Zarzuelaren maisu nafarra

Emilio Arrieta Corera musikagileak obra oparoa sortu zuen, zarzuelak eta operak batik bat, eta Espainiako musika «modernizatzen» lagundu zuen. Bi mende bete dira jaio zenetik.

Emilio Arrieta Corera Garesko sopranoa. BERRIA.
Ane Eslava.
2021eko urriaren 20a
00:00
Entzun
Emilio Arrieta Corera (Gares, Nafarroa, 1821 - Madril, 1894) musikagilearen bizitza eta obra aztertuta, XIX. mendeko Espainiako musikaren ibilbidea berreraiki liteke, Arrietaren biografia idatzi duen Maria Encina Cortizoren arabera: «Bere bizitzako aro bakoitza aztertuz gero, uler dezakegu Espainiako musikak mende horretan izandako bilakaera, mugarri garrantzitsuenak bere biografian islatuta baitaude». Konpositoreak formakuntza zabala jaso zuen Italian, zarzuela eta opera obra oparoa sortu zuen, eta lan pedagogiko nabarmena egin zuen Madrilgo kontserbatorioan. Gaur 200 urte bete dira haren jaiotzatik.

Arrieta familia xume batean sortu zen, Garesen, baina haurra zelarik umezurtz geratu zen, eta Madrilera joan zen arrebarekin. Han musika ikasteko aukera bazen arren, Italiara joan zen, eta 1841ean Milango kontserbatorioan sartu zen. «Garai hartan, musikarientzat opera kantari gisa trebatzea zen xede nagusia; denek nahi zuten operan arrakasta izan, eta Arrieta horretarako epizentrora joan zen: La Scalarekin lotutako kontserbatoriora», azaldu du Encinak. Musikologian aditua da Encina, eta 1998an Emilio Arrieta. De la ópera a la zarzuela (Emilio Arrieta. Operatik zarzuelara) liburua idatzi zuen.

Arrietak pianoa eta harmonia ikasi zituen Milanen, eta karreraren amaieran bikaintasun saria jaso zuen bere lehen operarekin: Ildegonda. 1846an Madrilera itzuli zen, baina hango giroak ez zuen zerikusirik Milangoarekin, eta bueltatzeko aukera aztertzen hasi zen. Ordea, ezustean, Isabel II.a Espainiako erreginak kantu irakasle gisa hartu zuen, 1848an.

1849an Ildegonda obra estreinatu zuen errege antzokian, eta arrakasta izan zuen. Lanak bi edizio izan zituen, bata italiarra eta bestea espainiarra. Horren ondorioz, erreginak errege antzokiko musika zuzendari izendatu zuen. Haren enkarguz La Conquista de Granada (Granadaren konkista) obra konposatu zuen, eta 1855ean estreinatu zuen, izenburu berri batekin: Isabel la Católica (Isabel Katolikoa). Encinaren hitzetan, lehen bi obretan konposiziorako «dohain natural ikaragarria» erakutsi zuen: «Bi partitura horiek harrituta utzi ninduten: lehenengoa 24 urterekin idatzi zuen, eta benetan txundigarria da».

1851n erreginak Italiara joateko baimena eman zion Arrietari, eta Milango bigarren egonaldia bere ekoizpenak ezagutarazteko baliatu zuen. Hurrengo urtean Espainiara itzuli zen, eta Madrilen beste egoera kultural bat aurkitu zuen. Francisco Asenjo Barbieri, Joaquin Gaztanbide eta beste egile batzuen arrakastaren ondorioz, zarzuela sendotzen ari zen. Horregatik, eta Espainian operaren tokia atzerriko musikagileei eskaintzen zitzaielako, Arrieta ere zarzuela konposatzen hasi zen.

Bere lehen zarzuela, El dominó azul (Domino urdina), 1853an estreinatu zuen, arrakasta handiz. Guztira, ia ehun zarzuela idatzi zituen. Ospetsuena, sona eman ziona eta egun errepertorioetan jarraitzen duen bakarra Marina da. Zarzuela gisa konposatu zuen, eta 1855ean estreinatu. Geroago opera bihurtu zuen, eta 1871n Madrilgo errege antzokian estreinatu.

Arrietaren obraren ezaugarrien artean, Encinak honakoak nabarmendu ditu: Italiako musikaren eragina -«[Jesus] Lopez Cobosek esaten zidan [Giuseppe] Verdi gogorarazten ziola, Verdi garaikidea»-; lengoaia garaikideak bereganatzeko eta bere obretan eransteko ahalmena; eta, era berean, erritmo espainiarrak txertatzeko abilezia. «Alegia, musikari osoa zen: trebakuntza izugarria zuen, baina baita berekin jaio zen jenio txinparta hori ere».

Madrilgo kontserbatorioan

1857an Madrilgo Musika Eskola Nazionaleko konposizio irakasle izendatu zuten Arrieta, eta 1868an, iraultzaren ondoren, zuzendari. Hil arte izan zen kargu horretan, 1894ra arte. Haren gidaritzapean, kontserbatorioan aldaketa esanguratsuak izan ziren: musika irakaskuntzan aurrera egin zuten, ikasgai berriak ezarri zituzten, atzerrira ikastera joateko bekak sortu zituzten...

Arrietaren ekarpenari esker, zentroa «modernoa» bilakatu zen, adituak azaldu duenez: «Bitxia da, hark, Italiatik itzuli zenean, asko kritikatu zuelako kontserbatorioa; zaharkitua zegoela zioen, modernizatu beharra zegoela». Horregatik, Madrilgo kontserbatorioa Milan, Paris edota Bruselakoen ereduetara gerturatzen saiatu zen.

Musikagilea 1894ko otsailean hil zen, Madrilen. Encinaren ustez, haren ekarpenik esanguratsuena Espainian musikagintza «normalizatzen» laguntzea izan zen: musika modu profesionalean ikasi nahi zuen orok goi mailako zentro bat eduki zezala, espainiarrek Espainian operak estreinatzeko aukera izan zezatela... «Gauzak normalizatzea: musika kulturaren barruan sartzea».

Adituak esan duenez, Arrietak eta bere garaiko beste musikagile batzuek —hala nola Gaztanbide nafarrak— lortu zuten musikak Espainian «funtsezko rola» izatea; gerora, baina, ez dute jaso merezi zuten aitortza. «Haurrak atera daitezke eskolatik jakin gabe nortzuk ziren Arrieta, Gaztanbide, [Juan Maria] Gelbenzu, [Pablo] Sarasate, [Hilarion] Eslava... baina pertsona horiek modernitatera eraman dute musika, eta berrikuspen bat zor zaie: ezagutaraztea, balioa ematea».

Hain zuzen ere Arrieta gogoratu eta balioesteko, zenbait egitasmo antolatu dituzte aurten. Nafarroako Artxibo Orokorrak kontzertu bat antolatu zuen hilaren 14an, eta erakusketa txiki bat ere jarri du ikusgai. Baluarte Fundazioak eta Nafarroako Orkestra Sinfonikoak konpositorearen bi titulu programatu dituzte: Iruñeko Orfeoiak, AGAO abesbatzak eta bakarlari talde batek Marina interpretatu zuten atzo, Jose Miguel Perez-Sierraren gidaritzapean. Abenduaren 30ean, Oliver Diazek San Franco de Sena-ren berrestreinaldia zuzenduko du. Arrietak 1883an aurkeztu zuen estreinakoz zarzuela hori, eta ordutik ez da berriro interpretatu.

Garesen, berriz, bi hitzaldi eta kontzertu bat antolatu dituzte: gaur Jesus Etxeberria musikagileak hitz egingo du Arrietari buruz, eta ostiralean, berriz, Encinak berak. Azkenik, larunbatean Sabina Puertolas sopranoak kontzertua emango du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.