begona del teso
EPPUR SI MUOVE

Zai, zoi, bele... Ez dugu nahi beste berorik

2020ko urriaren 9a
00:00
Entzun

Xirristi mirristi, maite ditut nik maite, gurean eta Esne Bidetik at izan diren sorgin guztiak. Sorgin benetakoak, gerrena plast. Zugarramurdikoak zein Macbethi erresuma agindu eta gero, emakumeengandik jaioa ez zenak akabatuko zuela gaztigatu zuten hiru horiek, arma, tiro, pun!

Maite baino, baga, biga, higa, inbidia diot duten ahalmenari. Ahalmen ilunari, Zure musuen sua baino. Inbidia diet benetako sorginei. Dontzeila torturatu orduko, bere odol berotan bainatzen zen Erzsebet Bathoryri ekaitzak menderatzen eta nobleziaren kideen erabakiak aldrebesten lagundu zion Megyery izeneko horri; Karpatoetako oihan artean bizi zen, otsoek inguratua, urkatuaren haziaz bustitako mandragora erabiltzen zekien Megyeryk; horrekin izango naiz beti jelostuta... Urrup edan edo klik...

Penaz begiratzen dut Jose Luis Arrizabalaga Arri-k eta Arturo Garcia Biaffra-k Alex de la Iglesiaren Las brujas de Zugarramurdi-rako prestaturiko akelarre eder hura. Penaz, ez bainitzen han, dantza eroan, danborra joaz, Paul Urkijoren demonio guztiei hel egiten, Laboaren abestiaz, Nafarroako Koma taldeak egin zuen bertsioa ezpainetan... Laga, boga, sega...

Maite ditut bai, olio zopa, sorginak (be-ne-ta-ko-ak) ginela, garela eta izango garela baieztatzen duten izkribu eta arao oro, nahiz eta gure espiritua bainoago gure gorputza desiratzen zuten inkisidore txepel hainbatek idatziak izan. Txepelak ziren, bai, baina eskuan zuten sua piztuko zuen zuzia. Eta gu bertan erre. Mendekuaren promesa ezpainetan.

Gorrotatzen dut, ordea, odola borborka sentitzeraino, Donostiako Orfeoiak, pinguinoz jantzita gizonezkoak, eta Balentziagaren diseinu ditxoso horrekin emakumeak, egindako bertsio dotorea, gaiztakeriarik gabekoa.

Gorroto bertsua diot, zure musuen beroa baino ez baitut beste berorik nahi, joera berri horri, sorginak ez ginela frogatu nahi duen horri; zera dio, lasai asko, egungo jarrera horrek: ez genuen izan inolako harremanik Naturaren indar ezkutuenekin, ezta Azpimunduko kreaturekin ere. Politikari batzuen, indar ekonomiko batzuen, gure herriaren (zein herri, hori zuek erabaki behar) arerio batzuen, unibertsitatean ilustraturik ziren sendagizon batzuen biktimak baino ez omen, ez bide, ez ei ginen. Ba nik uko egiten diot hori izateari.

Ni ez naiz... Zure musuen sua baino (norenak ote, musu horiek, ez al zuen ba Gilles de Raisek Joana Arcekoa desiratzen?) biktima bat. Nik ez dut Pablo Agueroren eta Katell Guillou gidoigilearen laguntzarik behar nintzenaz, naizenaz eta izango naizenaz harro izateko. Ez dut zertan zeluloidezko euskara ederrean ezta gaztelania garbian ere mintzatu behar nire balizko errugabetasuna aldarrikatzeko. Ez bainaiz errugabea.

Ez dut zuek ezer leuntzea, biguntzea nahi. Ziegak ziegak ziren. Eta leotzak, leotz. Lasto gainean egiten genuen lo eta amesgaizto nire akelarrekideak eta biok; zikina zegoen lasto horren gainean, gure odolaz eta gure gorputzaren sekrezioez tindatuaren artean egiten genuen kanta isila... ez dugu nahi beste berorik...

Ez, ez geunden arropa gardenez jantzita kartzelan. Ez, sekulan ez dugu izan horrelakorik gurean. Eta Maisuak biluzik nahi gintuen, nahi gaitu akerraren larrean.

Ez, ez gara soilik emaginak. Ezta landako izaki lañoak ere. Ez, ez dugu salbatzailerik behar. Eta, behar izanez gero, guk aukeratuko genuke.

Ez, pelikularen epaileak, pelikularen eskribauak, kikili salda, ez ziren engainaturik, arrak zoratzeko manerak, soroak usteltzeko moduak eta jainko oro dardaraz jartzeko bideak ezagutzen ditugu ederki. Horretxegatik, beti izango gara zinemarentzat lehengai aparta. Baina izan bedi zinema hori merezi duguna, izan dezala belztua bihotza. Izan dezala odola bero, Zure musuen sua bezala.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.