K.a. 1166

Lehen grebaren papiroa

2014ko abuztuaren 22a
00:00
Entzun
Ramses III.a faraoiaren garaikoa da historiako lehen greba dokumentatua. Egipton izan zen,K.a. 1166. urtean. Ramses III.aren hilobi tenplua eraikitzen ari ziren beharginek, lan baldintza geroz eta txarragoak salatzeko, planto egin eta greba egin zuten. Kontrako ustea dagoen arren, Egiptoko piramideak eta eraikuntza handiak ez zituzten zartailuaren mehatxupeko esklaboek eraiki. Gizako nekropoliak aztertzen zebiltzan arkeologoek egin zuten aurkikuntza hori 2010ean. Soldatapeko beharginek eraiki zituzten tenpluok, eta,soldata jasotzeari uzten bazioten, protesta egiten zuten, gaur bezala. Turingo Museoan ikus daitekeen Grebaren Papiroak jaso zuen gertatutakoaren lekukotasuna. Honela dio papiroak: «Beharginek nekropoliaren hesiak saltatu zituzten, greba egin zuten, eta hau esan: 'Gose gaude, hilabete honetako hamazortzi egun pasatu dira... goseak eta egarriak ekarri gaituzte hona. Ez daukagu arroparik, ez gantzik, ez arrainik, ez lekarik. Idatz iezaiozue gure jaun on faraoiari eta gure buruzagi bisirrari eman diezagutela gure mantenua'». Hamar ogi biribil eta garagardo pixka bat ziren eguneroko soldata, baina sarri atzeratzen ziren ordainketak, inoiz goseteak ere eraginez. Ez da alferrik esaten sabel hutsarekin egiten direla iraultzarik handienak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.