Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Nik salatu, Nik ikertu, Nik epaitu

2021eko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Honela mintzo da Altsasuko kasuaren harira epaitutako baten ama Amets Arzallus eta Marc Parramonen Altsasu (gau hura) dokumentalean: «Ia frogarik onartzen ez diguten epaiketa batera goaz, lekukoak baztertu dizkigute, eta epaimahaiko burua Espejel andrea da, Guardia Zibileko goi-agintari baten emaztea, bera ere Guardia Zibilak kondekoratua. Beraz, Guardia Zibilak salatu, ikertu eta epaituko gaitu». Nik salatu, Nik ikertu, Nik epaitu... Horrek segida posible bakarra zuen: Nik zigortu. Halaxe kasu honetan ere. Eta nola zigortu!

Epaituetako batek honako hau dio: «Ez dut uste epaile bat, edo fiskal bat, edo politikari bat ados dagoenik niri, adibidez, egin ez dudan zerbaitengatik, 50 urteko kartzela-zigorra ezartzearekin. Ez dut hori pentsatu nahi. Beren etxean zalantzak izango dituztela espero dut».

Dokumentalean jasotako lekukotasun argigarri ugarietako bi baino ez dira bi horiek. Lekukotasun horietan eta dokumentaleko beste askotan herritarrak gehiegikeria polizial eta judizialaren aurrean, jakinaren gainean eta larderiaz bidegabeki tratatzen duen aginte ofizial baten aurrean sentitzen duen ezintasuna geratzen da agerian.

Arzallus gidari duela, kasuaren lau urteko jarraipena egin du Parramonek dokumentalean, auziaren sorburu izan ziren 2016ko urriko istiluetatik abiatuta. Filmin plataforman dago ikusgai hilaren 22az geroztik, eta egun berean aurkeztu zuten Bartzelonako Docs jaialdian. Orain, Euskal Herrira ez ezik Europako beste leku askotara iristea espero dute egileek, eta lagungarri gertatzea zigortuei Estrasburgon izango duten borroka judizialean.

Jatorri desberdina izan arren, Altsasu telesailaren osagarri egokia da Altsasu (gau hura) dokumentala, errealitate beraren erretratu. Eta ezin ahaztu telesailari buruzko azalpenak eskatu zituela PP+C's taldeak, otsailean, Eusko Legebiltzarrerako EITBren Kontrolerako saioan; ezta orduan Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusiak esan zuena ere: Altsasu-k ez zuela jarraipenik izango, era horretako lanek «desadostasunak» eta «polarizazio politikoa» eragin ditzaketelako. Altsasu (gau hura) dokumentala ikusi eta gero, are argiagoa geratzen da zein bidegabea izan zen Eusko Legebiltzarrean Altsasu telesailari egin zitzaion epaiketa eta eman zitzaion zigorra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.