HILBERRIA. Txema Egiguren

Saltsa guztien perrexila

EUSKAL IRRATIAK.
joxerra senar
2021eko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Hendaiako Gure Ikastolaren bultzatzaile, euskaltzale, abertzale,Ipar Euskal Herrian BERRIA zein beste hainbat egunkari eta aldizkariren banatzaile eta antolatzaile, Hendaiako danborradaren sortzaile, jai parekideen aldeko militante, herri ekintzaile inplikatua... Hori guztia eta gehiago izan da gertutik ezagutu zutenentzat Txema Egiguren. Saltsa guztietako perrexila, haren hitz egiteko grina, gainerakoekin harremana izateko irekitasuna eta gauzak aurrera ateratzeko poztasuna nabarmendu dute. Txema Egiguren atzo zendu zen, azken bi urteetan izandako minbiziaren ondorioz. Gaixotasunari aurre egiteko orduan ere, bizitzari azken tanta ateratzeko grina erakutsi zuen, eta azken asteetan aurrera segitzeko animoa izan zuen.

«Hau kolpe gogorra, gure Txema joan zaigu... Beti arte laguna. Adiorik ez», txiokatu zuen Fermin Muguruza musikariak atzo, albiste lazgarria jakin ondotik. «Izar bat gehiago zeruan», idatziz agurtu zuen Juana Etxegoien musikariak. Mezuetan, biek irudikatu zuten Olentzeroz mozorrotutako Egiguren. Antzeko mezu gehiago irakur zitezkeen sare sozialetan, eta agerian geratu zen Hendaian eta Bidasoa eskualdean hutsune handia utzi duela haren heriotzak.

Baita BERRIAn eta Iparraldeko Hitza-n ere. Euskaldunon Egunkaria-ren garaitik, ibili zen egunkariak banatzen eta antolatzen, eta egun zeregin horretan aritzen zen BERRIArekin, egunkariak Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan banatuz. Ipar Euskal Herriko banaketa sistema bereziki konplexua da, postaren bitartez egin behar izaten delako, eta egunero sortzen direlako arazo franko. Horiek kudeatzea egokitu zitzaion Egigureni. BERRIArekin batera, Iparraldean Gara edo Diario Vasco banatzen zuen. 2003an,Egunkaria-ren itxieraren aurrean haren aldeko jarrera irmoa agertu zuen, eta egun haietako inplikazioa bereziki gogoratua da.

Dena den, beste hamaika kontutan sartuta eta inplikatua zegoen. Euskaltzale porrokatua zen, eta, besteak beste, Hendaiako Gure Ikastolaren bultzatzaile izan zen; ikastola zabaltzeko ahaleginean gogor jardun zuen.

Atzo, nabarmendu zen beste irudietako batean buruan zapia duela ageri da, maite zituen itsaslapurren gisan, eta alboan danborra. Izan ere, Baleak elkartearen barruan, Hendaiako Danborradaren sortzaile eta bultzatzaile izan zen. Argi zuen jaietan parekidetasuna izan behar zuela ezaugarri nagusia. Horregatik, martxoaren 5ean Hondarribia Berdintasunaren Hiria saria jaso zuen. Eritasuna aurreratua zegoen ordurako, eta seme-alabek jaso zuten saria, baina bereziki esker oneko sentitu zen sari harengatik.

Irundar eta hendaiar, muga ezabatzearen aldeko, Txingudiko badia eta oro har Euskal Herria zuen maite. Solaskide petoa eta tratu handikoa zen. Politikan, sutsu eta pasioz eztabaidatu ohi zuen, baina bazekien bereizten jardun politikoaren eta arlo pertsonalaren artean. Eskua luzatzeko beti gertu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.