KRITIKA. Musika

Gehiago

2020ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun

Javier Camarena

Pianoa: Angel Rodriguez. Egitaraua: Ch. Gounod, E. Lalo, G. Donizetti, G. Rossini, F. Von Flotow eta G. Verdiren opera ariak. Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: Urtarrilak 23.

Sarrerak agortuta, Kursaalean ikusmin handia nabari zen Javier Camarenaren errezitalak zer eskainiko zuen itxarotean, are gehiago programa osatzen zuten opera arien edertasun- eta exijentzia-maila ikusita, ezagunegiak diren izenburuetatik ihesi. Aspaldi ikusi gabeko lagun minaren zain balego bezala, mexikarrari ongietorria emateko lehen txalo-zaparradak azaleratu zuen publikoak horiek entzuteko zuen gogo bizia.

Ch. Gounoden Salut! Demeure chaste et pure ariak ireki zuen kontzertuaren lehen zatia, frantsesez idatzitako errepertorioari eskainia. Camarenak erakutsi ohi dituen gustu ona eta fraseatze ederrak nonahi, testuak deskribatzen duen maitasuna bezain garbi zabaldu zuen ahotsa. Belcantoaren adierazgarri den G. Donizettiren Ah! Mes amis... ezagunak ehoziri-lan konplexua eskatzen du, tenor batek garatu ditzakeen alderdi guztiak uzten baititu agerian. Bere birtuosismoaren zantzu, zailtasun oro erraza zelako itxura eman zuen mexikarrak lehen zatia bukatzeko. Haatik, suziri tekniko horien aurretik eskainitako Seul sur la terre malenkoniatsuarekin gauaren goiena jo genuelako sentsazioa sortu zuen Camarenak, espresibitatea eta intentsitatea batu zituen interpretazio zirraragarrian.

Bigarren zatia —gehiena errepertorio italiarrak osatua—, G. Rossiniren Ricciardo e Zoraide operatik S'ella mi è ognor fedele... ariak ireki zuen. Pesaroko maisuak irudikatutako koloraturen tentsioan Camarena eroso, erdiko erregistroan ere kolore distiratsua lortuz. F. von Flotowen M'apparì tutto amor... ere pasioz betea agertu zuen. G. Verdiren Lunge da lei... arian erregistroa aldatu, eta soinu trinkoagoa aurkeztu zuen, baina berezkoa zaion tinbre argia galdu gabe.

Tartean, pianoan Angel Rodriguez lagun eta maisu. Esku-programan haren inguruko daturik jaso ez arren, ibilbide oparoa du goi-mailako abeslariak laguntzen, eta sinergia nabari zen bien artean. Publikoa altxatu zuten Flor roja eta No puede ser bisez gain, gauza bakar baten mira sentitu zen: gehiago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.