mikel elorza
ARKUPEAN

Hori hala da

2019ko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Basurdea ugari dago Euskal Herrian. Hori halada. Bitik bat ez dira izango, baina kopuru inportantea, eta direnak baino gehiago izateko itxura ematen dutenak. Zalapartatsuak, lehiakorrak, 30 dezibeliotan egiten dute hizketan, 60an eztabaidan eta 90ean kantuan. Bizkarreko zaplada nahiago dute laztana baino, elkar agurtzeko, eta bizi-espazioko jaun eta jabe izanik, erne haien bidean jartzen bazara. Errepidean bereziki arriskutsuak dira, istripu askoren eragile. Azal gogorrekoak, uxarka ibiltzea asko gustatzen zaie sustraiak nahiago loreak baino, ingurua hankaz gora jarriz, agerian utziz beti ere handik pasatu direla. Bakarka ibiltzen badira ere, saldoa —gaztelaniaz manada—maite dute. Basurdea ugari dago. Hori hala da. Eta Sus scrofa ere bai.

PISA oker dago. Hori hala da. Aldarera igoa dugu azterketa, ebaluazioa, eta batez ere kanpoko (ustezko) autoritatea.Eta gure neska-mutilak egunero hor edukita ere, begien bistan, zer ikasten duten eta nola, eskolan eta bizitzan, kanpoko egun bateko azterketaren uberan urtzen da gure lerdea. Finlandia da iparrorratza. Mundu mailan Singapur. Gure ereduak: Finlandia eta Singapur. Munduko hezkuntza sistemak konparatzeko tresna omen (nahiz eta guk geuk hezkuntza eta heziketa gehiegitan konfunditu), akaso datu baliozkoak emango dizkiena batzuei, ez ei du eduki jakin baten ezagutza neurtzen, baina jendarteari erreferente gisa saltzen zaigu. Txostena argitaratzen den bakoitzean,hezitzaile guztiok sailkapenari begira jartzen gara, begiak zabal eta neurri zuzentzaileak erne. Baina hori normala ere bada ranking eta konparazioen aro hauetan, puntuazioaren burtsa emozional honetan. Sikiera gure bilaketa ontologikoan pauso berria egin dugu: zer gara? Emaitza gara. Eta halaxe gabiltza, batzuk behean eta besteak beherago. PISA oker dago. Hori hala da. Eta Italiako dorrea ere bai.

Europak bahituta jarraitzen du. Hori hala da. Jupiter izan zen lehena, zezen itxuraldatuta, mito klasikoak dioenez (baina nik uste basurde izango zela, gertatzen da basoko urdeak sex appeal oso eskasa izan duela zezenaren aldean; baina potroak hark ere ederrak ditu eta azkar kentzekoak jan nahi bada, izugarri keru fuertea ematen baitio okelari ar gehienetan gertatzen da, potroek haragia intoxikatzen dute—). Jupiterrek, denborarekin, animaliak utzi eta bestelako formak hartu ditu: merkatari, bankari, enpresari, enprendedore... baina pieza ez du askatu. Eta itxuraz ihesit doana, senatari erromatar klasiko dirudien flekillo blondaduna buru, ez doa Jupiterrengandik ihesi, harentzat lan egitera baizik. Europak bahitua jarraitzen du. Hori hala da. Finisterren hasi eta Uraletan amaitzen dena ere bai. Mediterraneoko uretan itotzen dena areago.

Planeta xixko eginda utzi dugu. Hori hala da. Gero eta agerikoagoa da aurrera egiteko modu bakarra atzera egitea dela, baina ezin dugu. Atzera egiteak galera materiala dakar, edo abiadura erabat moteltzea, eta ahaztu egin zaigu. Eta batez ere, kosta egiten zaigu. Munduaren antolamendua txarrantxaz josidugu,irteteaasko zailduz, eta odolezko prezioa ezarriz. Urte asko daramagu gure jardunaren emaitzak ebaluatzen, baina ez ondorioak, eta halako batean ondorioek, Jupiter hormonatu errabiatua bailiran, jan egingo gaituzte —baita Singapurreko listoenak ere—. Badugu lanik norbere txokoan, baina munduko ateetako maratilak eskutik dauzkatenek dute ardura nagusia, eta ez dute akordiorik lortzen. Ezta lortuko ere, inork eskuan hozka egiten ez badie. Planeta xixko eginda utzi dugu. Hori hala da. Eta beste planeta ere bai. Ez, ez, barka, beste planeta ez. Ez baitaukagu besterik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.