Arrauna

«Burua da funtsezkoa»

Euskotren ligan jarraitu nahi du Hondarribiak, eta horra igo Hibaikak eta Zumaiak. Asteburuan dute kanporaketa, eta batentzat izango da saria. Garbi dute nork bere burua menderatzea dela gakoa.

Hondarribia, Hibaika eta Zumaia, ahalegin betean, aurtengo udan. ANDONI CANELLADA-JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2019ko irailaren 13a
00:00
Entzun

Bete-beteko bi estropada izango dituzte asteburuan Hondarribiako, Hibaikako eta Zumaiako emakumezko arraunlariek: Euskotren ligako kanporaketa. Bihar Bermeon (Bizkaia) eta etzi Portugaleten (Bizkaia), datorren urtean liga nagusian zein talde ariko den jokatuko dute hirurek, eta batek bakarrik izango du saria.

Hondarribia oraindik Euskotren ligako taldea da, eta leku hori defendatzera aterako da. Aldiz, Hibaika eta Zumaia ETE ligan dabiltza; lehen biak izan dira, hurrenkera horretan, eta Hondarribiaren lekua hartu nahi dute. Bi estropadak erlojuaren aurka jokatuko dira.



Eman lezake aditzera Hondarribia dabilela estu eta larri, Euskotren ligako azkena izan delako, baina Miren Idarreta arraunlariak azaldu du justu kontrako aldartearekin ekingo diotela lanari: «Konfiantza aldetik udako garai gozoenean gaude». Kontxako Banderan egindako lana dago indar azalpen horren oinarrian: «Bigarren igandean, bigarren izan ginen, Arraun Lagunak atzean utzita, eta, oro har, bi jardunaldietan lan ona egin dugu». Ligako azkeneko zatian lorturikoari eta lortu ezin zutenari lotu dio Donostiakoa: «Ligako azken estropadetan, gai izan ginen lehen luzean Orio eta Arraunengandik gertu ibiltzeko, eta egoera ona zen guretzat, baina bueltako luzean ez genuen asmatzen gero. Kontxako bigarren jardunaldian, berriz, oso ondo joan ginen, etorri ere berdin, eta ikusi dugu gai garela estropada oso bat egiteko». Udan bizi izandakoari buelta eman diotela gehitu du: «Ligan atzean ibiltzeak konfiantza ahuldu zigun, baina lortu dugu berriz ere topera egotea».

June Mikeo Hibaikako arraunlariak ere antzera ikusten du bere taldea: «Indartsu gatoz, eta, igotzeko aukera dugunez, gogo handia daukagu. Helburutzat jarri genuen kanporaketa hau jokatzea, eta lortu dugu». Errenteriako taldeak baditu hainbat bereizgarri on, Mikeoren arabera: «Gure arraunkeran erabat sinesten dugu, eta badakigu lan ona egiten badugu alde horretatik hor ibiliko garela. Entrenatzailearengan ere konfiantza dugu, eta sendotasunez iritsiko gara bi estropada hauetara».



Gogoari heldu dio Zumaiako Aintzane Urbietak ere: «Ilusioz eta gogoz gaude. Sekulako meritua dauka egiten ari garen udak, eta, behin hemen egonda, emaitzarik onena lortzen saiatuko gara». Onartu du, hala ere, «zaila» izango dela: «Oso aurkari indartsuak dira Hondarribia eta Hibaika. Erregularragoa izan da Hibaika uda osoan, baina Hondarribiak erakutsi du gai dela itsasoan estropada oso onak egiteko».

Bakoitzak bere lana egiteari aparteko garrantzia eman diote hirurek ere: «Gako handienetako bat hori izango da», esan dute. Horretarako, ezinbestean, nork bere burua menderatu behar du, eta lan horretan daukate arreta handia jarrita: «Dena burua da», esan du argi eta garbi Idarretak. «Urduriago zein dagoen, nor lasaiago... hori dena funtsezkoa izango da, eta buruko lana da azken batean», azaldu du Mikeok. «Nork bere burua ondo menderatzea oso garrantzitsua izaten da halako estropadetan», esan du Urbietak.

Presioa elkarri pasatzen

Horrelako estropadetan, semaforoa berde jarri aurretik hasten da beti lehia. Gerra psikologikoa eragile bat gehiago izaten da estropadaren atarian, eta horretan ibili dira hirurak, presioa elkarri pasatu nahian. Idarretak ez du zehazki hori egin, baina bai gainetik kendu: «Badugu presioa, baina neurrian. Iaz, maila galdu genuen kanporaketan, eta ikusi genuen ez dela mundua bukatzen». Mikeok zuzenean aipatu du Hondarribia: «Hark du presio gehien, mailari eusteko aukera jokoan jarriko duelako. Guk ere badugu pixka bat, uda ona egin baitugu, eta Kontxan ere ondo moldatu baikara, baina handiagoa du Hondarribiak». Urbietak beste biengan jarri du presioaren zama, azalpen handirik gabe: «Haiena da presioa».

Bermeoko eremuak kezka eragiten die Idurreta eta Mikeori, «alboko olatuengatik», baina ez askorik Urbietari: «Zumaiako eremuan ere albotik jotzen du olatuak, eta hor gabiltza aste osoan entrenatzen». Erabakigarria izango ote da Bermeo? Urbietak dio «izan daitekeela».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.