Albistea entzun

Nekazaritza

Haziari balioa ematen hasiak

Aleka hazi ekologikoak ekoizteko eta banatzeko sare bat da. Urtebete darama lanean, eta proiektua egonkortu nahi du. Elikadura subiranotasunak hemengo haziak behar dituela ohartarazi du.
JAGOBA MANTEROLA / @FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Iker Tubia -

2019ko martxoak 2

Haize kontra. Halaxe dabiltza haziekin kezkaturik dauden ekoizleak. Gaur egun, hazien merkatua erabat monopolizatua dago. Hiru enpresa handi arduratzen dira munduan ekoizten diren produktu gehienen hazi hornikuntzaz. Horrek bazter utzi ditu tokian tokiko haziak eta ekoizteko manerak; beraz, baserritar batzuek kezka agertu dute. Aleka sarea hazi ekologikoak ekoizteko eta salerosteko proiektu bat da, eta hemengo ondarearen eta autonomiaren galerari erantzuteko sortu zen. Egitasmoa hasten eta hazten ari da, eta egonkortzea dute helburu.

Urtebetean hamabi baserri bildu dira Aleka sarera, gehienak Gipuzkoakoak, nahiz eta badiren Arabakoak eta Bizkaikoak ere. «Hazien borrokaren» inguruan, koordinazio azpiegitura iraunkor bati berriz ekiteko asmoak bultzatu du egitasmoa. Aurretik izan dira Hazibana eta Gipuzkoako Hazien Taldea, baina gutxi iraun zuten.

Proiektuaren erdigunea Beizaman dago (Gipuzkoa), Amenabar Behekoa baserrian. Miguel Arribas Kelo da jabea, eta Aleka sarearen koordinatzailea. Baserri horretan batzen dira sareko kideek ekoitzitako hazi guziak. Ehun aldaera inguru ekoizten dituzte: gehienak barazkiak dira, baina badira loreak eta aromatikoak ere. «Baratzerako behar ditugun haziak ekoizten eta saltzen ditugu», azaldu du Amenabarrek.

Arribasek haziei balioa ematearen garrantzia azpimarratu du; ez soilik ikuspegi agronomotik, baita alor soziokulturaletik ere. «Baserritarrok mendeetan lan egin dugu haziak ugaltzeko, batez ere amonek edo emakumeek. Horri esker dugu nekazaritza, eta herria elikatzeko gaitasuna. Baina jarduera hori oso azkar galdu da». Horregatik piztu zaio kezka. «Autonomia galdu dugu baserrian; genetikoki aldaera asko galdu ditugu, eta ezin dira berreskuratu». Beraz, bi alor horietan eragin nahi dute proiektuarekin: autonomia berreskuratu, eta ondare genetiko eta kulturala mantendu. «Ia erabat galdu dugun altxorra da».

Geroz eta gehiago hitz egiten da elikadura subiranotasunaz, eta sortu da horren aldeko korronte bat. Gizartearen zati bat geroz eta jabetuagoa dago horri buruz. Hala ere, Arribasek uste du askotan hazien afera ahantzi egiten dela subiranotasunaz hitz egiten denean. Hain zuzen ere, garrantzi hori nabarmendu nahi dute, eta ahalik eta gehien zabaldu. Izan ere, haziak arestian aipatu multinazionalek saltzen dituzte, baina ez da jakiten zehazki nondik heldu diren.

Egoera hori ikusirik, Arribasek bertako haziak defendatu ditu: «Haziak lur bakoitzera egokitu behar dira: klimaren eta lurraren baldintza jakin horietara. Horretarako, gurera egokitutako haziak ekoitzi behar ditugu». Dena den, proiektua aurrera eramatea ez da erraza. Mugak eta oztopoak daude bidean. Hasi legeditik. «Araudiak multinazionalen alde egiten du, eta baserritar txikien kontra. Oztopo handia dugu hor. Horregatik ez dago gurea bezalako beste proiekturik Euskal Herrian». Baldintza berak jartzen dizkie industria handiei eta baserritarrei, eta bigarrenak ahulago uzten ditu. «Presio taldeen legedia da».

Egonkortzea helburu

Oztopoak oztopo, Aleka sareko kideak kontent dira. Beizamako baserritarrak azaldu du ikusmira handia sortu dela. «Gabezia handia zegoela uste dut, eta hutsune hori betetzera etorri gara. Egia esan, jendeak besoak zabalik hartu du, oso jarrera onarekin». Urte bat daramate, eta, beraz, lan handia dute oraindik ere. Gauza berri asko egin behar izaten dute, nondik jo asmatu, eta baliabide gutxirekin egiten ari dira hori. «Baina oso prozesu polita izaten ari da. Baserritarron koordinazioari eta ekoizpenari dagokienez ere, gauza asko ikasten ari gara, hazi gehiagorekin ari garelako lanean».

Urte guzian batzarrak egiten dituzte, baina garrantzitsuena plangintzarena da: horretan erabakitzen dute bakoitzak zer hazi ekoitziko dituen. Horretaz gainera, Biolurreko teknikariek jarraipena egiten dute baserrietara bisitak eginez edo telefonoz. Horrela, laguntza eta babesa ematen diete ekoizleei, eta prozesua ongi doan jakiten dute.

Oraingoz, helburu nagusia aurrera egitea da, eta, batez ere, proiektua sendotzea eta egonkortzea. «Sektorearentzat tresna baliagarria izatea nahi dugu, bioaniztasuna bultzatzeko eta baserritarrok haziak merkaturatzeko dugun eskubidea berreskuratzeko». Hau da, multinazionalen monopolioarentzako alternatiba sortu.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Bina Daigeler jantzi diseinatzailea ©Disney Plus

Balentziagari buruzko telesaila ekainaren 6tik urriaren 8ra grabatuko dute

Urtzi Urkizu

Euskal Herriko hainbat herritan eta hiritan egingo dituzte fikzioaren grabaketak. Telesaileko jantziez Bina Daigeler eta Pepo Ruiz Dorado arduratuko dira. Figurante bila hasi dira.

 ©EUSKO LEGEBILTZARRA

«El Salvadorren ez dago prentsa askatasun nahikorik»

Urtzi Urkizu

Eusko Legebiltzarrean izan da Dada Sanchez, El Salvadorko kazetarien aurkako jazarpenaren berri ematen. Azaldu duenez, herrialde horretako hamabi kazetari erbestera joan dira.
 ©DOM CAMPISTRON

Kaka lotsa: kaka koka

Ainize Madariaga

«Lantokian ezin dut kakarik egin, hau lotsa!». «Ikastolan ez dut sekula egiten, bertzeek ikus nazakete!». Kaka egitearen lotsa horri parkopresia deritzo. Emazteek gehiago pairatzen dute. Haurtzaroari hertsiki lotua da gaitz psikologiko hori, eta ondorio fisiologikoak dauzka, baina baditu aterabideak.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...