Albistea entzun

Koronabirusa. UDAKO SERIEA Sei gogoeta izurriaz (IV). Nahia Idoiaga.

«Umeek nolatan egiten dituzte hain ondo gauzak? Zer beldur klase sartu diegu barruan?»

Izurriak eta hari aurre egiteko hartutako neurriek eragindako ondorioei adi-adi erreparatu die Idoiagak psikologiaren arlotik: aurrez irudikatzen ere zail ziren egoeretan loratu diren emozioei. Haurrei begira egin ditu lan ugari, eta ahantzita ikusi ditu haien premiak, bazter utziak.
Aritz Loiola / Foku Tamaina handiagoan ikusi

Arantxa Iraola -

2021eko abuztuak 6 - Gernika-Lumo

Izurrietan sortzen diren emozioei buruz egin zuen doktore tesia Nahia Idoiagak (1985, Gernika-Lumo, Bizkaia); lehenago, aurreko mundu hartan, bizitzak, bizitzeko erak eta sentimenduak ludi osoan estu zedarritu dituen izurria heldu aurretik, COVID-19ak ekarri duen pandemiaren erako zerbait irudikatzen ere zail zenean. Hilabeteotan, begirada altxatu orduko, begiratu duen tokira begiratuta, ikerketarako eremu harrigarria ikusi du inguruan, eta horretan aritu da, Bilboko Hezkuntza Fakultatean (EHU) kide dituen ikertzaileekin batera. Hasiera-hasieratik: «Txinatik izurriaren albisteak iristen hasi ziren, eta hasi ginen igartzen unibertsitateko ikasleak oso urduri zeudela: denbora guztian albisteak begiratzen, eskolak itxiko ote zituzten dudarekin... Antsietate handia zuten; agerikoa zen hori. Orduan, departamentuko beste kide batekin hasi nintzen: 'Zergatik ez dugu neurtzen gertatzen ari dena?'». Ikerketa lan aski joria egin dute ordutik, eta aparteko artaz aztertu dituzte umeen emozioak. Ikusi eta ikasitakoak ezagutarazten ere ari da, eta, besteak beste, COVID-19aren Liburu Zuria-ren egileetako bat da.

Izurri hau oihartzun urrun bat zenean hasi zineten ikerketak egiten, hainbat galdera sortaren bidez. Zer bildu zenuten lehenbiziko olatu haren hastapenetan?

Depresioa, antsietatea eta estresa ikusi genituen: depresio gutxi; estresa eta antsietatea, asko, gehiago gazteen artean. Zaharrenak, nahiz eta ordurako esaten zen haiek jasango zutela kalterik handiena, lasai zeuden. Egia da, baita ere, neurtzeko eskalak ere aztertu behar direla; gero, haien ahotsa jaso genuenean, beldur zirela ikusi genuen, baina ez zuten estres edo antsietate hori bizi. Gazteenek, berriz, sare sozialetako ika-mikak hor zituzten, fake news eta antzekoak, eta haien eguneroko bizitzeko era noiz etengo zen: kezka hori zuten.

Ziurgabetasuna agertzen hasi zen, ezta? Ordutik joan ez den sentimendua...

Bai, ikusi genuen gazteak, bereziki lau tokitara begira zeudela. Alde batetik bazegoen foku akademiko hori; beren jardun akademiko horrekin jarraitu ahal izango zuten: horrek kezkatzen zituen. Gero, alde soziala zegoen: «Zelan? Lagunak ikusi gabe geratuko naiz?». Gero, emozionala ere bai: «Nola bizitzen ari naiz hau guztia?». Eta, azkenik, fisikoa: «Ni kutsatzen banaiz, edo ingurukoak kutsatzen baditut, zer gertatuko da?». Batez ere, hori zen. Hori, hasieran. Populazio orokorrean agertu zen, baita ere, hedabideak errudun egiteko joera bat. Nolabait ere, egozten zieten sentsazionalismoa egiten aritzea gaiarekin. Aurrerago, agertu zen parekoak ere errudun egiteko joera. Hortxe egon ziren, adibidez, jendeak erosketak egin eta dendetan komuneko papera bukatzen zela kontatzeko albiste ugariak. Beldurra ere agertu zen; bereziki, adineko pertsonekiko. Eta adineko pertsonetan ere agertu zen beldurra, eta zuten beldurra beraiengatik bakarrik baita, zaharragoak zirenengatik ere. Hain justu, 60-65 urteko askok beldurra zuten zaharragoengatik...

Hain justu, gurasoen zaintzaile ere izango dira asko...

Bai, eta begirada oso jarria zuten zaharragoetan, eta ez dakit oso kontziente ziren hasieran beraiek ere arrisku populazioaren parte zirela. Egun, 40 urtekoak uste du 20 urte dauzkala; 50ekoak 30, eta 60koak 40... Ondo bizi gara; gaztetasun horretan bizi gara. Gero, ordea, ikusi zutenean ingurukoak gaixotzen eta hiltzen ari zirela, hor aldaketa bat egon zen adin tarte horretan. Baina hasieran zen: «Hau zaharragoen kontua da». Eta gero, ikuspegi sozial batetik edadekoek kezka handia zuten beren seme-alabekiko, hasieratik ikusi baitzuten honek krisi ekonomiko handia ekarriko zuela. Beste adin tarteetan hori ez zen horrenbeste ikusi: gehiago ziren eguneroko martxarekin lotutako kontuak, haserrea... Baina pertsona nagusienek hasieratik ikusi zuten, eta bitxia zen pertsona adinekoak ikustea eta haien ardura bilobak izatea. Oro har, hori izan zen, eta andreen gain antsietate eta estres gehiago ikusi zen baita ere. Pandemia osoan izan da hori. Nik uste dut zaintzarekin oso lotuta dagoela, eta azalpen gutxi eman zaizkio generoaren ikuspegia aintzat hartuta.

Helduei begira egin zenuten lehen ikerketa hori. Haurrei begira jardun duzue gero, sakon. Zerk eraman zintuzten horretara?

Itxialdian jarraitzen genuen. Gu ikerketa taldean sei pertsona ibili gara, eta lau ama ere bagara. Eta zera ikusi genuen: «Eta umeak? Badaramatzagu lau-bost aste etxean, eta begiratu umeak zelan dauden, eta ez dira inon aipatzen: prentsan ez dira ageri, politikariek ez dute aipamen txiki bat ere egiten, existitzen direnik ere ez». Eta gure inguruan zera entzuten genuen: «Umeak ondo daude, ondo daramate hau guztia... Nik ez nuke pentsatuko; egun bat etxetik irten gabe, eta txarto, baina orain, oso ondo...». Zelan oso ondo? Zera hartu behar da kontuan, konfinamenduaren hasiera hartan, eta lehenengo ikerketa haren bigarren partean ere atera zen hori, helduen partetik, oro har, sare sozialetan-eta, dena ondo zegoela erakusteko joera bat egon zen: bazirudien jendea oporretan zegoela, eta bost izarreko hotel batean, gainera. Eta, kontxo: etxean zaude, konfinatuta.

Egon zen egoerari larritasuna kentzeko ahalegin bat?

Bai, eta erresilientzia ikuspegi batetik, zentzua izan dezake; baina, beste ikuspuntu batetik, lehen olatu horretan norberaren emozioez,eta norberaren gaizki egoteez kontzientzia ez hartzeak eta espresatu ahal ez izateak gerora ere hainbat gauza ekarri ditu; geratu egiten dira. Eta umeei begira ere, hori ikusten genuen: «Dena ondo, dena ondo». Orduan, pentsatu genuen umeei galdetzea.

Haurren marrazkiak aztertuta, familiei eta umeei egindako galderekin osatuta egin zenuten ikerlanaren sorburua izan zen kezka hori. Zer azaldu zen?

Umeak ez zeudela hain ondo: hori izan zen lehen puntua. Hainbat umek esan ziguten ezin zutela arnasarik hartu. «Zeren falta sumatzen dudan? Arnasa hartzea». Ea, igual hamar umek esan ziguten; ez ziren berrehun izan, baina oso grafikoa da. Itxita zeuden. Gehienak, pisuetan; jakina, bazeuden baserrietan bizi diren umeak, lasai asko, baina gutxiengo bat. Aztertu genuen arloetako bat emozionala izan zen: hor izugarrizko beldurra sartu zitzaien umeei, beldurra kanpora ezin zirelako irten, eta gurasoek, justifikazio horretarako, azaldu zieten kanpoan gaixotasuna zegoela, eta kontuz ibili behar zela... Beldur hori zein neurritaraino geratu den? Esan izan da: «Umeek oso ondo bete dute maskararena eta eskuak garbitzearena, obsesiboki ia...». Ez dakit hori hain positiboa den, Izan ere, bi hilabetean etxean sartu diegun beldurra nora doa? Gero, erruduntasuna ere asko aurkitu genuen: umeek aitona-amonekin egoteko beldurra zuten, kutsa zitzaketelako. Hori askotan gertatu zen zerbait da. Sartu genien: «Kutsatzaileak zarete, eta, norbait kutsatzen bada, zuen erruagatik da». Jendeak esaten du erru hitza ez dela erabili behar, eta, bai, bai, deitu nahi duzun eran, baina umeek horrela jaso dute. Erruduntasuna zainetan sartu genien haurrei; superkutsatzaileak zirela ere esan zen, horren inolako frogarik eduki gabe, gainera. Umeei buruz esan zen bakarra hori izan zen; gero ez zen ezer ere esan itxialdi osoan. Asteak eta asteak, eta ezer ere ez.

Konfinamenduaren ondorioez ari zara. Baina urte eta erdi darama munduak hesitzen, neurri zorrotzekin. Haurrak ere horien eraginpean daude oraindik...

Bai, eta, gainera, ez daukate ahotsik. Beste guztiok ahotsa daukagu: kexatu gaitezke edo egin dezakegu zer edo zer. Haiek, gainera, hain ondo eraman dute, hain ondo egiten dute dena... Baina umeek nolatan egiten dituzte hain ondo gauzak? Zer beldur klase sartu diegu barruan? Eta gero hor daude adar jotzeak; adibidez, Zelaa [Isabel Zelaa Espainiako Gobernuko Hezkuntza ministro ohia] ateratzea esaten umeak maskarak erabiltzen superheroiak sentitzen direla. Hori adar jotze bat da. Zuk hartu nahi duzun edo hartu behar duzun erabaki politiko bat da, edo osasun erabaki bat, baina ez egin adar jotzerik; haiek ez dira superheroi sentitzen, eta hainbatentzat oso zaila da eguneroko bizitza horrela egitea. Oso krisi adultozentrikoa izan da, eta hala da oraindik ere.

Eskoletan ere muga asko izan dira. Zelan ikusi dituzu?

Oso zorrotzak izan dira, eta ez dira birplanteatzen. Orain ere, hurrengo ikasturtera begira, nik entzun izan dudan bakarra izan da berdin jarraituko dutela: kaosik ez izateko, berdin jarraituko dugu. Zilegi da berdin jarraitzea? Zilegi da umeak zortzi orduz jarraian maskara kendu gabe izatea kalean jendeak aire zabalean kentzeko aukera badu? Talde burbuila horiek hain zorrotzak izatea zilegi da? Nik ez dakit erantzuna zein den. Eta nik ez dut esaten neurriak kendu behar direnik; inondik inora ere ez. Baina umeek merezi dute, errespetuagatik, eskolarako ezarritako neurri guztiak birplanteatzea. Maiztasun jakin batekin neurriak adosteko Labia elkartzen den bezala [Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako izurria kontrolatzeko neurriak ebazten dituen erakundea], non dago umeen Labi hori? Non dago haiek bete beharreko neurriekiko errespetua?

Hutsaldu behintzat ezin da egin halakoen eragina...

Bai, eta aplika diezazkiegun neurri berak guztiei: zeren eta gero lantoki zenbaitetan badaude pertsonak bata bestearen ondoan lanean. Beraz, pentsa dezagun horretan. Berriz esango dut: guk ez dugu esango zein neurri hartu behar diren. Baina non daude umeen eskubideak? Non dago haien ahotsa? Hau, akademikoki ere, hezkuntza metodologietan, ikaragarrizko eragina izaten ari da. Zer gertatzen da, adibidez, hainbat metodologia aktiborekin? Horietako hainbatetan umeak gelaz gela mugitzen dira, eta badituzte gela batzuk tailerrak direnak... Orain ezin dute hori egin. Erantzuna: «A, bada, egon daitezela gelan». Baina metodologia ez da horrela: hori ez dago horrela egiteko pentsatuta. Edo txangoak? «Ba, ez dezatela izan txangorik». Hor eskolak lotuta egon dira, neurri oso zorrotzetara lotuta, eta horrek badu eragina ematen ari garen hezkuntzan ere.

Sozialki ere eragina izan du krisiak. Zer diote umeek?

Haien lagunen hutsa sentitu dute. Etxekoena ere bai; oso nabarmena izan zen konfinamenduan, adibidez, aitona-amonen falta. Eta zaintzetara garamatza gaiak; krisi honek zerbaitetan izan badu eragina, zaintzetan izan da, eta erakutsi du zer txarto egiten ari garen gauzak zaintzen arloan... Izan ere, umeen zaintzaileak askotan aitona-amonak izan dira, eta, bat-batean, bi hilabetean ez zituzten ikusi. Horrek inpaktua izan du umeengan eta aitona-amonengan. Esan izan da: «Bueno, bideokonferentziaz egingo ditugu gauzak». Umeentzat, ordea, kontaktua garrantzitsua da: jolastea, hurbiltzea. Eskolan bertan: txokoetan lan egitea, talde lanak egitea... Eta esaten diete: «Distantzia bat egon behar da mahai batetik bestera...». Pentsatzen da horren guztiaren inpaktuan?

Esan duzu: helduen beharren arabera ardaztu dira politikak. Bazter utzi dira sistema produktibotik kanpo dauden denak: haurrak, zaharrak. Nerabeak ere toki aski zailean geratu dira...

Bai, hor erdian geratzen dira; ez daude ez alde batean, ez bestean. Gurasoekin etxean pozik egoteko adin horretan ez daude, baina kalean aldarriak egin ahal izateko adinean ere ez. Oso krisi sakonak bizi izan dira seguruenera. Haien interakzio guztia sare sozialetan mugitu da, eta erabiltzeko gaitasunik ez duten garai batean. Izan ere, ez dago erabileraren lanketa bat orokorrean. Eskolan ere ziurtzat jo da natibo digitalak direla eta hori guztia erabiltzen dakitela. Eta oso onak izan daitezke Youtuben zerbait bilatzen, baina gero igual ez dakite posta elektroniko bat behar bezala bidaltzen. Gero, kirola oso garrantzitsua da adin horretan. Nerabeek jolas aktiboak ja kirolaren barruan egiten dituzte; ez dute hainbeste jokatzen beren kabuz korrika egitera-eta; beraz, fisikoki ere sekulako eragina izan du. Hor badago adin tarte bat asko sufritu duena, eta lehengoan gaude: ez zaie hitzik eman.

Bihar: Juanjo Alvarez, Zuzenbide katedraduna EHUn.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Donostiako alde zaharreko kaleak hutsik, urrian, bigarren alarma egoeran. ©Gorka Rubio/ Foku

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak legez kanpokotzat jo du bigarren alarma egoera ere

Edurne Begiristain

Voxen helegitea onartu du bermeen auzitegiko osoko bilkurak. Erabaki horren aurka agertu dira hamar epaileetatik lau.

Euneiz unibertsitate pribatua hartuko duen eraikina. ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Euneiz sortzeko legearen tramitazioari bidea eman dio Eusko Legebiltzarrak, EAJ, PSE, PP-C's eta Voxen babesarekin

Ion Orzaiz

EH Bilduk argudiatu du «etekin ekonomikoak lortzea xedetzat duen unibertsitate pribatu batek» ezin duela finantzaketa publikorik jaso

Egoiliar eta senitartekoek zahar etxeetako arta ontzat dutela esan du Maite Peñak

Egoiliar eta senitartekoek zahar etxeetako arta ontzat dutela esan du Maite Peñak

Arantxa Iraola

Inkesta bat egin dutela jakinarazi du, eta %74,5k eskaintzen den arreta egokia dela adierazi dutela

Rcardo Etxepare (eskuinean), Noam Chomsky hizkuntzalaria agurtzen, 2006an. ©Imanol Otegi / Foku

EHUko udako ikastaroetako zuzendari ohi Ricardo Etxepare zendu da

Gotzon Hermosilla

Bizitza unibertsitateari lotua eman zuen, baina politikan ere aritu zen eta Irungo alkatea izan zen bolada labur batez

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.