Metodologia egokituta, helduak euskara ikastera deitu dituzte Nafarroan

Euskaltegien aurtengo kanpaina ireki dute: 16 urtetik gorakoek eman dezakete izena. «Arriskurik gabe» ikasteko neurriak bermatuko dituzte

Maiza, Arregi eta Garralda, atzo. NAFARROAKO GOBERNUA.
Erredakzioa
Iruñea
2020ko irailaren 1a
00:00
Entzun
Nafarroan martxan da euskaltegietako 2020-2021 ikasturteko matrikulazio kanpaina. Mikel Arregi Euskarabideko zuzendariak, Raul Maiza Berriozarko alkateak eta Aitziber GarraldaAEKren eta IKAren ordezkariak aurkeztu zuten, atzo. Horren helburua da helduek euskara ikastea, eta Hurrengoa euskaraz da aurtengo leloa. Nafarroako 30 euskaltegitan dago izena emateko aukera.

Arregik nabarmendu zuen euskaltegiek «lanean» jarraitu dutela, «egoera berezia» bada ere. Horretarako, irakaskuntza metodologia egungo egoerara «moldatu» dute. Martxoan euskaltegien funtzionamendua egokitu behar izan zuten, eta hala jarraituko dute datozen hilabeteetan: «Ikasketa prozesuak bermatuko dituzte». Garraldak ere egin zion erreferentzia pandemiak sortutako egoerari: «Herritar guztiei garbi utzi nahi diegu koronabirusaren aurrean gure esku dauden neurri guztiak hartuko ditugula». Gehitu zuen herritar guztiek edukiko dutela «inolako arriskurik gabe» ikasteko aukera.

Maizak euskara ikastera animatu zituen herritarrak: «Euskararen komunitatea dinamikoa eta hurbila da, eta ikasten duen pertsona babesten du beti». Nabarmendu zuen helduek euskara ikastea «oso garrantzitsua» dela hizkuntzaren «transmisioa» bermatu ahal izateko.

Bestalde, Garraldak Nafarroako Gobernuari eskatu dio euskara ikasteko aukera debalde izatea ahalbidetzeko: «Negargarria da euskara ikasi nahi duten herritar gehienek ordaindu egin behar izatea». Ikasleen bidea «erraztu» behar delakoan dago. Matrikula merkeagoa izate aldera, Maizak «diru laguntza handiagoa» eskatu zion gobernuari. Arregik adierazi zuen gobernuak bekak eskainiko dituela, eta laster jarriko dela martxan horiek eskatzeko epea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.