Pastor
DARWIN ETA GU

Barkatu

2018ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Barkatu, baina ez dut barkatzeko eskatuko, esan zien Barack Obamak japoniarrei, 2016. urteko maiatzean herrialdera egin zuen bisitan. Hiroshimara joandako lehen agintari estatubatuarra izan zen. Bisitaren bezperan, Obamak bonba atomikoa bota izana deitoratu edo arbuiatzeko keinurik egingo ote zuen galdezka hasi ziren Japonian. Hark lore sorta ezarri zuen Hiroshiman, baina ez zuen halakorik egin.

Bidaia baino egun batzuk lehenago NHK telebista japoniarrak elkarrizketatu zuen. Barkamenaren gaia atera zuen kazetariak. Agintari estatubatuarraren erantzuna: «Ez, zeren onartu beharra baitago gerra batean buruzagiek era askotako erabaki zailak hartzen dituztela». Hiroshiman 100.000 zibil baino gehiago hil zituzten estatubatuarrek. Herritar xume errugabeak: heldu, zahar, gazte eta ume. Eta beste milaka eta milaka herritar betirako kaltetuak izan ziren. Obamari inork ez zion exijitu bidegabekeriaz damutzeko; inork ez zion atzamarra jarri paparrean: «Injustua izan zela onartu behar duzu». Bidegabea, bai, ondo planifikatutako operazio batean dozenaka mila herritar sakrifikatu zituztelako. Enola Gay hegazkineko pilotuak ez zuen gehiegi edan bezperan, aparatura ajeak jota igo, koordenatuak nahastu, eta bonba okerreko lekuan jaurti. Ez. Argi eta garbi esan zieten militarrei: bonba atomikoa bota eta saiatu bizirik itzultzen. Fuck them all, fucking nips!

Gerraren ekonomia, logika eta matematika erabili zituztenAEBek: Zenbat soldadu ditugu? Zenbat soldadu dituzte? Japonia lurrez inbadituz gero, zenbat estatubatuar hilko dira? Ondorio guztiak neurtu, eta erabakia hartu zuten: hobe milaka herritar hiltzea. Hala ere, Obamak ez zuen barkamena eskatu japoniar horiek sarraskitzeagatik. Are gutxiago eskatuko zuen hildako arerio uniformedunengatik. Bakearen Nobel saridunak ume batek bezain lasai eta gozo egingo zuen amets gau hartan.

Siriako ustezko eraso kimikoari buruzko artikulu batean Erresuma Batuko Armadako agintaritzako buru jeneral Rupert Jones-en hitzak ekarri zituen gogora Simon Jenkins kazetariak joan den astean, Mendebaldearen zurikeria agerian uzteko: «Herritar zibilak hiltzea ordaindu beharreko prezioa da hirietan borrokatuz gero». Jenkins ez da muturreko talde maoista bateko propaganda arduraduna. Sir Simon Jenkins Evening Standard eta Times egunkarietako editore ohia dugu.

Jones bezala mintzatu zen Nelson Mandela —bai, aldebakarreko eta soilik alde bakar baten aurkako bakezale txit ohoragarriok, ez naiz Mandela aipatzeaz nekatuko, nik ere neure mantra daukat eta—. «Zibilak hiltzea istripu tragikoa izan zen eta heriotza kopuru hark oso hunkitu ninduen. Baina, hildako horiek asaldatzen ninduten arren, banekien istripu horiek borroka armatuari ekin izanaren ondorio saihetsezina zirela. Giza hutseginkortasuna gerraren alde bat da eta horren prezioa altua da beti». Zibilen heriotza sentitu eta deitoratu, bai. Baina militar eta polizia zapaltzaile torturatzaileak hiltzeagatik barkatzeko eskatu? Bai zera! Hari ere, Bakearen Nobel saria. Oslon ez zioten esan «onartezina» dela «biktimak sailkatzea».

IRAk barkamena eskatu zuen zibilei eraginiko minagatik, 2002an. Argi utzi nahi izan zuen biktima horiek «ez-borrokalariak» zirela. Non-combatants. Agiri hartan gogoan izan zuen borrokalarien —combatants— mina. Loialistei buruz ari zen. Ez zien barkatzeko eskatu, ordea.

Euskal Herrian, beste inon egin ez dutena egiteko eskatzen ari dira batzuk. Beste edonongo indarkeriaren erantzule horiei eskua hartu, musu emango liekete. Hemen, ordea... Oso inozoa, zinikoa edo oso fede txarreko abadekia izan behar da hala jokatzeko.

«Behar balitz, berriz jaurtiko nuke bonba Hiroshiman», esan zuen Theodore Van Kirk-ek, Enola Gay-ko tripulazioko azken kide biziak, 2010ean. Obamak txalotu egingo zuen. Hipercorren bonba jarri eta gero, ezkutalekura joan ziren ETAko kideak. Arrats hartan, eztandaren ondorioen berri izatean, negar egin omen zuen haietako batek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.