Albistea entzun

Krak bat baino zerbait gehiago

Arrazoi anatomikoak, morfologikoak eta biomekanikoak direla medio, emakume kirolariek arrisku handiagoa dute belauneko lotailu gurutzatua apurtzeko. Ander Formoso arrazoien inguruan mintzatu da, eta Esther Arrojeriak eta Marina Agouesek euren bizipenak azaldu dituzte.
Belauneko lotailu gurutzatua apurtu duen emakume baten belauna.
Belauneko lotailu gurutzatua apurtu duen emakume baten belauna. BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Ainara Arratibel Gascon -

2023ko urtarrilak 24

«Ez etsitzea eta patxada izatea funtsezkoa da osatze prozesuan»
Esther Arrojeria
Bera Berako jokalaria

Esther Arrojeriak bi belaunetako lotailu gurutzatuak apurtu zituen. Lehenbizikoa 2012an apurtu zuen. Oraindik ere Usurbilen jokatzen ari zen. Aurreneko lesio hura «ezjakintasunez» bizi izan zuen. «Pentsa, partida baten hasieran gertatu zitzaidan, eta aulkian pentsatu nuen: 'Beharbada bigarren zatian jokatzeko moduan nago'. Medikuarekin egon nintzen arte ez nintzen jabetu zein larria zen lesioa».

Ebakuntza oso ondo joan zen, eta gero ekin zion osatze prozesuari. «Ez nengoenez gorengo mailan, egin nuen errehabilitazioa zera izan zen: osasun aseguruaren fisioterapia saioak, eta medikuak giharrak indartzeko bidali zizkidan ariketak».

Osatzeko bosgarren hilabetean, Bera Beran jokatzeko deitu zioten. «Hor bai, jarraibide zehatzago batzuk jarri zizkidaten, eta horrek ere asko lagundu zidan». Lehen aldi hartan zazpi hilabete eman zituen jokatu gabe.

Ohikoa izaten da halako lesio batetik bueltatzean jokalariak beldurra izatea mugimendu batzuk egiterakoan. «Azken batean, ez zara min hartu aurreko jokalari bera. Hilabete batzuk pasatzen dira harik eta lesioa izan duzun belaunean pentsatu gabe jokatzen duzun arte».

Behin bete-betean itzulita, Bera Berako funtsezko jokalari bihurtu zen, eta Espainiako selekzioak deitu zion Errumanian torneo bat jokatzeko. Hor apurtu zuen beste belauneko lotailua: «Aste osoa eman nuen multzoarekin entrenatzen, eta partida bezperako lan saioan hartu nuen min». Arrojeriak uste du «faktore asko» batu zirela min hartzeko garaian. «Batetik, minutu asko neramatzan jokatuta denboraldi hartan, eta neke pixka bat nuen; bestetik, Espainiako selekzioarekin aritzen nintzen lehen aldia zen, eta horrek beti sortzen du presio bat».

Bigarren lesioa «kolpe latza» izan zen. «Askoz gogorragoa izan zen. Azken batean, banekien zer zetorkidan. Baina batez ere gaizki pasatu nuen osatze prozesua askoz mantsoago joan zelako». Nahi eta ezin horrek «frustrazioa» eragiten zion. «Hilabete zailak izan ziren. Ezin nuen belauna tolestu eta luzatu. Ondo ibiltzeko ere ez nintzen gai. Baina ez nuen etsi, lanean jarraitu nuen, eta aurrera atera nintzen».

«Pazientzia» izatea ere funtsezkoa dela uste du Arrojeriak. «Ez da erraza, batez ere itzultzear zaudenean. Zu jada ondo sentitzen zara, eta lehiatu egin nahi duzu. Niri belauna puztu egiten zitzaidan, eta horrek zuhurrago jokatzen lagundu zidan».

Lesioarekin batera, gogorrena «taldeari ezin laguntzea eta multzoaren egunerokotik aldenduta egotea» dela azaldu du Arrojeriak. «Gehiago sufritzen da kanpoan zaudenean. Gainera, urte hura gogorra izan zen guretzat. Izan ere, nire postuan jokatzen zuen taldekidea ere, Alicia Fernandez, min hartuta egon zen denbora luzez, eta beste jokalari batzuek ere arazoak izan zituzten lesioekin».

Bederatzi hilabete eman zituen jokatu gabe. «Lehen aldian baino hilabete gehiago eman nituen osatzen, eta uste dut behar zen garaian itzuli nintzela». Oso gogoan du bigarren itzulera hori. «Hunkigarria izan zen. Kuadrillakoak pankarta batekin etorri ziren Bidebietara».

Arrojeriak beste arlo bati ere egin dio azpimarra: psikologikoari. «Halako lesioen osatze prozesuetan, lan fisikoa bezain garrantzitsua da lanketa psikologiko ona egitea. Emozio asko izaten dituzu, eta horiek kudeatzen ikasi behar duzu. Asko ikasten duzu, eta itzultzean beste bat zara, bai pertsona moduan eta bai jokalari moduan, helduagoa».

Bi lesioek indartsuago egin dute psikologikoki, eta jokatzeko era ere aldatu zuen. «Lehen lesioaren ostean izan zen: ezkerreko lotailua apurtu nuenez, zinta egiteko garaian alde ahulenera joateko joera hartu nuen». Bete-betean dago orain: «Uste dut denbora neramala maila honetan egon gabe».

«Hamar bat aldiz egin behar izan didate ebakuntza»
Marina Agoues
Futbolari ohia

Marina Agouesek ez du ahaztuko 2018ko abuztuaren 1a. Ilusioz gainezka zegoen. Eibarrek fitxatu berri zuen, eta lehen entrenamendua zuen. «Kanpora zihoan baloi baten bila joan nintzen dena emanda. Krak bat sentitu eta entzun nuen belaunean. Berehala konturatu nintzen zerbait larria zela». Negarrez hasi zen. «Ez minagatik, baizik eta banekielako zerbait larria zela. Ezin nuen sinetsi niri gertatu zitzaidanik. Lehen une hartan beldurra sentitu nuen».

Lesioa izan eta hilabetera egin zioten ebakuntza. «Orduan konturatu ziren uste baino lesio larriagoa nuela. Ebakuntzak 3-4 ordu iraun zuen; errotulako tendoia eta meniskoa ere ukituta neuzkan». Baina gogotsu ekin zion osatze prozesuari. «Itzultzea besterik ez nuen buruan».

Orduan hasi zen amesgaiztoa. «Bakarrik entrenatzen nintzen. Soilik prestatzaile fisikoarekin egoten nintzen, eta hori gogorra da. Iritsi berritan lesionatzeak ere presio moduko bat eragiten dizu». Lehen egunetik gauzak ez ziren ondo joan: «Mina neukan. Baina esaten zidaten buruko kontua zela, ez nuela lesioa barneratzen». Agouesek argi zuen ez zela horrela. «Pilulak hartu behar izaten nituen minerako. Gainera, ikusten nuen nire paretsu lesio bera izan zuten jokalariak bueltatu egiten zirela, eta hori beste kolpe bat zen. Ni ez nintzen ezta zelaira atera».

Makina bat medikurekin egon ziren, baina ez zuten konponbidea topatzen. Hala, berriro ebakuntza egin zioten. «Belauna garbitu zidaten». Baina handik lau hilabetera berdin segitzen zuen: «Ezin nuen ezta belauna mugitu ere. Hasieran bezala nengoen». Hori dena ikusita, animoz ere gero eta okerrago zegoen: «Nik buruan nuen 30 urte inguru bete arte jokatzea, eta 25 baino ez nituen. Dena zapuztu zitzaidan».

Bera hain gaizki ikusita, gurasoak tartean sartu ziren. Mikel Sanchez medikuarengana eraman zuten. «Hark garbi esan zidan bere helburua izango zela ni minik gabe ibiltzea. Baina ahazteko futbolaz, belaunak asko sufritu zuelako. Kolpea izan zen». Sanchezek pare bat ebakuntza egin zizkion. «Asko zaindu ninduen. Prozesu honetan, denera, hamar bat aldiz egin didate ebakuntza, bestelako arazo batzuk ere izan nituelako». Agouesek helburu bat izan du ordutik: kirola egitea. «Pixkanaka ari naiz zertxobait egiten, oso burugogorra bainaiz».

Dena den, mina ez zaio joan. «Minez bizitzen ikasi dut». Duela aste batzuk jaso zuen lanerako ezintasuna: «Negar egin nuen jaso nuenean, sufrimendua handia izan baitzen». Realean egon izan balitz, uste du jokatzen jarraituko zuela. «Han ondo ezagutzen nituen, eta beste baliabide batzuk zeuden».

Fisikoki ez ezik, psikologikoki ere gogorrak izan dira urte hauek Agouesentzat. «Oraindik ere psikologoarekin lanean jarraitzen dut. Azken batean, futbolaria nintzen, eta nire egunerokoaren parte garrantzitsuena kendu zidaten. Hasieran, ez nuen onartzen gertatzen zitzaidana; gero, ez nuen futbolaz ezer jakin nahi. Kostata itzuli naiz Zubietara partidak ikustera». Behin hori gaindituta, beste momentu batean dago orain. «Lantzen ari garena gehiago da erretiroa hartu ostean jokalari batek lantzen duena».

«Obulatu baino lehenago eta obulatzean, min hartzeko arrisku handiagoa dago»
Ander Formoso
Ammma zentroko kidea

Prestakuntza fisikoan eta errehabilitazioan adituak dira Donostiako Ammma zentroan. Bertako errendimendu koordinatzailea da Ander Formoso, eta egokitu izan zaio lotailu gurutzatua apurtu duten emakumezko kirolariekin lan egitea. Ikerketek diotena berretsi du: emakumezkoek joera handiagoa dutela belauneko lotailu gurutzatua apurtzeko. Arrazoiak askotarikoak dira, baina hiru bloketan banatu daitezke: anatomikoak, morfologikoak eta biomekanikoak.

Formosok azaldu du gakoa aldaka dela. «Erditzea tarteko, emakumeen aldaka zabalagoa da. Horrek eragiten duena da joera handiagoa izatea bihurritua izateko femurretik barrura, eta tibiatik kanpora. Hala, belauneko lotailuek gehiago sufritzen dute, eta apurtzeko arrisku handiagoa dago abiadura aldaketa bortitz batean». Gainera, hormonalki emakumeek ahalmen txikiagoa dute giharretan indarra sortzeko, eta horrek ere arriskua areagotzen du. «Horregatik da hain garrantzitsua emakume kirolariek indarra lantzeko ariketak egitea». Beste arrazoi batzuk ere aipatu ditu: artikulazioen gehiegizko luzatzea eta hilekoa, adibidez. «Obulatu aurretik eta obulatzen duten bitartean, emakumeek giharretako neke handiagoa izaten dute, eta halako lesio bat izateko arriskua handiagoa da».

Baina egin al daiteke halako lesioen prebentzioa? Formosok ez du gustuko izen hori. «Guk zera egiten dugu: lesioa izateko arrisku hori apaldu, kontrolatu daitezkeen faktoreetan arreta jarriz: adibidez, artikulazioen luzamendua, giharretako indarra... Fokua hor jartzen dugu. Indar ariketak egitea ezinbestekoa da».

Behin lesioa egin eta ebakuntza pasatuta, osatze prozesua hasten da. «Belaunarekin ezin gara hasi lanean hilabete pare bat pasatu arte. Baina ordu arte, beste gorputz atal batzuekin egiten dugu lan: aldakak, gerritik gorako zatia... Batez ere indarra lantzen dugu».

Belaunarekin indar ariketak egiteko moduan daudenean, esku hartzeko moduan dira Formoso eta haren lan taldea. «Biologikoki belauna bere horretara itzultzen den momentua da, belaunak bere mugimenduak egin ahal dituenean. Patxada izan behar da horretarako. Izan ere, behar baino presakago ibiliz gero, arazoak izan daitezke osatzeko».

Indarrarekin batera lantzen dute belaunaren mugikortasuna. «Elkar hartuta daude. Lehen faseetan, hala ere, belaunaren mugimendu analitikoak lantzen dira: tolestea eta luzatzea. Hortik aurrera, aldakaren eta orkatilaren mugimenduekin integratzen dugu, eta belaunaren sostengu eraginkor bat lortu».

Behin hori lortuta hasten da egunerokorako buelta: «Hori bai egin behar dela poliki, kanpoko faktoreak sartzen baitira jokoan, zuk kontrola ezin ditzakezunak: baloia, aurkariak... Hor funtsezkoa da kirolaria ziurtasun batekin egotea. Ziurtasun hori ez da ia erabatekoa 18-24 hilabete igaro arte. Ordu arte, kirolaria ez dago fisikoki bete-betean, eta arrisku handiagoa dago min hartzeko».

Emakumeen lesiorik ohikoena beste belauneko lotailu gurutzatua apurtzea izaten da. «Oharkabean, belaun batek besteak baino gehiago tiratzen du, eta horregatik gertatzen da». Indarra lantzea zerbait berria da. Horretan eragiten jarraitzen den neurrian bigarrenez lotailua apurtzen duten kirolarien portzentaje hori apaldu egin daitekeela uste du Formosok. «Dena den, itxaron egin behar da hori guztiz ziurtatzeko». Bigarren osatze prozesu horretan, lanketa psikologikoa are garrantzitsuagoa da. «Guk beti esaten dugu puntu batetik aurrera, belaunak baino gehiago, pertsonak errehabilitatzen ditugula. Funtsezkoa da psikologikoki baikor eta indartsu egotea».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

«Giro onak lagundu digu prestatzen eta gozatzen»

Jon Ander De la Hoz

Azurmendik eta Alberdik irabazi dute Sherpa Airen binakako txapela. Biei «ilusioa» egin die elkarrekin gailentzeak. Finalean egindako lan ona azpimarratu dute.
Teresa Errandonea atleta Donostiako belodromoan. Bertan entrenatzen da eguraldi txarra dagoenean. ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Erori, zutitu, eta jauzi egin

Beñat Mujika Telleria

Min hartuta egotea zaila izaten da kirolarientzat, baina soleoan izandako lesioa atzean utzita, sasoiko itzuli da Teresa Errandonea hamar hilabeteren ostean.

<b>Realeko jokalariak igandean sartutako goletako bat ospatzen.</b> ©LA LIGA

Balio handiko partida

Ainara Arratibel Gascon

Realak atzeratutako liga partida jokatu du gaur Real Madrilen zelaian. Txuri-urdinek segida eman nahi diote igandean lortutako garaipenari

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.