Hamar artistaren lanak bildu ditu Fermin Echauri 2 galeriak, kolorea nagusi

Txillida, Canogar, Farreras eta bertze hainbat artistaren lanak ikusgai dira 'Bizitasuna eta kolorea arte garaikidean' izeneko erakusketan

Iruñeko Fermin Echauri 2 galeriako piezetako batzuk. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Yasmine Khris.
Iruñea
2022ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Izenburuak iragarri du: koloreak nabari dira, baina, zuri hutsezko paretaren kontra, are gehiago. «Artista bakoitzaren pieza gutxi ditugu, baina deigarriak dira, ezta?». 50 urte ditu Fermin Echauri 2 galeriak, eta Mercedes Sagues aritzen da galerista lanean. Bizitasuna eta kolorea arte garaikidean erakusketak hamar artistaren lanak bildu ditu Iruñeko San Anton kaleko galerian, maiatzaren bukaera arte.

Cristina Alabau, Carlos Albert, Rafael Canogar, Eduardo Txillida, Carlos Evangelista, Francisco Farreras, Amadeo Gabino, Miguel Rasero, Francisco Rojas eta Antoni Tapies artista plastikoen piezak ikusgai dira, nahas-mahas harmoniko batean. Erakusteko manera agerian jarri dute, hau da, «oreka bilatuz eta ikuslearekin harremana sortuz». Saguesek onartu du hautu «pertsonala» dela, galeristaren «pribilegioa, nolabait». Eta gehien maite duen obrari buruz galdetuta, erantzun du ez duela oso argi. «Bakoitzak bere moduan hunkitzen nau; askotarikoak dira».

34 pieza, zehazki. Kolore paleta erraldoi batek hartzen du bi solairuko gunea. Zaila da pieza singular guztiak deskribatzea; margoen indarra, berriz, argi inposatzen da ezaugarri komun gisa. Proposatzen dituzten eskulturak eta margolanak bat bestearen ondotik heltzen dira, erliebeekin jolasten. «Bilduman, obra bakoitza ongi azaltzen da; nahi dugu lan batzuek besteei kalterik ez egitea». Testura hautuetan ere islatu dute bizitasuna: egurra paperaren gainean, burdina forjatua, altzairua, kristala... Materialen aniztasuna, collage moduan. «Mugimendu handiagoa ematen digu testura sorta honek, eta bizi bihurtzen du erakusketa».

Kontrasteek ere hartu dute lekua. Xingola beltz bat isilka sartzen da Rafael Canogar espainiarraren koadro batean, zeina karmin eta urre kolorekoa baita. Cristina Alabau artista kataluniarraren lanak gardentasuna du ardatz: naturala eta abstraktua nahasten ditu, «argi mediterraneoak uztar ditzan». Goiko solairuan, Carlos Albert Madrilgo eskultorearen obrek «hutsunearekin jolasten dute», eta Carlos Evangelistaren lanaren «konposizio geometrikoa sinpletasunera hurbiltzen da». Geometria artista bakoitzaren identitatearen arabera deklinatzen da, eta orekarekin arriskatzen, grabitatetik kanpo.

Halaber, kontrastea nabari da artisten hautuan ere; hain zuzen ere, belaunaldi eta mugimendu ezberdinetako sortzailetzat jo baitituzte galeristek. Izen handiek artezaleak erakarriko dituztela onartu dute, baina aukera izanen da artista «oso gazteak» ezagutzeko, «euren lanari ikusgaitasuna ematen diogulako».

Txillida, Tapies, Gabino... Belaunaldi bateko «aurrendariak», haren hitzetan. «Figurazio mugimenduarekin etena egin zuten lehendabizikoak izan ziren. New Yorkeko azoketan atera ziren, eta, sorlekura itzultzean, oso lan ausartak eta handiak enkargatu zituzten». Saguesek garrantzitsutzat jotzen du haustea; hau da, materia eta elementuak ezabatzea, obra biluztea. «Abstrakziora heldu ziren eta minimalismoa doi-doia ukitu zuten».

Apal berean, artista berrien proposamenek hartzen dute lekukoa, naturaltasun osoz. «Garai erabakigarri hartan iritsi ginen gu, galerista gisa, gure rola hori baita. Utzi nahi diegu leku bat; ezagutarazi nahi ditugu». Bada nola lekua hartu eta bertzeei utzi aldi berean.

Esperientzia iparrorratz

Sagues gela nagusiko larruzko sofa handi batean eseri da, obra guztiek inguratua. «Canogarren obra hori [gelan dagoen margolan nagusia seinalatu du behatzarekin], museo batean aurki genezake, baina artistaren estudiotik heldu zaigu zuzenik».

Galeristaren ofizioa azpimarratu du, esperientzian oinarritzen baita haien lana. «Obra hauek duten kalitatearengatik, erakustea erabaki dugu; interesgarriak dira gure iritziz». Ekitaldi batzuk ere antolatu dituzte, modu intimo eta gonbidagarri batez. «Erakusketa errazago irakurtzeko, hartu-emana izan nahi dugu jendearekin; aurrez aurreko trukatze bat izatea da gure helburua».

Saguesen arabera, galeria dagoen tokian egoteak ere «fabore» egiten dio arte garaikideari. «Iruñearen bihotzean gaude», eta galeriak jende guztiarengana hurbiltzea du xede, «arte garaikideaz jakin edo ez».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.