Bigarrena, are indartsuago

Ados pilotak udako torneoa aurkeztu du: Plazaz Plaza. Igandetik irailaren 24ra jokatuko da

Plazaz Plaza txapelketan parte hartuko duten pilotariak, atzoko aurkezpenean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
ainara arratibel gascon
2022ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Hemen da Ados pilotak udan antolatzen duen Plazaz Plaza torneoa. Bigarrenez antolatu dute, eta indarrez ailegatuko da. Torneoa igandean hasiko da Villabuenan (Nafarroa), eta uda osoan jokatuko dute. Finala irailaren 24an izango da Etxaurin (Nafarroa). Hamasei pilotarik hartuko dute parte, eta hemeretzi jaialdi egongo dira: hamabi Nafarroan, lau Araban, bi Gipuzkoan eta bat Bizkaian.

Etxaurin egin zuten atzo txapelketaren aurkezpena: «Guretzat oso garrantzitsua da txapelketa hau berriz antolatzea.Urte osoko egutegia osatu dugu. Gainera, txapelketan pilotariek lan kontratua izango dute, kotizatu egingo dute. Hala, sortu ginenean jarritako bi helburuak bete ditugu», adierazi zuen Maite Ruiz de Larramendik, Ados pilotako ordezkariak.Gainera, udalek jaialdiak hartzeko izandako harrera ona eskertu du. «Txapelketatik kanpoko jaialdiak ere egingo ditugu. Oso pozik gaude».

Pilotariak bi multzotan egongo dira banatuta. Multzo bakoitzean lau aurrelari eta lau atzelari egongo dira. A multzoa Aldaregiak, Iantzik, Zabaletak, Etxegaraik, Orbegozok, Ruiz de Larramendik, Zabalak eta Iturriagak osatuko dute; B multzoa, berriz, Arrietak, Ruiz de Infantek, Barrocalek, Etxekoleneak, Mujikak, Mendiburuk, Agirrek eta Osesek.

Bikoteak ez dira beti berdinak izango. Aurrelari bakoitzak multzoko atzelari guztiekin jokatuko du, eta alderantziz. Irabazitako partida bakoitzeko pilotariek puntu bat jasoko dute, eta aldeko eta kontrako tantoak ere kontuan hartuko dira. Multzo bakoitzeko bi aurrelari eta bi atzelari onenak sailkatuko dira finalerdietarako.

Bertan A multzoko lehen aurrelari eta atzelariek B multzoko bigarren aurrelariaren eta atzelariaren kontra neurtuko dituzte indarrak; eta B taldeko lehen atzelari eta aurrelariakA multzoko bigarren aurrelariaren eta atzelariaren kontra. Finalerdiak Oñatin eta Dulantzin jokatuko dituzte. Lehena irailaren 16an, eta bestea irailaren 18an. Irabazleek 24ko finala jokatuko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.