Atzerrira eraman dute arbela

Saskibaloi entrenatzaile ugari daude Euskal Herrian. Batzuek baino ez dute lortzen etxean eta goi mailan aritzea, eta askok atzerrira joan behar izaten dute aukerarik onenaren bila. Horrela joan ziren Iñaki Martin, Iurgi Caminos eta Hanot Zabaleta, eta beren bizipenak kontatu dituzte.

DENNIS DUDDEK.
Beñat Mujika Telleria.
2023ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
«Oso txarra da pentsatzea etxean bezala lan egin ahal izango duzula»
Iñaki Martin
Saskibaloi entrenatzailea



Talderik gabe dago gaur egun Iñaki Martin (Donostia, 1978). Aita izan zen duela hilabete gutxi, eta horrekin gozatzen ari da. Valladoliden (Espainia) egin zituen lehen urratsak entrenatzaile lanetan. Urte asko eman ditu Espainiako zenbait ligatan, besteak beste ACBn eta Urrezko LEB ligan, Gipuzkoa Basketekin. Baina atzerrian egin du ibilbiderik oparoena. Mozambikera joan zen lehenbizi, eta han Maxaquenne taldean aritu zen. Gero, emaitza onek hango selekzioaren prestatzaile izatera eraman zuten. Selekzioarekin historia egitea lortu zuen, eta zilarrezko domina irabazi zuen Afrobasketen. Emakumeen selekzioan ere aritu zen aurrerago, eta Venezuelan, Portugalen eta Burundin lan egin du. «Espainian baino aukera gehiago eman dizkidate atzerrian», dio Martinek.

Hiru arrazoik bultzatuta hartu du Martinek kanpora joateko erabakia bere ibilbide luzean. Aurrenekoa haren lehen aldian izan zen, 2009an, Mozambikera lehen aldiz atera zenean: «Espainian laguntzaile izateko eskaintzak nituen, baina atzerrira joatea erabaki nuen». Bigarren arrazoia pertsonalagoa izan zen; leku bat aukeratu zuen, Mozambike, harekin lotzen duen zerbait daukalako. «Afrikan lehen urteak oso onak izan ziren emaitzei dagokienez, klubetan zein selekzioan. Horrek erraztu egin zidan ia nahi izan dudan guztietan itzultzea». Hirugarrena, berriz, azken bidaian ezagutu du. Sasoi honetan ez du Espainiako liga nagusietan eskaintzarik jaso, eta hilabete batez joan zen Burundira.

Ezin hobeto ezagutzen du donostiarrak Afrikako saskibaloia, eta hango jokalarien nondik norakoak azaldu ditu. Iparraldeko afrikarrak talentuagatik nabarmentzen direla azaldu du. Futbolean bezala, «jokoa hobeto ezagutzen» dute Afrikako beste herrialde batzuetan baino. Gainerako selekzioak fisikoki talde harrigarriak direla dio, baina «jokoaren ezagutzan» daukate hutsunerik handiena. «Ez dituzte partidaren egoerak kontrolatzen, eta berdin jokatzen dute aurreneko minutuetan eta amaierakoetan. Berdin zaie galtzen edo irabazten doazen: ez dute horren arabera aldatzen jokoa. Agindu, planifikatu eta teknikari eta taktikari dagokienez laguntzeko norbait falta zaie, eta horretara goaz gu».

Esperientzia handia dauka Martinek atzerrian, eta argi dauka azken urteetan gauzak asko aldatu direla Afrikan. Laguntza gehiago dituzte, eta, NBAk berak lagunduta, jokalari oso onak ateratzen dira: «Lehen ikusten ez ziren jokalariak ikusi daitezke gaur egun». Egunerokoan ere gauzak asko aldatu direla ohartarazi du; lehen, bidaiatzeko eta bizitzeko egoerak «oso desegokiak» ziren. Hala ere, gaur egungo egoera profesionala izan arren, Burundin «zementuzko zoruan» entrenatzen ziren, egoera pentsaezina Europan. Hori dela eta, argi dauka Espainiako ligetan edo atzerrian ezin dela modu berean lan egin: «Oso txarra da pentsatzea etxean bezala lan egin ahal izango duzula. Errealitate erabat desberdinak dira Donostiakoa eta Maputokoa. Pentsamolde irekiarekin joan behar duzu, baina zure ideiekin. Jokalariei gauzak ulertarazten laguntzea da helburua».

Saskibaloirako zaletasun handia ikusi du Martinek Mozambiken eta Burundin. «Sozialki garrantzi handia dauka kirolak Afrikan; batez ere, Mozambiken bezala emaitza historiko bat lortuz gero». Pabiloian zale asko elkartzen dira Afrikan, eta entrenamenduetan ere hainbat zale biltzen zirela dio Martinek. Egon den herrialdeetan ezaguna da Martin zaleentzat, eta Afrikako saskibaloian ere ezaguna da. Hala iritsi zitzaion Burundin hilabete egiteko aukera. Beldurrik gabe joan zen, baina inoiz baino gehiago sentitu zuen bakardadea. Hala ere, «soldatarekin batera» doan zerbait dela dio Martinek: «Atzerrian entrenatzea ederra da, baina une txar asko ere izaten dira».

«Entrenatzaile izan nahi badut, ezin naiz mugatu etxean aritzera soilik»
Iurgi Caminos
Saskibaloi entrenatzailea



Euskal Herriko hainbat taldetan laguntzaile eta lehen entrenatzaile moduan urte mordoa eman zituen Iurgi Caminosek (Donostia, 1978). 2018an, ordea, pauso garrantzitsu bat eman zuen bere ibilbidean: Japoniara joan zen entrenatzera, eta geroztik ez da Asiatik mugitu. Bi denboraldi eman zituen Japonian, eta Taiwanera joan zen gero. Han dabil 2021az geroztik. «Asian erabat profesionala izateko eskaintzen zizkidaten lan baldintzak Espainian aurki nitzakeenak baino askoz hobeak ziren».

Kanpora joatea ez da inoiz erabaki samurra izaten, baina «inongo beldurrik gabe» joan zela dio donostiarrak. «Atzerrira joateko, oso garrantzitsua da independentea izaten jakitea, denbora luzez bakarrik egongo baitzara. Egunerokoan bakarrik egoten ikasi dut, eta gozatu ere egiten dut bakarrik turismoa egiten».

Taiwanen, 24 milioi biztanle ingururekin, saskibaloia da lehen kirola. Orain, Dwight Howarden etorrerarekin, 15.000 zale ere sartu dira pabiloiren batean. «Herri eta hirietan hainbat saskibaloi kantxa daude kalean, eta edozein ordutan aurki dezakezu jendea jokatzen». Japonian, aldiz, futbola da lehen kirola, baina, pabiloietan biltzen den jendeari dagokionez, B Liga asko hazi da. «Saskibaloiaren aldeko mugimendu handia dago Asian, eta jende askok ez daki. Filipinetan, adibidez, ia erlijio bat da».

Asia ez zuen ezagutzen Caminosek, eta, zailtasunak zailtasun, pozik dago han: «Taiwanen, adibidez, ingelesarekin ondo moldatzen naiz. Bizimoduan Mendebaldeko ohiturak hartu dituzte, eta oso gizarte aurreratua da. Japonian, berriz, antzinako kultura dago, eta zaila da ingelesez hitz egiten duen jendea aurkitzea».

Taiwanen bi liga daude gaur egun, independenteak bata bestearengandik. P. League+ ligan jokatzen du Caminosek entrenatzen duen Tayouan Pilots taldeak, eta formatua Hego Amerikakoaren oso antzekoa da. Institututik unibertsitatera joaten dira jokalariak, eta urtero draft-a egiten da. Entrenatzaile donostiarrak dio jokalari mota oso desberdina dela Europan ikus daitekeenarekin alderatuta: «Japonian edo Taiwanen ez da erraza jokalari garaiak aurkitzea. Bertan jaiotako jokalariak oso gutxi dira bi metrotik gorakoak. Fisikoki, ordea, oso atleta onak dira. Ez dute tamaina handirik, baina indarra eta giharretako kalitatea badaukate, eta, batez ere, denbora luzez erritmo handian jokatzeko gai dira». Jokoaren irakurketan ikusten du, ordea, desberdintasunik handiena: «Europan taktikoki aurreratuago gaude». Hara iritsitakoan, hobeto landu beharko liratekeen ahulgune batzuk ikusi ditu entrenatzaileak: institutuan eta unibertsitatean aritzen diren entrenatzaileek txapelketak irabaztea izaten dute helburu, eta, zoritxarrez, jokalariaren garapenak ez du hainbeste axola».

Gaur egun, oso pozik dago Taoyuan Pilots taldean, eta ez daki gerora non egongo den. Kontratua dauka han: «Entrenatzaile izan nahi badut, ezin naiz mugatu etxean aritzera soilik». Hala ere, leku batzuk gustukoago ditu besteak baino. «Nahiago ditut bizi kalitate oneko lekuak; gehiago hartzen dut hori kontuan, hain seguruak ez diren herrialdeetan zenbat ordaintzen didaten baino».

«Ahalik eta urrutien iritsi nahi dut; baina nire bidea eginez»
Hanot Zabaleta
Saskibaloi entrenatzailea



Gaztetan hasi zen entrenatzaile lanetan Hanot Zabaleta (Donostia 1987). Donostiako Askatuak taldean aritu zen, Zilarrezko LEB ligan, eta geroztik hainbat urte egin zituen hainbat taldetan gaztetxoak entrenatzen. «Ikusi nuen gazteagoekin lan egitea behar nuela, eta bertan esperientzia hartu pixkanaka-pixkanaka». Gazteekin egindako lanaren ostean, aurrerapauso bat ematea erabaki zuen 2018an, eta Finlandiara joan zen, hango Bigarren Mailako Torpan Pojat taldera. «Argi neukan kanpora joan nahi nuela, ikusteko saskibaloia zer den atzerrian eta nola lantzen den herrialde bakoitzean». Alemaniako Bigarren Mailako (ProA liga) Tubingen Tigers taldean dago orain, laguntzaile, eta gertu dute lehen mailara igotzea.

Ezagun batzuen bitartez iritsi zitzaion Finlandian norbait behar zutela, eta aukera egokia iruditu zitzaion. Lehen taldean laguntzaile aritzeaz gain, klubeko haur batzuk ere entrenatu zituen, eta entrenatzaileen metodologian lagundu zuen. Lehen aldia zuen etxetik kanpora, eta egokitzen ikasi behar izan zuen. «Neguan, bertako bizitza ez da egokiena, baina saskibaloi kultura txikiago batean nire hazia ereiteko aukera izan nuen». Zabaletaren hitzetan, kulturalki klimak eta gastronomiak asko baldintzatzen du finlandiarren izateko era. Hala ere, jendea «oso jatorra» dela dio: «Zaila da haien parte izatea, baina laguntzat hartzen zaituztenean bizitza guztirako laguna zara». Saskibaloiari dagokionez, azpiegiturak oso onak dira, «behartuta» baitaude klimarengatik pista estaliak egitera. Baina arazoa «metodologian» daukatela dio donostiarrak. Hala ere, oroitzapen politak ditu: «Jokalariak oso langileak dira, eta entrenatzaileei errespetu handia diete».

Eivissa (Herrialde Katalanak) EBA ligan urtebete egin zuen Finlandian lehen sasoia amaitutakoan, baina, handik urtebetera, Finlandiara itzuli zen, laguntzaile eta lehen entrenatzaile lanak egitera. Azken neurketan galduta, ez zuten Lehen Mailara igotzea lortu, baina, lan onaren seinale, Alemaniara joateko aukera iritsi zitzaion iaz. Ez zuen birritan pentsatu. Lehen urtea du Tubingen Tigersen laguntzaile lanetan, eta «oso pozik» dago: «Laguntzailea izanda, asko esku hartzen dut taldean, eta konfiantza dute nigan. Zenbait gauza nire esku daude, eta baloratua sentitzen naiz».

Alemaniako saskibaloiak bi erreferente ditu Euroligan, Alba Berlin eta Bayern Munich. Zabaletak dioenez, Alemanian saskibaloian aritzeko fisiko bikaina daukate jokalariek, eta klubek hobetzeko nahia daukate. «Hobetzeko dirua ere badaukate. Diru hori non jarri asmatzea da kontua». Zabaletak argi dauka «harrobian» inbertitu beharko litzatekeela, entrenatzaile profesionalei tokia eginez. Eta pixkanaka bada ere, «nola landu behar den» ikasten ari dira: «Aurrerapausoak azkarrago ematea falta zaie, modelo hain analitikoa alde batera utzi eta beste dena kontuan hartuta. Saskibaloian faktore asko daude, kooperazioa, oposizioa, emozioak eta erabakiak hartzea; hori dena landuz gero, oraindik gorago egongo da saskibaloia Alemanian».

Saskibaloia du ogibide, baina, atzerrira joandakoan, saskibaloitik deskonektatzeko zailtasunak ditu entrenatzaile donostiarrak: «Lan orduetatik kanpo denbora luzez egoten naiz saskibaloia ikusten eta ikasten. Hala ere, egia da bakarrik ordu asko igaro behar dituzula, eta, atzerrira joanda, besteengana zabaltzen ikasi dut».

Etorkizunari begira, gauza bakarra omen dauka argi: hobetu egin nahi du. «Ahalik eta urrutien iritsi nahi dut. Baina nire bidea eginez. Entrenatzaile hobea izan nahi dut». Laguntzaile lanetan errazagoa dela dio Zabaletak, baina, lehenengo, entrenatzaile izaten ahalegindu nahi du. «Nire izaerak kargu hori hartzea eskatzen dit, eta nire ideiak aurrera eramatea gustatuko litzaidake».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.