Gorputza intzirika

Giharretako mina, azalaren narritadura, azkura begi eta betazaletan, lo hartzeko zailtasunak... konfinamendua dela eta, gora egin dute horrelako arazoek. Azala hidratatzea, begietan ur hotza jartzea eta ariketa fisikoa egitea gomendatu dute medikuek.

BERRIA.
Uxue Gutierrez Lorenzo.
2020ko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Arin, presaka eta gelditu barik ibiltzeari utzi, eta eguneko ordu gehienak eserita eta apenas ariketa fisikorik egin gabe egoten dira herritar asko azkenaldian. Gorputzak, baina, mugimendua ezinbestekoa du osasuntsu mantentzeko, eta, ahal dela, komeni da gutxieneko ahalegin fisikoa bermatzea. Gorputza kexu da azkenaldian, estatikotasunagatik ez ezik, elikadura desegokiaren, pantailaren aurrean ordu gehiago igarotzearen eta ezohiko egoerak sortzen duen estresaren ondorioz. Begiak, azala, hortzak... gorputz atal bakoitzari ezberdin eragiten dio itxialdiak. Gaitzen arrazoiak nola, konponbideak ere askotarikoak dira. Dena den, konfinamenduaren neurriak arindu ahala osasuntsu mantentzeko aukerak ere ugarituz joango dira.

GIHARRETAKO MINA
Aktibatzearen garrantzia

Murriztu dira paseoak, joan-etorriak eta sartu-irtenak. Ondorioz, ordu asko geldi edo oso gutxi mugituz igarotzen dituzte herritar askok. Estatikotasunak ahuldu egiten du gorputza, eta oso ohikoa da egunotan giharretako, artikulazioetako eta hezurretako mina pairatzea, edo esfortzu txikien ondoren neke sentsazioa areagotzea. Hala baieztatu du RS Bilbao zentroko fisioterapeuta den Amaia Diezek. «Fisioterapiaren funtsa mugimendua da; geldi gauden garai hauetan, askotariko arazoak pairatu ditzakegu, eta, ondorioz, funtzio batzuk galdu». Gainera, fisikoaren eta psikologikoaren arteko lotura estua nabari du Diezek. «Min fisikoak eragina du egoera psikologikoan, eta, aldi berean, psikologikoki ahul gaudenean mina sentitzen dugu; gorputzaren babes mekanismo bat da, abisu bat».

Arrazoiak arrazoi, soluzioa argia da: «Min denak, edo gehienak, mugimenduarekin desagertzen dira». Mugimendua nola, baina? Lau ardatzen bueltan antolatu ditu Diezek gorputzaren ongizatea bermatzeko gomendagarriak diren jarduerak: indar ariketak, oreka lantzeko ariketak, malgutasuna lantzekoak eta ariketa aerobikoak. Azken multzoari dagozkio bihotz taupadak azkartzea helburu duten jarduerak: saltoka aritzea, eskailerak korrika igo eta jaistea edo bizikleta estatikoan ibiltzea, besteak beste. Indar ariketak, berriz, besoetako, hanketako eta sabelaldeko giharrak lantzera bideratutakoak dira. Gomendio orokorra da astean ariketa fisikoa 150 minutuz egitea, lau ardatzetako ariketak uztartuz. Halere, idealera heldu gabe ere aktibatu daiteke gorputza. «Beti da hobe zerbait egitea ezer ez egitea baino». Norberaren kirola egiteko ohitura ere kontuan behar da, lesioak eragozteko.

Lanerako jarrera egokia zein den ere esplikatu du Diezek: belaunak beti aldaka baino beherago; bizkarra tente eta aulkian pausatuta; pantaila begien altueran; eta besoak pausatuta. Oinak ere, altura txiki baten gainean baldin badaude, hobe. Oinei dagokionez ere bada oharrik: «Etxeko zapatilak ez daude 24 orduz erabiltzeko prestatuak». Egokiena da etxean oinutsik ibiltzea edo, behintzat, oinetako ezberdinak erabiltzea egunean zehar. «Oinak aktibatzea ezinbestekoa da gorputzaren ongizatea bermatzeko; izan ere, oinetan hasten da gorputzaren egonkortasuna».

BEGIETAKO ARAZOAK
Atsedena eta hotza

Begiak gorri, lehor eta handituta nabari dituzten herritarren kopuruak gora egin du, eta Juan Duran de la Colina oftalmologoari guztiz logikoa iruditzen zaio. Halere, begietako gaitzen oinarrian kausa ezberdinak egon daitezkeela uste du. Batetik, lentillen gehiegizko erabilera. Bestetik, hantura eragin dezaketen osagaiak dituzten garbiketa produktuak. Pantailen gehiegizko erabilerak ere arazoak sortzen ditu.

Lentillak denbora luzez jarraian erabilita, begiak lehortu egiten dira,eta azkura eta narritadura sortzen dira. Duran de la Colinaren arabera, komeni da lentillak eta betaurrekoak maizago tartekatzea orain. «Pantailen eta etxeko giro lehorraren ondorioz, begiak gehiago sikatzen dira; lentillen erabilera orduak murriztu behar dira». Era horretan, begiek «atseden har dezakete», eta gerora berriz erabilera arruntera bueltatu. Begietako gaitzak arindu edo desagerrarazteko, kolirioak edo malko artifizialak erabili ohi dituzte askok. Begietan botatzen diren tantak dira kolirioak, begietako azkura eta gorritasuna arintzeko: «Onena, tantak etzanda gaudela botatzea da; eserita botatzea baino askoz errazagoa eta eraginkorragoa da», ohartarazi du oftalmologoak. Malko artifizialak, berriz, begietako idorreria arintzeko baliatzen dira, negar malko naturalen ordezko gisa.

Konponbide guztiak ez dira botikan eskuratzen, ordea. Duran de la Colinak etxean bertan topa daitezkeen pare bat soluzio aipatu ditu: giro hezea sortzea eta begietan ur hotza jartzea. «Landareak ureztatzeko erabiltzen diren ihinztagailuak edo mahai gainean jar daitezkeen hezegailuak lanerako espazioan edukitzea oso gomendagarria da». Giro hezea sortuz gero, begiak gutxiago lehortzen dira. Beste konponbide posible bat begiei atseden hartzen uztea da: begiak kliskatu, begiak segundo batzuez itxita eduki, edo pantailatik at urrunera begiratu. 20- 20-20 araua aipatzen da maiz: Hogei minutuz pantailari begira egon ondoren, hogei segundo igarotzea hogei orpoko distantziara dagoen objektu bati begira. Duran de la Colinak uste du ariketa erraza, zentzuzkoa eta eraginkorra dela.

LOAREN GORABEHERAK
Ordena berrezartzea

Gorputzaren aktibotasunean eragin du itxialdiak, baina mugimendua bezain garrantzitsua da atsedena. Gorputzaren barne erlojua noraezean dago, galduta, bai egunez, bai gauez. Carlos Egea OIS Arabako loaren unitateko arduradunaren arabera, gorputzak «sinkronizagailuak» behar ditu noiz lo egin eta noiz esna egon jakiteko. «Argia eta eguneroko ekintzen ordena zehatza dira lo egiteko erreferentziak normalean, eta orain errutina aztoratuta dago». Ondorioz, atsedena ere bai. Otorduen ordu aldaketek, gutxiago mugitzeak eta ezegonkortasunak loaren gabezia sortu du herritar askorengan. Lo faltak, berriz, estresa eta antsietatea areagotzen ditu. Amaierarik gabeko soka bat da. «Kaos bat da, eta, egia esan, egoera egonkorragoa izan arte, konponbide gutxi du lo faltak».

Ulergarria da atsedenaren asaldura, Egearen aburuz. Halere, premiazkoa da «apurka» gorputza betiko ordutegira berregokitzen hastea. «Alarma egoerak ez du betirako iraungo, eta ahal den heinean ohitura zaharrak berreskuratu behar dira», gomendatu du medikuak. Esplikatu duenez,gizartearen berezko joera indartu du alarma egoerak: «Loaren suntsipenaren garaian bizi gara; atsedena lanarekin edo aisialdiarekin ordezkatzen dugu etengabe, eta orain, are gehiago». Atsedena bermatzeko zenbait ekintza ere egin daitezke: goizean leihoak ireki eta eguzkipean jartzea, ohea soilik lotarako erabiltzea, ohiko ordutegiei eusten ahalegintzea eta lo kuluxkarik ez egitea, besteak beste.

HORTZETAKO GAITZAK
Higieneari eustea

Bruxismoa eta oien hantura. Marina Urigoitia Igorreko Agoa hortz klinikako (Bizkaia) dentistaren esanetan, bi arazo horiek areagotu ditu konfinamendu egoerak. Bruxismoa deritzo inkontzienteki hortzak estutzean datzan ekintzari. Batzuetan, hortzak kraskatu eta apurtu ditzakete bruxistek, eta normalki lo daudenean egiten dute indar gehien. «Inkontzientea denez, ezin da ekidin, eta estresak areagotu egiten du gaitza; konponbide ohikoena ferula erabiltzea da». Esplikazio logikoa bezain erraza dela uste du Urgoitiak: estresaren ondorioz agertzen da bruxismoa, eta konfinamenduan igo egin da pertsona askoren estres maila. «Beste aukera bat estresa gutxitzen saiatzea da: ariketa fisikoaren bitartez, tentsioa askatu eta arlo emozionala artatu».

Elikadura errutina ere aztoratu dela uste du Urgoitiak. «Gertatzen dena da, hiruzpalau otordu egin beharrean, asko etengabe mokadutxoak jaten ibiltzen direla». Horrela, beti«zikin» dago ahoa, janari zatitxoek sortutako azidotasuna dela eta. Higiene falta berehala nabaritu daiteke. «Hamabost egun nahikoa dira oiak odoletan hasteko, eta hor pizten da alarma».Urgoitiak azaldu duenez, erraza da atzera egitea. «Berriz hortzak ondo garbituta desagertuko da arazoa, eta, gutxienez, egunean behin garbiketa sakona eginda: 2-3 minutuz eskuilatu hortzak, eta haria pasatu hortzen artetik».

AZALAREN ERREAKZIOA
Premiazko hidratazioa

Itxialdiak eta osasun larrialdiak era ezberdinetan egin diote kalte herritarren azalari. Batetik, estresak eta larritasunak sortu edo larriagotzen dituzten arazoak daude. Nerea Landa Bilboko Dermitek kontsultako dermatologoak ohikoenak aipatu ditu: «Ekzemak, dermatitisa, buruko zolda edo norberak bere buruari eragindako lesioek estresarekin egiten dute gora». Finean, dermatitisa azalaren hantura da, kanpoaldeko geruzak gorritu eta puztu egiten dira, eta azkura eragiten dute. Aurpegian, ukondoen barrualdean ala belaunen atzean agertzen denean, dermatitis atopikoa esaten zaio; buruko ile larruan denean, berriz, dermatitis seborreikoa da.

Garbiketa produktuen erabilerak ere azala lehortu, gorritu eta ekzemak sor ditzake. «Egoera honetan oso maiz garbitzen ditugu eskuak, eta beharrezkoa da, baina ugaritu egin dira azalaren narritadura kasuak». Maskaren erabilerak ere antzeko ondorioak eragin ditzake. Landak aholkatu du larruazala hidratatzeko kremak erabiltzea: «Olioa duten xaboiak ez dira hain erasokorrak; horiek erabiltzea komeni da». Garbiketa produktuak, ordea, alkoholdunak dira, eta asko lehortzen dute azala. Produktu horiek erabiltzeko eskularruak janztea da egokiena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.