kantxara Laso: «Gozatu egin nahi dut guztiaren gainetik». Bizkarreta-Gerendiaingoak ere Altuna III.a jotzen du faborito; apustuak 100-40ri aterako dira amezketarraren alde.

Baina zer egin behar du Lasok irabazteko aukera izateko? «Pilotari ahalik eta abiadura handiena eman behar diot, eta sakea dudanean, nire aukerak baliatu. Garrantzitsua izango da baita ere hasieratik kantxaren erdia menderatzea. Altunari aurrean aukera gutxi ematea, ez baitu barkatzen». Finala publikoarekin jokatzea gustuko du. «Atsegin dut zarata hori; motibatu egiten nau». Hain justu, 600 sarrera inguru geratzen dira saltzeko oraindik; ia erdiak, 100 eurokoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.