Elezkano II.a: «Oldarkorra eta ausarta izaten saiatu behar dut»

Zaratamokoa eta Olaizola II.a gustura gelditu dira etziko finalerdirako pilota aukeraketan. Apustuak 100-40ri daude Olaizolaren alde

Imanol Magro Eizmendi.
2018ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Aimar Olaizolak eta Danel Elezkanok gustuko pilotak izango dituzte etzi, buruz buruko txapelketako lehen finalerdian. Goizuetakoak frontisetik pixka bat gehiago irteten direnak aukeratu zituen atzo, Labriten. Zaratamokoak, aldiz, behetik gehiago dabiltzanak aukeratu zituen, baina ez batak ez besteak ez zuten kexarik izan. Pilotalekua bete egingo da, eta apustuak nabarmen irtengo dira Olaizolaren alde: 100-40ri.

Apustuzaleen ustea argia da, eta haiekin bat dator Elezkano II.a. «Gu bion ibilbidea ikusita, argi dago faboritoa bera dela. Ez dut presioa kentzeagatik esaten; biok gauza bera dugu jokoan, baina normala da bere aldeko apustuak egotea». Labriten egin zituen adierazpenok, eta bertan zen artekari beterano batek berretsi zituen. «Apustuzaleak fede handia du Olaizolarengan». Izan ere, Olaizolak zazpi aldiz jokatu ditu buruz buruko txapelketako finalerdiak kanporaketa bidez—ligaxkarik gabe, alegia—, eta zazpiak irabazi ditu.

Elezkano II.a izan da txapelketako ezustekorik handiena. Inoiz buruz buruko partidarik irabazi gabea zen, eta dagoeneko hiru daramatza. Jokatzeko modua aurkitu du, eta horri eutsiko dio etzi. «Oldarkorra izaten eta ausart jokatzen saiatu behar dut». Sake-errematearen bila joateko, baina, sakearekin asmatu behar du. Hori da, hain zuzen, bi pilotariek nabarmendu zuten gakoa: sakea. «Antzera sakatzen dugu; indarrez bainoago, luze, eta norabidea emanez», nabarmendu zuen Olaizolak. «Seigarren koadroan eta paretara sakatzen baduzu, ondo errestatzea ia ezinezkoa da. Horra sakatzea, baina, oso zaila da».

Partidak ikusmin handia sortu du, eta aspaldi saldu ziren sarrera guztiak. Hala ere, etzi goizean korridorekoak jarriko dituzte salgai, partida zutik ikusteko. Beste finalerdia, aldiz, igandean jokatuko da, Bilbon, Jokin Altuna eta Joseba Ezkurdiaren artean. Partida horretarako sarrera asko daude salgai oraindik. Gaur aukeratuko dituzte pilotak (11:00), eta apustuak parean irtengo dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.