Marta Garcia
Donostiako 82. Musika Hamabostaldia. KRITIKA. Musika

Folklorearen eta izarraren dirdira

2021eko abuztuaren 3a
00:00
Entzun
Luxenburgoko Orkestra Filarmonikoa

Zuzendaria: Gustavo Gimeno. Pianoa: Yuja Wang. Egitaraua: G. Ligetiren Concert Romanesc, F. Liszten Pianorako 1. kontzertua (s. 124) eta A. Dvoraken 8. sinfonia (op. 88). Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: Abuztuak 1.

Hotsandiz hasi da 82. Donostiako Musika Hamabostaldia. Egunean zehar hiriko hainbat toki kamera eta, batez ere, abesbatza-musikaz bete duten kontzertuez gain, Kursaal auditoriumean lehen orkestra handia ikusteko hitzordua zegoen. Luxenburgoko Orkestra Filarmonikoa eta Gustavo Gimeno bere zuzendaria ezagunak bezain estimatuak dira jada jaialdiaren ohiko publikoaren artean. Igandeko kontzertuan argi geratu zen zergatik.

Gyorgy Ligetik Concert Romanesc idatzi eta lehen entseguaren ostean, 1951an, hogei urte iraungo zuen debekua ezarri zen obraren gainean, antza, galarazita zeuden hainbat disonantzia erabiltzeagatik. Sentsibilitate garaikidean arrotza zaigu folklore errumaniarrean errotuta dagoen pieza gozagarri hau subertsibotzat hartu izana, are gehiago Luxenburgoko orkestrak eskainitako interpretazioa entzuteko parada izanez gero. Allegro vivace-an perkusioaren eta piccoloaren parte hartzea, Adagio-an tronpen oihartzuna, zein Molto vivace-an dantza eta biolin bakarlaria izan ziren bikaintasunaren osagai.

Denboran ehun urte atzera, eta taula gainean noiz agertuko zain zenbait minutu itxaron ondoren, pianoaren errepertorioan birtuosismoagatik ezaguterraza den Franz Liszten Pianorako 1. kontzertua-ri ekin zion Yuja Wang txinatarrak. Kemena eta lirikotasuna modu naturalean iruteko gai, azken bi mugimenduen akrobazietan teklak otzan eta sena irmo. Gimeno lagun adimentsua izan zen, orkestraren tokiaz kontziente distira galdu gabe. XIX. mendean Liszt izan zen bezala, nazioarteko izarra da Wang, musika amaitu aurretik ere txalo zaparradak eragiten dituena; trukean F. Schuberten Gretchen am Spinnrade-ren gainean Lisztek egindako moldaketa leuna jaso zuen publikoak.

Ligetiren kontzertua orkestraren kolore aberatsen erakustaldia bihurtu ondoren, Antonin Dvoraken 8. sinfonia trinkotasunaren, orekaren eta xehetasunen etxea izan zen. Haizeak erabateko fintasunez aritu ziren Allegro con brio-an, metalak sendo azken mugimenduan. Eta, tartean, Haoxing Liang concertinoa maisu eta apal.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIAk ahotsa ematen die gizarte justu baten alde egiten duten mugimenduei. Urriaren 3a baino lehen 100 euroko ekarpena eginez gero, 'Gazako egunerokoa' liburua jasoko duzu opari.