Koronabirusa

Hego Euskal Herriko lau herrialdeen intzidentzia tasa 250etik beherakoa da

Positiboen ehunekoa %4,2ra jaitsi da, 316 kasu erregistratuta. 20 eta 35 urte artekoei txertatzeko deia egin die Sagardui sailburuak

Herritarrak Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan, artxiboko irudi batean. LUKA PORTILLO / FOKU.
Edurne Begiristain.
2021eko irailaren 8a
00:00
Entzun
Kutsatuen kurba koska bat beherago da Hego Euskal Herrian; arinagoa da, beraz, COVID-19aren kutsatzearen larritasuna. Dagoeneko asteak dira kutsatzea arintzen hasi zela —uztail bukaeran hasi zen beheraka— eta hori argi erakusten du, hain zuzen ere, intzidentzia tasa metatuak: oraintxe bertan, 250 kasuren langatik beherakoa da tasa hori Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan. Bizkaian dute daturik makurrena: azken bi asteetan 100.000 biztanleko 241 pertsonari atzeman diete birusa; Gipuzkoa hurbil da kopuru horretatik, 236 baita haren tasa; Araban eta Nafarroan txikiagoa da: Araban, 217, eta Nafarroan, 175. Uztail hasierara joan beharra dago antzeko intzidentzia tasak topatzeko.

Halaber, COVID-19aren transmisioaren bilakaerak beheranzko joerari eutsi dio beste behin Hegoaldean: herenegun 316 koronabirus kasu atzeman ziren birusa detektatzeko egindako testetan. Gainera, bada aipatzekoa den beste aldagai bat: positiboen ehunekoa %4,2 izan zen asteleheneko testetan, 7.475 proba egin baitziren. Horiek horrela, portzentajea apur bat urrundu da OME Osasunaren Munduko Erakundeak mugarritzat ezarria duenetik (%5).

Kutsatuen datuak lurraldeka aztertuta, herenegun atzemandakoen kopuruak Bizkaian baizik ez zuen ehunekoa gainditu. Han 125 positibo zenbatu zituzten; gainerakoetan nabarmen apalagoa izan zen kopurua: Gipuzkoan 83 zenbatu ziren; Nafarroan, 70; eta Araban, 29.

Ospitaleei buruzko adierazleetan, ostera, arintzea ez da oraindik argi ikusten. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, Hego Euskal Herriko erietxeetan 326 paziente dira COVID-19ak jota. Orain hilabete, abuztuaren 7an, 417 ziren. Erietxeratuta dauden 326 gaixoetatik 84 larri daude ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan. Bestetik, Bizkaiko Aldundiak jakinarazi du azken astean hiru egoiliar hil direla zahar etxeetan gaitzarekin.

Txertatzeko deia

Egoera epidemiologikoaren bilakaerarekin «zuhur» baina «baikor» mintzatu zen atzo Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua. Jakinarazi zuen datozen asteak «erabakigarriak» izango direla neurriak malgutu ala ez erabakitzeko.

Txertaketari dagokionez, Sagarduik ohartarazi zuen 20-35 «atzeratuta» geratu direla gainerako adin tarteekin alderatuta. Horregatik, Osakidetzak SMS mezu bat bidali die berriro txertoa hartua ez duten 20 eta 35 urte artekoei, txanda har dezatela eskatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.