Osasunak beste erronka handi bat izango du gaur: Sevillaren zelaian ariko da

enaut agirrebengoa
2021eko urriaren 30a
00:00
Entzun
Santiago Bernabeun meritu handiko puntua urratu eta hiru egunera, Osasuna Sevillan (Espainia) ariko da gaur, Sanchez Pizjuanen. Helburua garbia da: Sevillaren kontra gutxienez beste ale bat batzea, eta hala, etxetik kanpoko bolada ikusgarriari jarraipena ematea. Iruñetik urrun jokoan izaniko hamabost puntuetatik hamahiru lortu ditu: lau lehia irabazi ditu, eta bat berdindu.

Egutegi aldetik, sasoiko zatirik gogorrenean daude nafarrak, baina aldapak ez dirudi horren pikoa norbera indartsu dagoenean. Bost partida daramatzate galdu gabe, eta hemeretzi punturekin, bete-betean daude sartuta goiko postuen borrokan. Alta, zuhur mintzatu da Jagoba Arrasate gorritxoen teknikaria: «Mailari eusteko puntuen erdiak lortu ditugu, eta jarraitu beharra daukagu. Aurreko sasoian hiru hilabetez egon ginen irabazi gabe, beraz, ni jada ez naiz ezertaz fio».

Astirik ia ez dute izan gaurko partida prestatzeko, baina buruz indartsu dakusa taldea. «Lehiatzeko konfiantza behar duzu, eta guk emaitzen bermea daukagu. Heltzen ari gara talde moduan». Erronka handia izango dute Sevillaren kontra, prestatzaile bizkaitarrak aitortu duenez. «Izan dezakegun partidarik zailena da, talde ahaltsu baten aurka eta denborarik gabe. Gure mentalitate lehiakorrean sinetsi behar dugu». Hori bai, ez dute presiorik, «ilusioa baizik».

Sergio Herrera ez da ariko atepean, Bernabeun min hartu eta gero. Aridane ere ez dago jokatzeko moduan; Budimir bai, ordea.

SEVILLA-OSASUNA
Sevilla. Bono; Montiel, Kounde, Diego Carlos, Augustinsson; Delaney, Fernando, Oliver Torres; Suso, Ocampos eta Rafa Mir.
Osasuna. Juan Perez; Nacho Vidal, Unai Garcia, David Garcia, Cote; Oier, Brasanac, Moncayola, Ruben, Torres; eta Kike Garcia.
Epailea. Del Cerro Grande.
Lekua. Sanchez Pizjuan (42.714 ikusle).
Ordua. 16:15ean (Movistar La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.