Faxistek Durango bonbardatu zutenetik 83 urte igaro direla oroitu dute

Unai Iturriagak idatzitako testu baten pasarteak irakurri dituzte herriko eragileek, eta bideo bat osatu dute. Ez da ekitaldi publikorik egon

Su txikia piztuta, atzo, Andra Maria baselizaren elizpean. DURANGOKO UDALA.
Igor Susaeta.
2020ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Faxistek herria bonbardatu zutela oroitu dute, urtero bezala, Durangon (Bizkaia). Atzoko egunez gertatu zen, duela 83 urte. Eta, hori gogoratzeko, ohi bezala, Uribarriko Andra Mari baselizako kanpaiak jo zituzten, eta su bat piztu zuten elizpean. Bonbardaketan hildako 336 pertsonak omentzeko urtero Durangon egiten dituzten ekitaldiek ordezkaritza instituzional zabala bildu ohi dute, baina atzo, koronabirusaren krisiarengatik Espainiako Gobernuak ezarritako itxialdia dela eta, ez zuten ekitaldi publikorik egin. Horren ordez, Unai Iturriaga bertsolari eta komikigile durangarrak idatzitako testu baten pasarteak irakurri zituzten herriko eragileek eta udaleko ordezkariek. Irakurraldi hori bideo batean jaso eta zabaldu dute.

«Hiru aldiz bonbardatuak izan ginen». Horrela hasten da Iturriagaren testua, eta hiru zatitan banatu du. «Heriotza» da lehen kontzeptua. «Isilik dagoen kanpaiaren durundiak luze irauten du». Modu horretan bukatu du. Bigarren pasartearen kontzeptua «gezurra» da, eta, esate baterako, ondokoa jaso du zati horretan: «'Durango gorriek bonbardatu zuten', entzun du eskolaumeak. Bera han zegoen eta badaki ez zela horrela izan, baina maisuaren egurrezko erregelak ez daki historiaz», idatzi du Iturriagak. Eta hirugarren ideia «ukazioa» da. «Zergatik ihesi iristen dira Europako ateetara ehunka lagun, ezpada gure uriaren gainean jausi ziren bonben antzekoengandik ihesi?», galdetzen du Iturriagak bere testuan.

Sakelakoaren bidez

1937ko martxoaren 31n, goizean, ordura arte ezezaguna zen eraso mota abiarazi zuten Italiako Aviazione Legionariako hegazkinek. Espainiako Errepublikaren aurka matxinatutako militarren agindupean, hegazkin italiarrek Elorrio eta Durango bonbardatu zituzten, eta zibilen aurkako lehen airezko erasoa egin.

Orduan gertatutakoa oroitzeko, alarmek jotzen dute Durangon, baina hori ere bertan behera utzi behar izan dute aurtengoan, enpresa batek, koronabirusa dela medio, ezin izan dituelako jarri horretarako beharrezko gailuak. Hainbat herritarrek sakelakoaren bidez erreproduzitu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.