Lau eta Erdiko Txapelketa

Frontoiak emango du zeresana

Ezkurdia eta Altuna III.a konforme azaldu dira finaleko pilotekin. Molde ezberdinekoak hautatu dituzte. Bi pilotariak kexu dira ezin izan dutelako Nafarroa Arenan nahi bezain bertze entrenatu

Joseba Ezkurdia eta Jokin Altuna iganderako aukeratutako pilotekin, atzo, Nafarroa Arenan. IÑIGO URIZ / FOKU.
Ainhoa Larretxea Agirre.
Iruñea
2019ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Eguerdiko hamabietarako jarria zegoen hitzordua, eta ordurako jende andana bildua zen Iruñeko Nafarroa Arenako kanpoaldean. Han jokatuko dute Lau eta Erdiko Txapelketako finala Jokin Altunak eta Joseba Ezkurdiak, igandean, eta atzo egin zuten materialaren aukeraketa. Bata zein bertzea pozik azaldu zen saskian aurkitutako pilotekin.

Ezkurdia izan zen lehena pilotak probatzen. Ezzuen aitzakiarik jarri. Altuna III.ak baino pilota biziagoak hartu zituen. Hala ere, denetan biziena saskian utzi zuen arbizuarrak: «Gustura nago. Pilota onak dira, ibiltzeko zailak».

Altuna III.ak, berriz, bortz minutuan aukeratu zituen pilotak: «Material ona da. Ezkurdiaren pilotak biziagoak dira. Nireak gehiago dira jokatzekoak. Haren pilotekin ere ez dut arazorik».

Ezker pareta eta zoru bizia ditu Nafarroa Arenako pilotalekuak. Pilota partida gutxi jokatu dira bertan, eta pilotariak oraindik ohitu gabe daude haren berezitasunetara. «Ezker hormak beldurra ematen du. Oso adi egon behar da», esan zuen Ezkurdiak. «Ezker paretan pilota kanpora ateratzen da; asko nabaritzen da», adierazi zuen Altuna III.ak. Frontisaren berezitasunak ere nabarmendu zituen amezketarrak: «Irregularra da. Pilotak gora ateratzeko joera dauka». Biek azpimarratu zuten finala jokatzeko pilotalekua ezagutu beharra dagoela, eta, horregatik, kexu azaldu ziren Nafarroa Arenan nahi baino gutxiago entrenatu direlako.

Pilotalekuaren ezaugarrietara ongi egokitzea izango da irabazteko gakoetako bat. Bigarrena, berriz, nork bere erritmoa markatzea. «Abiadurarik gabe irabaztea ezinezkoa da. Jokoaren ekimena hartu behar da. Partida zaila izango da», zioen Altuna III.ak. Iritzi berekoa zen Ezkurdia. «Erritmoa jartzea izango da partida irabazteko gakoa. Nire erritmoa jartzen badut, zaila izango du irabaztea».

Ezkurdia da egungo txapelduna, baina Altuna III.a da faboritoa. Horri garrantzia kentzen saiatu zen amezketarra: «Niretzat bera da faboritoa. Garai onean dago, eta aurkari arriskutsua da». Ezkurdiak ere esan zuen Altuna III.a garai «oso onean» dagoela, eta final «gogorra» aurreikusi zuen. Biek irabazi dute txapela lau eta erdian: Altuna III.ak, 2018an, eta Ezkurdiak, iaz. Ikusmina piztu du partidak, eta ia sarrera guztiak saldu dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.