Opor egunak Euskal Herrian

Jaiegunetan Euskal Herrian barrena ibiltzeko proposamen ugari egin dituzte. Kulturari lotuak dira gehienak: Bilboko Basquefest, Luzaideko bolantak edo Gotaine-Irabarneko Xiru jaialdia, kasurako. Baionan eta Zarautzen, xingar eta garagardo azokak egingo dituzte, hurrenez hurren.

Basquefest. Hirurehundik gora ekitaldi egiongo dituzte igande bitartean, Bilbon. BILBOKO UDALA.
Maialen Unanue Irureta.
2019ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Oporrak edo jaiegunak dituztenek badute zer egina ugari hurrengo egunetan, Euskal Herriko hainbat txokotan. Bisita gidatuak eta askotariko ekintzak antolatu dituzte, baina, horiez gain, batik bat kulturari lotutako ekitaldiak izango dira nagusi hurrengo egunetan. Urrutiegi joan gabe zerbait berezia egiteko eta bide batez Euskal Herria ezagutzeko proposamen andana dago aukeran.

ARABA

Arabako eskulangileen udaberriko azoka, Gasteizen
Noiz: Astelehenera arte.
Non: Urrezko Zeledonen plazan.
Informazio gehiago: http://artisau.org/eu/

Eskulangileen Udaberriko III. Azoka ari dira egiten egunotan Gasteizen, eta astelehenera arte egongo da, Urrezko Zeledonen plazan. Dozena bat eskulangile inguruk parte hartuko du azokan, eta hiru salbu, gainontzekoak Arabakoak dira. Hainbat langintzatakoak izango dira, gainera: bitxigileak, ehungileak, larrugileak, biokosmetikalariak, lanpara egileak, zeramikagileak... Horrez gain, familian egiteko tailerrak eta bestelakoak izango dira egunero. Esaterako, bihar, Makala eta Hugo Silveiraren kontzertua izango da; etzi, telefonoentzako feltrozko zorroak egiteko tailerra emango du Marya Hermosok; igandean, berriz, pintura tailerra egingo dute, Voilarten eskutik.

BIZKAIA

Basquefest, Bilbon
Noiz: Gaurtik igandera.
Non: Hiriko hainbat txokotan.
Informazio gehiago: http://basquefest.com

Basquefest jaialdia egingo dute gaurtik igandera bitartean Bilbon. «Euskal kulturaren festa handirako» hirurehun jarduera baino gehiago antolatu dituzte, «gehienak» doan, eta hiriko hainbat lekutaraino iritsiko da: Azkuna zentroa, Kafe Antzokia, Bilborock, Areatza eta Euskal Museoa, besteak beste. Bost ataletan sailkatu izan dituzte orain arte ekitaldi guztiak: Gourmet, Kultura, Market, Musika eta Sport. Aurten, gainera, beste sail bat estreinatuko dute: Zinema. Hainbat ekitaldi izango dira, bost egunetan banatuta: gaur, Kalakan-en kontzertua; bihar, Gu Agustina emanaldia, Koldo Serraren Gernika filma, Izaro, Olatz Salvador eta Niko Etxarten kontzertuak; ostiralean, Andoni Egañaren eta Xabier Zabalaren Enkarguz saioa eta Audienceren kontzertua, eta abar.

LAPURDI

Xingar azoka, Baionan
Noiz: Bihartik igandera.
Non: Errobi ibaiaren bi aldeetan.
Informazio gehiago: https://bayonne-tourisme.com/

Itzal handiko jakia da xingarra Baionan: sor-marka eta guzti du, baita azoka propioa ere. Bihartik igandera egingo dute, Errobi ibaiaren bi aldeetan: 30 txerriki egilek egindako ehun xingar inguru dastatzeko aukera izango da; hiru onenak hautatzeko lehiaketa ere egingo dute, ohi bezala. Horrez gain, kontzertuak ere izango dira, baita kaleak girotuko dituzten musika emanaldiak ere: esaterako, jazz talderen bat arituko da egunero Xaho kaian jarriko duten agertokian. Ohi bezala, nekazariekin zuzenean hitz egiteko eta haien lanbidea ezagutzeko aukera izango da.

Idazleen Biltzarra, Saran
Noiz: Astelehenean eta asteartean.
Non: Sarako kiroldegian.
Informazio gehiago: https://otsare.jimdo.com/

Astelehenean eta asteartean egingo dute aurten Idazleen Biltzarra, Saran. Berrikuntzekin dator, gainera: bigarren eguna literaturari lotutako profesionalei zuzenduko diete. Guztira, 125 egilek, 27 argitaletxek eta 11 elkartek parte hartuko dute. Liburu aurkezpenak, mahai inguruak eta bestelakoak izango dira. Astelehenean, esaterako, Afoniak saioa emango dute Xabier Erkiziak, Arantxa Iturbek eta Lucas Rullok. Egun horretan, gainera, oroitarri bat estreinatuko du Lapurdi 1609 elkarteak Denen Etxeko parkean, 1813-1814 Napoleonen tropek eta bere etsaiek Euskal Herria nola suntsitu zuten izenekoa. Asteartean, berriz, Odisea izeneko performace artistiko literarioa emango du Pantxix Bidartek, eta, horren ostean, mahai inguru bat izango da, Nola sustatu irakurketa euskaraz? izenburupean.

NAFARROA

Bolant Eguna, Luzaiden
Noiz: Igandean.
Non: Luzaideko kaleetan.
Informazio gehiago: https://dantzan.eus/agenda/luzaide-bolant-eguna

Urtean bitan agertzen dira bolantak Luzaiden, eta igandekoa izango da bigarren aldia aurten. Txapel gorria, espartinak, atorra zuria eta kolorezko zintak bizkarrean hartuta egingo dute dantza. Goizean, Pekotxeta eta Benta auzoetara bisita egingo dute dantzariek. Bazkaldu aurretik, dantza ikuskizuna izango da Santiago plazan. Emanaldi nagusia arratsaldean izango da, Arretxe frontoian. Horren ostean, herri afaria egingo dute, eta dantzan jarraituko dute gauerditik aurrera.

ZUBEROA

Xiru festibala,Gotaine-Irabarnen
Noiz: Gaurtik igandera arte.
Non: Gotaine-Irabarnen.
Informazio gehiago: http://hebentik.blogspot.com/p/xiru-abotia.html

Urteroko musika topaketa da Gotaine-Irabarneko Xiru festibala. Euskal kultura munduko beste kulturekin eta bestelako arteekin harremanetan jartzea dute asmo, eta horixe egingo dute aurten ere. Besteak beste, Aeham Ahmad musikari palestinarra, Atharratzen bizi den Mohamad Andre kurdu siriarra eta Bernard Combi okzitaniarra gonbidatu dituzte. Gaur hasiko da festibala, Fred Zinnemanek 1964an egindako Et vint le jour de la vengeance filmaren emanaldiarekin. Ostiralean, Kabaret Berria emanaldia izango da Altzürükün: Mikel Martinezek, Dominika Rekaltek eta Hor Hor taldekoek parte hartuko dute, besteak beste. Larunbatean, Ihes Ederra gaualdia egingo dute Gotaineko kiroldegian; igandean, besteak beste, Errenteriako (Gipuzkoa) Dantzaz konpainiak Basoa obra berria emango du. Horrez gain, festibalak irauten duen egunetan, Marrazkeraz Marrazkilari Euskaldunen Topaguneko lagunak jo ta su arituko dira marrazten.

GIPUZKOA

Garagardo azoka, Zarautzen
Noiz: Gaurtik astelehenera.
Non: Munoan.
Informazio gehiago: https://www.facebook.com/GaragardoAzoka/

2000. urtean hasi zenez geroztik, urteroko zita bihurtu da Zarauzko (Gipuzkoa) garagardo azoka. Gaurtik astelehenera bitartean egingo dute, Munoa plazan; 12:00etatik 01:00era egongo da irekita, baina, gaur, lehenengo egunean, 19:00etan zabalduko dute. Kontzertuak izango dira egunero, 22:00etan, baita bestelakoak ere: ostiralean, esaterako, mus txapelketa egingo dute, eta, larunbatean, Zarauzko Kirol Elkartearen 75. urteurrena ospatzeko bazkaria egingo dute. Haur txokoa ere izango da egunero, 13:30 eta 15:30 artean, begiraleekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.