Txapela burura, eta merezita

Ezkurdiak lehendabizikoz irabazi du San Fermin torneoko lau eta erdiko finala, Lasori 22-15 gailenduta, Labriten. Garaileak bizi jokatu du, eta horma-bikoz min handia egin

Unai Laso eta Joseba Ezkurdia, atzo, San Fermin torneoko lau eta erdiko finala jokatu eta gero, Iruñeko Labrit pilotalekuan. JON URBE / FOKU.
Mikel O. Iribar.
2022ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Sufrituta, baina Joseba Ezkurdiak merezita jantzi zuen atzo San Fermin torneoko lau eta erdiko lehendabiziko txapela, finalean Unai Lasori 22-15 nagusitu ostean, Iruñeko Labriten. Gisa horretara, Arbizuko pilotariak mendeku hartu dio Bizkarreta-Gerendiaingoari, Buruz Buruko finala galdu eta hilabete pasatxora. Ezkurdiak lau eta erdiko diziplinan eroso sentitzen dela berretsi zuen atzoko lehian ere, heldutasuna eta abiadura makulu izan zituela.

Bi urteren ostean, bor-borka egon zen atzo Labrit. Hasieratik dema oso gogorra izan zuten bi pilotariek, eta kantxako berotasunak are gehiago zaildu zuen partida. Lehen zatian oso berdinduta joan zen finala. Batek jo eta besteak erantzun. Halere, launako berdinketaren ostean, Ezkurdiak beste erritmo bat ezarri zion neurketari, eta dantzan aritu zen, txokoan nahiz zabalean, markagailuan aldea zabaltzeraino: 8-4.

Arbizuarrak abiadura handiz ibili zuen pilota, Lasoren hanketara behin baino gehiagotan bidalita. Baikoko pilotaria, berriz, ezinean aritu zen, behartuegi. Hain zuzen, sakez asmatzen ez zuenean, aukerak sortzeko arazoak izan zituen, eta horiei bikain atera zien zukua Ezkurdiak. Modu horretara egin zuen hanka markagailuan, 12-6.

Etenaldi luzearen ostean, Laso suspertu egin zen, eta lo harrapatu zuen Ezkurdia. Bizkarreta-Gerendiaingoak sakez min handia egin zion, eta errematean ere ikusgarri aritu zen. Bost kintze segidan egin zituen, eta bete-betean sartu zen partidan. Horrek hauspotu egin zuen Baikokoa. Bai hauspotu ere; zehazki, defentsa sendo bat egin ostean, aukera izan zuenean ezker boleaz dotore bukatu zuen tantoa: 12-12.

Ezkurdiaren sua, baina, ez zen guztiz itzali, eta une horretan hasi zen Aspeko pilotariaren erauntsia. Bi tanto jarraian egin eta gero, ordea, Lasok eten egin behar izan zuen dema; ezker izterrean ziztada bat nozitu zuen, eta aldageletara joan zen. Minutu batzuen ostean itzuli zen kantxara, txalo artean. Halere, oinaze txiki hori lasta izan zen Baikoko pilotariarentzat amaiera arte, etsi-etsian aritu baitzen.

Ezkurdia, berriz, bere lana zintzo eta serio egiten aritu zen. Sakez eraginkor jokatu zuen, eta Laso alde batetik bestera mugitu zuen, sehaska baten antzera. Une batez Bizkarreta-Gerendiaingoa hiru tantora gerturatu bazitzaion ere (18-15), Arbizukoak ez zuen burua galdu, eta, biek sufritu zuten arren, Ezkurdiak berak atera zion etekina sufrimendu horri. Laso salduta utzita, garaipenak ez zion ihes egin. Ezkurdia hirugarrenez aritu zen San Fermin torneoko finalean, eta hirugarrenean erdietsi zuen txapela janztea.

Gaur, binakako torneoa

Atseden hartzeko tarterik gabe, Lasok eta Ezkurdiak sanferminetako binakako torneoko bigarren lehia jokatuko dute gaur (22:15, ETB1), Labriten. Bizkarreta-Gerendiaingoa Jon Mariezkurrenarekin ariko da, baina zalantza da ea jokatzeko moduan izango ote den. Arbizukoak Julen Martija izango du bikote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.