Lehenik, nork bere lanak

Reala Europa ligako hurrengo faserako sailka daiteke gaur, Rijekari irabazi eta Napolik AZ Alkmaar azpiratzen badu. Silva deialdian da; Elustondo, berriz, ez

Realeko Alexander Isak buruz erremate bat egiten, Rijekaren aurkako lehen itzuliko partidan. ANTONIO BAT / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2020ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Behin estutzen duenak birritan ere egin dezake. Realari kosta egin zitzaion Europa ligako estreinaldian Rijeka mendean hartzea, eta lezioa ondo ikasita ekingo dio gaur multzoen faseko azken aurreko neurketari. Hala, ez dio zirrikiturik txikiena ere utzi nahi Kroaziako taldeari. Partida guztiak galdu ditu Adriatiko bazterreko taldeak, eta jada aurrera egiteko aukerarik gabe da, baina donostiarrek nahiago dute konfiantzari aterik ez zabaldu.

Zer esanik ez, gainera, intentsitate handiko partidak bata bestearen atzetik jokatzen ari direnean. Garrantzia hitzaren esanahia lausotzen ari da txuri-urdinentzat; astea joan astea etorri ateratzen die aurrekoari baino etekin gehiago jokoan dituen hiru puntuei. Izan ligako lidergoari eusteko duen asmoengatik, izan Europa ligan bizirik segitzeko duen grinarengatik.

Xede hori bete ahal izateko, gakoa da gaur gaueko norgehiagoka. Reala etxeko lanak egin beharrean da Anoetan, eta Napolik ere lagun diezaioke helburua jardunaldi baten faltan betetzen. Biek irabaziko balute, donostiarrak final-hamaseirenetan lirateke matematikoki.

Sailkatzea maldan gora jarridakioke, ordea, Imanol Alguacilenek beren lanak egin ez, eta AZ Alkmaarrek italiarrak azpiratuko balitu. Zabalik da dena, eta azken jardunaldira ondo kokatuta ailegatu nahi badu, irabazi beharrean da Reala. Hortxe du partidak grazia.

Horren jakitun daude txuri-urdinak, Imanol entrenatzailea buru dutela: «Nire ustez, izugarrizko taldea du Rijekak. Gure aurka eta Napoliren aurka ez zuen atearen aurrean asmatu, baina jokalari trebeak ditu. Gustuko taldea dut». Hargatik, tentuz aritu beharra azpimarratu zuen atzo prestatzaile oriotarrak, «lehiakorrak» direlako: «Aurkari ausarta espero dut. Ez badugu presioa ondo egiten, haiek min egiteko gaitasuna dute».

Hala, kroaziarrak menderatzeko, jokalari onentsuenak zelairatzeko prest agertu da Imanol. Teknikariak hogei laguneko deialdia osatu du, eta jokalarien artean David Silva da berritasun nagusia. Jada gainditu ditu azaroaren 22an min hartu ondoren izandako arazo fisikoak, eta gaur aritzeko «prest eta gogotsu» dagoela esan zuen Imanolek. Ez zuen argitu, ordea, hamaikakoan izango den ala ez.

Bestelako egoera da Aritz Elustondorena. Realak atzo jakinarazi zuenez, beasaindarrak bi saihets hautsita jokatu ditu azken bi partidak, baina atzoko entrenamendutik erretiratu egin behar izan zuen, minak erasanda. Atzelaria deialditik at geratu da.

Zubeldia, «ondo»

Igor Zubeldia da pixkanaka bere lekua egiten ari dena. Azkoitiarra orain bi aste osatu zen, eta, pixkanaka, «neurria hartzen» ari da lehiari. Prentsaren aurrean hitz egin zuen atzo, eta «sentipen onekin» dagoela adierazi zuen. Gauzak ondo bidean, Zubeldiak gaur egingo du estreinaldia sasoi honetako Europa ligan, eta oso litekeena da Elustondoren beraren lekua hartzea atzeko lerroan.

Futbolariak ere prestatzailearen ildo bereko adierazpenak egin zituen norgehiagokaren atarian, eta azaldu zuen ez dela fio Rijekarekin: «Partida zaila izango da, intentsitate handikoa. Bost jokalariko atzeko lerroarekin aritzen dira, eta defentsan ondo biltzen dira. Tartea uzten badiezu, min egiten dute, eta zerbait lortu nahi badugu, izerdi asko bota beharko dugu». Txuri-urdinek argi dute Europan hondoa jo duen arerioa izanagatik erne ibiltzeak balio bikoitza izango duela: irabazi, eta, agian, fasez igaro.

REALA-RIJEKA
Reala. Remiro; Gorosabel, Zubeldia, Le Normand, Monreal; Merino, Gebara, Silva; Oiartzabal, Portu eta Isak.
Rijeka. Nevistic; Tomecak, Galovic, Velkovski, Halilovic; Anastasio, Pavicic, Loncar, Muric; Stefulj, Andrijasevic
Epailea. Joao Pinheiro (Portugal)
Lekua. Anoeta.
Ordua. 21:00 (Gol TV).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.