Katalunia

Carles Puigdemontek saihestu egin du Madrilek nahi zuen argazkia

Hilaren 17an da Bruselan deklaratzekoa. Handitzen ari da Espainia eta Belgikaren arteko tentsioa

Carles Puigdemont Kataluniako Gobernuko presidentea, herenegun Bruselan, Belgikako Fiskaltzaren eraikin batean. OLIVIER HOSLET / EFE.
Igor Susaeta.
2017ko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Carmen Lamela Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak agindu zion Belgikako Fiskaltzari, joanden ostiral gauean, atxilotu zezala Carles Puigdemont, Espainian deklaratzeari uko egin diolako. Espainiako Gobernuak nahiko zukeen Kataluniako presidentea, beste zortzi kontseilari bezala, atxilotua izatea eta hori ikus zedila. Baina Puigdemontek eta Bruselan jarraitzen duten Kataluniako Gobernuko lau kontseilariek, Antoni Cominek, Clara Ponsatik, Meritxell Serretek eta Lluis Puigek, Bruselako komisaldegi batera jo zuten herenegun goizean. Instrukzio epaile batek galdekatu zituen, eta handik ordu batzuetara, gauean, aske utzi, kautela neurriak ezarrita. Madrilek ikusi nahi zuen argazkia saihestu ahal izan zuen, beraz, Puigdemontek.

Halere, hilaren 17an dira bostak Bruselako Kontseiluaren Ganberaren aurrean deklaratzekoak, eta lehen auzialdiko epaitegi horrek erabakiko du, hamabost eguneko epean, Espainiako Estatuaren estradizio eskaerak onartzen dituen ala ez. Dena den, balizko helegiteak direla eta, prozedura judiziala bi hilabetez, edo gehiagoz, luza daiteke. Bien bitartean, gertatzen ari dena dela medio, areagotuz doa Espainiako eta Belgikako gobernuen arteko tentsioa.

Puigdemonti eta kontseilariei instrukzio epaileak jarritako baldintzen arabera, ezingo dira herrialdetik atera, beren bizitokiaren berri eman beharko dute, eta hala exijitzen dietenean epaitegira aurkeztu beharko dute. Kataluniako presidenteak adierazi zuen herenegun, Twitter bidez, Belgikako justiziarekin kolaboratzeko prest dagoela.

Hilaren 17an dago deklaratzera deituta. Ondorengo hamabost egunetan hartu beharko du erabakiren bat lehen auzialdiko epaitegiak, eta, behin hori gertatuta, akusazioak zein defentsak beste hamabost egun dituzte, gehienez, ebazpena inpugnatzeko. Hori presidentearen interesen kontrakoa bada, Paul Bekaert Puigdemontek Belgikan daukan abokatuak esan izan du asilo eskaera egitea baino inpugnatzea dutela asmo.

Nahiz eta epaileak agindu Puigdemontek estraditatua izan behar duela, legezko bide guztiak agortuz gero abenduaren 21eko hauteskundeetarako kanpaina egin ahal izango luke presidenteak Belgikatik. Izan ere, kautela neurrien artean ezerk ez dio komunikabideen aurrean mintzatzea eragozten. Bruselara joan zenean, haren bi helburuetako bat zen Belgikako justiziak epaitua izatea; eta bestea, Kataluniako auzia nazioartekotzea. Lehen helburua lortu du. Eta bigarrena gauzatzeko ahaleginean dabil. The Guardian egunkariak, esaterako, haren artikulu bat argitaratu zuen atzo. Salatzen ditu Espainiako justiziaren «gehiegikeria onartezinak», eta dio Espainiako Gobernuaren agendaren «zerbitzura dagoela» justizia. Haren esanetan, haien etorkizuna bera baino askoz ere gehiago dago jokoan une honetan: «Demokrazia dago jokoan».

Pablo Casado PPren komunikazio presidenteordearentzat, ordea, Espainiako zigor sistemak Belgikakoak baino «berme gehiago» eskaintzen ditu. Atzo nabarmendu zuen, gainera, Espainia eta Belgika «aliatuak» direla. Ez dirudi, baina, erabateko egia denik, Charles Michel lehen ministroak urriaren 1eko erreferendumean Espainiako Poliziak edukitako jarrera biolentoa gaitzetsi zuenetik. Horri gehitu, adibidez, Jam Jambon Belgikako Barne ministroak herenegun ahoratutakoak. Izan ere, «bidezko epaiketa bat» eskatu zuen bai Puigdemontentzat eta bai beste kontseilarientzat ere. Dena dela, areago joan zen, atzo, bere alderdikide Bart De Wever, N-VA alderdi flandriarreko presidentea —indar nagusia da Belgikan—: «Erregimen hartako [Francorena] jende gehiegik erantzukizunak ditu, oraindik, alderdian [PP]». Esteban Gonzalez Pons PPren eurodiputatuak esan zuen, herenegun, N-VAren ibilbidea «xenofoboa» dela.

Bide batez, Jambonek eskatu dio EB Europako Batasunari «babestu» ditzala politikari katalanak. Europako Batzordeko bozeramaile Margaritis Schinisek betikoa erantzun dio: EBk ez duela inolako rolik jokatzen auzian. Belgikan, berriz, auziaz eta Puigdemonten zein kontseilarien egoeraz galdetuko diote bihar parlamentuan diputatuek Michel lehen ministroari.

200 alkate Bruselan

ACM Kataluniako Udalerrien Elkarteak eta AMI Independentziaren Aldeko Udalerrien Elkarteak deituta, Kataluniako 200 alkate Bruselara joatekoak dira gaur. Hitzaldi bat emango dute han, eta haien asmoa da Espainiako Estatua Katalunian edukitzen ari den jarrera «errepresiboa» salatzea, «lehen eskutik». Gaur bertan dira handik bueltatzekoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.