Arkatzak sortu du jaia

Astelehenero biltzen dira DibujaTolRato SinParar kolektiboko kideak, kalean marrazteko. Aste Nagusian ere ez dute hutsik egiten: jaietako giroa kale eta plazetatik koadernora eramaten dute.

Bakoitzak bere tresnak eta bere teknika erabiltzen ditu. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Uxue Gutierrez Lorenzo.
Bilbo
2018ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Koadernoa eta margo kutxa hartuta, hara eta hona ibiltzen dira DibujaTolRato SinParar taldeko marrazkilariak, Bilboko kaleetan zehar. Zutik, une bakoitzean arreta erakartzen dien hura paperean jartzen dute, birritan pentsatu gabe. Norberak bere estilo, teknika eta tresnak ditu, eta bata bestearen parean jarrita, errealitate beraren hamaika ikuspegi irudikatzen dituzte. Astelehenero biltzen dira, eta oraingoan Aste Nagusia topatu dute parez pare.

Taldea orain lau urte sortu zuten Bea Apariciok eta JosuneUrrutiak, herritarrei taldeka kalean marrazteko aukera eskaintzeko asmoz. Egun, 50 laguneko taldea osatzen dute, «irekia eta autogestionatua». Bigarren belaunaldia dute jada. Gazteenak 18 urte ditu, eta helduenak, berriz, 69.

Kalean elkartzen dira, helburu bakarrarekin: marraztuz ondo pasatzea. «Marrazteko grinak batzen gaitu», azaldu du Ander Elgorriaga kolektiboko kideak. Hori bakarrik ez, zaletasuna eta konpromiso soziala uztartu guran ere badabiltza. Asmo horrek bultzatuta, astero bi orduz batzeko konpromisoa hartu zuten. «Talde irekia eta autogestionatua da», gehitu du Elgorriagak.

Atzo, astelehenero lez batu ziren, baina oraingoan Bilbok kolore desberdina zuen: txosnak, Marijaia eta festa ziren nonahi. Biltzeko bi ordu ezarri zituzten: 11:30ean eta 18:30ean. Urteko gainontzeko asteetan, arratsaldean bakarrik elkartzen dira. Neguan, ordu erdi aurreratzen dute.

Areatzako kiosko parean elkartu ondoren, lehen buelta bat eman zuten taldeko kideek zer marraztu erabaki nahian. Askapeña txosnaren aurrean igelarekin egin zuten topo. Han atera zituzten orriak, arkatzak eta akuarelak. Zutik, bakoitzak bere espazioa harturik, igelaren jolasa paperera pasatu zuten.

Igeletik Marijaiarenera

Urre koloreko boligrafoa erabili zuen Etzoze Gandariasbeitiak adi-adi jokoa ikusten ari ziren ikusleak pintatzeko. Izatez akuarelista da, eta taldearekin batera ikasi ditu teknika berriak. Alboan zuen Aiert Zubigarai; komikiarekiko zaletasuna nabari zaio, eta igelaren jokoa istorio bihurtu zuen paperean. Parte hartzaileek jaurtitako fitxek burdinazko igela edo egurra jotzen zuten gehienetan. Fitxen kolpeen soinua ere marraztu zuen Zubigaraik, arkatz markatzaile beltza baliatuz. Ikusleek liluraz begiratzen zuten, prozesu sortzailea tentuz jarraituz.

Igela atzean utzita, Marijaiarengana gerturatu ziren; Areatzaren erdian zuten zain. Ez zegoen bakarrik, ordea: argazkirako zain zeuden herritarren joan-etorria etengabea zen. Bozgorailuetatik sukaldaritza lehiaketaren aurkezleak eguneko platerra iragarri zuen: patatak saltsa berdean. Zalapartaren artean prest zituzten marrazkilariek margoak eta orriak. Isil-isilik, Marijaiari begirik kendu gabe ekin zioten lanari. Arkatz markatzaile beltza edo arkatza baliatuz, lehen zirriborroa. Kolorea, ondoren. Marijaia modu askotara irudikatu zuten. Gerritik gora hartuta, hondoa zuri, jaietako ikurraren bi bertsio marraztu zituen Zubigaraik. Bata, alaia:jantzi arrosa soinean, errealitatetik hurbil egon zitekeen irudia. Bigarrena, ostera, Batmanen etsai Jockerren antzekoa egiten saiatu zen. Aitortu zuen lagun batekin komiki baterako osatzen ari zen ideia baliatu zuela. Elgorriagak, berriz, Marijaia testuinguruan irudikatzea erabaki zuen. Kolorezbete zuen irudia: Marijaia arrosa kolorez jantzita, San Nikolas eliza eta Aixeberriren txosna laranja hondoan, eta ingurutik igarotzen ziren herritarrak, urdinez.

Hogei minutuan bukatu zuten. Ehundik gora marrazki egiten dituzte bi orduan. Ingurua behatu eta hura marraztu dute, bakoitzak berea. Ikasketa prozesutzat dute topaketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.