Aulkitik aldatu zuten futbola

Futbolean mugarri izan diren entrenatzaileak. Alex Couto Lago entrenatzaile, analista eta idazleak futbola aldatu duten entrenatzaileen berri ematen du 'Futbol Total. Los estrategas que han cambiado la historia' liburuan. Sei entrenatzaile jo ditu mugarritzat.

BERRIA.
Aitor Manterola Garate.
2020ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Herbert Chapman
Futbolaren sorterritik, WM sistemaren iraultza
Futbola asmatu zuten herrialdean sortu zen jokatzeko moduaren aurreneko iraultzailea: Herbert Chapman (Kiveton Park, 1878 - Hendon, 1934). Northampton Town, Leeds United, Huddersfield Town eta Arsenaleko entrenatzaile izan zen. Londresko taldera 1925ean heldu zen, jokoz kanpokoaren gaur egungo araua ezarri zutenean, eta, Alex Couto Lagoren ustez, «Chapmanek WM sistema arau horren arabera asmatu zuen». Ordura arte 1-2-3-5 sistema erabiltzen zen, eta Chapmanen WM-ak 3-4-3 marrazkira eraman zuen futbola. Couto Lagoren ustez, «kolpea eman zuen, aldaketa handia eragin baitzuen». Eraldaketa horretan, guztiaren gainetik, hau nabarmentzen du: «Iraultza taktikoa eragin zuen, jokalarien lekualdatzea bultzatu baitzuen». Chapmanen asmakizunak aurkariak ere behartu zituen haren sistemari aurre egiteko zerbait asmatzera, eta horri ere aparteko garrantzia ematen dio Couto Lagok entrenatzaile batek eragin duen iraultzari sona emateko: «Haren aurka jokatzerakoan, beste modu batera jokatzera behartzen zituen aurkariak». Jokatzeko moduan aldaketa eragiteak arrakasta izateko, ia ezinbestekoak ditu garaipen handiak, eta Chapmanen kasuan ere horrela izan zen. Arsenalek lehen aldiz irabazi zuen FA Cup lehiaketa ezaguna 1930ean, eta Ingalaterrako Liga ere bitan bereganatu zuen Chapmanekin: 1931n eta 1933an. Lehenagotik ere irabazle izana zen, Northamptonekin Southern League irabazi baitzuen, eta Huddersfieldekin FA Cup behin eta liga bitan.

Gustav Sebes
Hungariako selekzioaren «magoa»
Magiare magikoak edo Urrezko taldea izan zen Hungariako selekzioa 1948tik 1956ra. Gustav Sebes (Budapest, 1906 - Budapest, 1986) izan zuen entrenatzaile, herrialdeko Kirol ministroa. Aldi horretan, 52 partida jokatu zituen selekzioak, eta bakarra galdu, zein eta 1954ko Munduko Kopako finala, ezustean, Mendebaldeko Alemaniaren aurka. Munduko txapeldun izan gabe ere, arrasto sakon eta luzea utzi zuen, dena dela. Ingalaterrari haren etxean irabazi zion Europako lehen selekzioa ere izan zen, eta 1952an urrezko domina irabazi zuen Olinpiar Jokoetan. Couto Lagok selekzio horren sustraietara jo du iraultzaren fenomenoa azaltzen hasteko: «Sebesek entrenatzeko modua aldatu zuen. Bildu egin zituen Budapesteko taldeetako jokalari onenak, zentralizatu egin zuen entrenatzeko modua, baita aldatu ere metodoak, jokalarien ezaugarriak indartuz». Ez zituen, ez, maila apalekoak izan entrenatzeko: Ferenc Puskas, Zoltan Czibor, Sandor Kocsis eta Jozsef Bozsik, besteak beste. Couto Lagok dio lehendik zetorren jokatzeko modua findu zuela Sebesek: «Wunderteam taldea Austriako selekzioari esaten zitzaion, 30eko hamarkadaren hasieran oso ezagun izan zena, eta talde hark Jimmy Hogan entrenatzaile ingelesaren jokatzeko moduari eman zion segida». Horri heldu zion Sebesek: «Mugikortasun handiko jokoarekin, aurrelari faltsu eta guzti, baloiaren inguruan antolatu zen, 4-2-4 sisteman». Gero, Brasilen ere garapen handia izan zuen estilo horrek.

Helenio Herrera
'Catenaccio' -a moldatuz, garaipenera
Helenio Herreraren (Buenos Aires, 1910 - Venezia, 1997) izena entzun, eta defentsako lana goresten zuen entrenatzailea izan zela etortzen da gogora. Italian jo zuen goia Argentinako entrenatzaileak, Inter Milaneko entrenatzaile izan zen lehen aldian, 1960tik 1968ra: hirutan irabazi zuen Italiako liga, eta bitan Europako Kopa eta Kontinente arteko Kopa. Garai hartan, Italian bazen beste entrenatzaile bat catenaccio estiloaren defendatzaile sutsua: Nereo Rocco. 30eko hamarkadan, Karl Rappan austriarrak asmatu zuen molde horrekin dotore ari zen Milango beste klubean, eta Herrerak ere defentsako lana oinarri duen sistemari heldu zion. Baina moldaketa garrantzitsu batekin: liberoa edo defentsa librea erabiltzen hasi zen. Robert Accard izan zen asmatzailea, urte batzuk lehenago, Frantzian, eta hari ikasi zion Herrerak, jokalari izan baitzuen. Italian oso sartuta zegoen jokatzeko moduari beste buelta bat ere eman zion, ordea, Herrerak: «Lirismoz jantzi zuen epika, eremu artistikora eraman catenaccio-a», Couto Lagok kontatzen duen bezala. Sebesi gertatu zitzaion moduan, jokalarien ezaugarriak aparteko eragina izan zuen horretan: «Luis Suarez, Mario Corso eta Giacinto Facchetti oso erasokorrak ziren Inter Milanen, eta Herrerak ondo uztartu zituen haien baliabideak gorenera heltzeko». Jokatzeko modu hori munduan zabaldu zen, eta Sobietar Batasunean honela definitu zuten, Couto Lagok dioenez.

Marinus Michels
Erasoko jokoaren gorespenabaino gehiago
Futbol Osoa. Honela izendatzen da Marinus Michelsek (Amsterdam, 1928 - Aalst, Belgika, 2005) futbolari egin zion ekarpena. Couto Lagoren deskripzioa lagungarri da zer esan nahi den azaltzeko: «Futbolean ezin dira bereizi erasoa eta defentsa, elkarri lotutako bi lan dira». Erasoko futbolaren erakusle argienetako bat izan zen Michels, eta horregatik egin da ezagun, baina, Couto Lagok dioen bezala, defenditzeko modu jakin hori behar zuen gero erasoan aritzeko: «Jokoz kanpokoa nola egiten zuen Michelsen Ajaxek lehendabizi eta Herbehereetako selekzioak gero, hori oso ikusgarria izan zen. Aurkariari espazioak kentzen zizkion modua bezain ederra». Ajaxekin Europako Kopa irabazi zuen 1971n, baita Herbehereetako liga ere lau bider, baina ospea selekzioak eta haren jokoak eman zion, ez bazuen ere Munduko Koparik irabazi. Gertuen 1974an izan zen, Alemaniaren aurka finala galdu zuenean. 1988an, Eurokopa irabazi zuen, eta hori du garaipen handiena selekzioarekin. Michelsek ere beste iturri batzuetatik edan zuen: «Ajaxen, Stefan Kovacsek irakatsi ziona mugarri izan zen, baita Jack Reynoldsen irakaspenak ere klub berean». Urteetan atzera eginez, Jimmy Hoganengan ikusten du Michelsen jokoaren erreferente handiena edo hari luze horren sortzailea. Arrakasten erreinuan sartzen lagungarri egin zitzaion, nola ez, Johan Cruyff: «Harengandik hasita osatu zuen futbol totala deiturikoa: defentsako eredua haustea erasokoa indartzeko». Couto Lagok dioenez: «Ahularen eskubidea deitzen zioten».

Johan Cruyff
Iraultzaile petoa, arrasto sakona utzitakoa
Erasoko futbolaren bilakaeran beste katebegi bat izan zen Johan Cruyff (Amsterdam, 1947 - Bartzelona, 2016). Jokalari moduan erakutsi zuena entrenatzaile lanetan berretsi zuen, eta haren ikasgaiek iraun egiten dute gaur egun ere. Hain zuzen, bereizgarri horri eman dio garrantzia Couto Lagok: «Cruyffen eragin handiena ondorengotza da, utzi duen hori. Jende askorengan utzi zuen arrastoa. Bartzelonaren filosofia eta harrobia haren irizpideen araberakoak dira». Horretara heltzeko lehenik eta behin jendearen onespena behar dela gehitu du: «Gehiengoak onartu egin zuen Cruyff izatea horren guztiaren estandartea, eta Bartzelona erasoko futbolaren erreferente bilakatu zuen». Herbehereetako maisuaren ikasgaiak ondo baino hobeto jaso zituzten haren aginduetara egon ziren jokalariek, eta guztien artean Pep Guardiola nabarmendu du: «Pastelaren ginga da Guardiola, eta ederki baliatu da Cruyffek eragindako guztiaz». Bartzelonatik harago ere, inguru hurbileko futbola eraldatzeko gaitasuna aitortzen dio Couto Lagok: «Espainiako futbolean estilo batekin hautsi zuen; 3-4-3 sistema ezarri, presioa goian egiten hasi, eta, guztiaren gainetik, baloiaren inguruko filosofia erabili zuen, baloia norberak badu ez baitauka aurkariak». Bartzelonarekin, garaipen handi bat lortu zuen: Europako Kopa 1992an, klubaren historian aurrenekoa. Liga lau bider ere irabazi zuen, Errekoparekin batera. Historian galtzaile izaera izan zuen kluba irabazle bihurtzen hasi zen.

Arrigo Sacchi
Defentsaren herrialdean, iraultzaile
Ikertzaile petoa da Arrigo Sacchi (Fusignano, Italia, 1946), eta haren aurrekoen eta garaikideen lana ondo ikasita ondu zuen bere metodoa. Italian, defentsako lana eztabaidaezina den herrialdean, irauli egin zuen: «Bakarkako zaintza sakrifikatu egin zuen zonakako defentsa indartzeko, eta hori Italian egitea ia sakrilegioa izan zen», Couto Lagoren arabera. Defendatzeko printzipio horren arabera eraiki zuen metodologia oso bat, «eta Italiako futbolaren hezurdura guztia hautsi». Sacchiren sorkuntzaren mugarria Milanekin egindakoa izan zen. 1987an fitxatu zuen klub historiko horrek, eta, lau denboralditan, sekulako garaipen pila eskuratu zituen: liga behin irabazi zuen, eta bitan Europako Kopa, Kontinente arteko Kopa eta Europako Superkopa. «Inork erantzunik ematen ez zion talde bat eraiki zuen». Couto Lagoren arabera, Milan hori Sacchiren ikerketa lanaren ondorio izan zen: «Valery Lobanowskyren printzipioak daude, Michelsenak ere bai defentsa asko aurreratzeari dagokionez, baita Viktor Masloven teoriak ere». Sacchiren lekukotza defentsako lanean geratu dela gehitu du: «Milan hura ez dugu oroitzen erasotzen zuen moduagatik, defendatzeko zeukan eragatik baizik. Defentsa itogarri hura gogoangarria da, eta, baloia azkar berreskuratu eta gero, aurkarien ordena falta baliatzen zuen erasoan». Italiako selekzioaren ardura ere izan zuen 1991tik 1996ra. Munduko Kopa batean eta Eurokopa batean aritu zen, eta, Ameriketako Estatu Batuetan jokatu zen txapelketan, penaltietan galdu zuen finala, Brasilen aurka».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.