Albistea entzun

Lan merkatuan ere nabaritu da urtarrileko aldapa

Lanbidek eta Lansarek abenduan baino 2.495 langabe gehiago erregistratu dituzte, ia denak emakumeak. Gizarte Segurantzak 12.237 afiliatu galdu ditu hilabete batetik bestera
Tamaina handiagoan ikusi

Jokin Sagarzazu -

2023ko otsailak 3

Lan merkatuak motel hasi du urtea Hego Euskal Herrian, eta iazko azken hiruhilekoan ekonomiak agertutako neke sintomak urteko lehen hilabeteko langabezia datuetan ere azaleratu dira: bigarren hilabetez jarraian, langabeziak gora egin du. Urtarrilean, 2.495 langabe gehiago zenbatu dituzte Hego Euskal Herriko enplegu zerbitzu publikoek. Guztira, 144.903 lagun daude lanik gabe. Hilabete batetik bestera datuak okerrera egin arren, aurreko urteko lehen hilean baino 3.858 pertsona gehiago daude oraindik ere lanean.

GEHIEN KALTETUTAKOAK
Zerbitzuak eta emakumeak

Urte hasierak txarrak izan ohi dira enpleguarentzat, Eguberriei begira sortzen diren lanpostu asko, bereziki merkataritzakoak eta ostalaritzakoak, deuseztatu egiten direlako, eta hala gertatu da aurten ere. 2.883 lanpostu galdu dira sektore horretan; beste guztietan, aldiz, sortu dira, igoerak apalak izan diren arren: industrian 341 langabe gutxiago daude; eraikuntzan, 96; eta nekazaritzan, 20. Normalean, zerbitzuen sektorean galera handiagoa izaten da urtarrilean, baina gogoratu behar da abenduan beste urte batzuetan baino lanpostu gutxiago sortu zirela alor horretan, 109 baino ez. Enplegu galerarik handiena sektore horretan gertatu izanak emakumeei eragin die gehien. Langabe berrien %98,7 emakumeak dira.

LURRALDEAK
Araba okerren

Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan handitu da langabezia, baina Araban bereziki: 863 pertsona gehiago daude. Bizkaian, 796k eman dute izena Lanbiden, eta Gipuzkoan, 448k. Nafarroako Lansarek 388 gehiago zenbatu ditu. Iazko urtarrileko datuekin alderatuta ere Arabak ditu emaitzarik okerrenak. Lurralde horretan soilik handitu da langabeen kopurua iaztik: 327 pertsona gehiago daude. Beste guztietan gutxitu egin da. Bizkaian, 2.388 lagunek aurkitu dute lana iazko urtarriletik, eta Gipuzkoan, 978k. Nafarroan, halaber, 3.858 gehiago daude lanean.

KONTRATU BERRIAK
Azken hamar urteetako kopururik txikiena

Inflazio handiak eta horri aurre egiteko azken hilabeteetan banku zentralek interes tasak handitu izanak hoztu egin dute ekonomia, eta horren eragina egindako kontratu berrien kopuruan ere nabaritu da. 79.669 egin dira, iazko urtarrilean baino %22,4 gutxiago. Azken hamar urteetako urtarrilik okerrena izan da, gainera.

Kontratu motari dagokionez, baina, inoizko kontratu mugagabe gehien egin den urtarrila izan da. Aurreko urteko hil berean egindakoak halako bi dira. Hein handi batean hori gertatu da iaz indarrean sartu zen lan erreformaren eraginagatik, eta azken urtean errepikatu den joera bat da. Hala, gaur egun egindako lau kontratutatik bat (%26) da mota horretakoa.

Dena den, lan erreformaren aurka azaldu direnek zalantzan jartzen dute kontratu mugagabe horietako askoren benetako izaera. ELA sindikatuak aste honetan aurkeztutako azterketa baten arabera, kontratu finkoen erdiak baizik ez dira jardunaldi osokoak, eta horietako askotan langileak bota egiten dituzte sei hilabeteko probaldia amaitu ondoren.

AFILIAZIOAK
Galera, baina eusten

Ekonomiaren geldotzeak Gizarte Segurantzako afiliazioetan ere izan du eragina. Abenduan baino 12.237 gutxiago daude Hego Euskal Herrian. Hala ere, langabeziaren datuekin gertatzen den moduan, aurreko urteko urtarrilean baino 15.035 gehiago daude, eta afiliatuen kopurua inoizko handienetakoa da oraindik ere: 1,28 milioi.

Gainera, beste urtarril batzuekin konparatuta, afiliatuen kopuruan egon den galera oso antzekoa izan da urte hasiera honetan. Ohikoa izaten da 10.000-13.000 afiliatu ingururen galera egotea urtarrilean eta hurrengo hilabeteetan berreskuratzea. Orain, ikusteko dago zer bilakaera izango duen datozen hilabeteetan, egoera ekonomikoaren susperraldia ez baita uda arte espero.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Nupes ezkerreko koalizioko diputatuak gobernuaren eta haren errtretaren erreformaren aurkako kartelekin, atzo, Frantziako Asanblean. ©TERESA SUAREZ / EFE

Erretreten erreforma onartuta geratu da, Frantziako Gobernuak zentsura mozioa doi-doi gainditu ostean

Iker Aranburu

Erreforma geratzeko azken saioak huts egin du, baina gehiago ahuldu du Frantziako Gobernuaren kapital politikoa.

Credit Suisseren akzioen azken egunetako bilakaera erakusten duen grafikoa, atzo, Zuricheko burtsan. ©E. L. / EFE

Banku zentralek merkatuak lasaitu dituzte elkarri likidezia ziurtatuz

Imanol Magro Eizmendi

Credit Suissek porrot egin ostean adostu dute akordioa, eta banku gehienek kolpea saihestu dute

Burgen Kingek inoizko moto eskari handiena egin zion iaz. ©Nuuk

Nuuk enpresaren kapitalean sartu da Eusko Jaurlaritza

Aitor Biain

Hiru milioi euroko inbertsioa egin du, Ezten arrisku kapitaleko funtsaren bitartez.

Budapesten martxan dauden CAFek egindako tranbiak. ©CAF

CAFek 100 milioi euroko bi kontratu erdietsi ditu Hungarian eta Espainian

Aitor Biain

Budapesterako 31 tranbia egingo ditu, eta sei Sevillako Alcala de Guadairarako.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.