Euskal Herriko Itzulia

Harri batez bi kolpe eman ditu

Hasi orduko agintea hartu du Roglicek, Hondarribiko erlojupekoa irabazita. Evenepoeli bost segundo atera dizkio, eta ia 20tik gora beste liderrei

Harri batez bi kolpe eman ditu.
enaut agirrebengoa
2022ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Iazko Itzulia bukatu bezala hasi du aurtengoa Primoz Roglicek (Jumbo Visma): horiz jantzita. Erakustaldia egin zuen atzo Hondarribian (Gipuzkoa), erlojuaren aurka, lasterketako lehen saioan. Erlojupeko labur eta ikusgarria izan zen, eta begi kliska batean osatu zuen esloveniarrak. Bukaerako harbidea airean igaro, helmuga zeharkatu, eta harri berarekin bi kolpe eman zituen: etapa poltsikoratzeaz gain, urratsa egin zuen iazko garaipena berritzeko bidean. Soilik Remco Evenepoel (Quick Step) izan zen esloveniarraren astinduari eusteko gauza, bost segundoko galerarekin. Gainontzeko hautagaiek hemezortzi segundotik gorako atzerapena izan zuten. Hogei galdu zituen Ion Izagirrek (Cofidis), euskal herritarrik onenak. Zortzigarren bukatu zuen, faborito gehienen inguruan.

Denbora gelditu egiten da Roglic erlojuaren aurka jarduten denean. Esloveniarra betidanik izan da iaioa bakarkako lanean. Taldeburu bilakatu aurretik, erlojuaren aurka egiten zuen distira. Atzo, laugarrenez gailendu zen Itzulian diziplina horretan ?aurreko garaipenak 2017an, 2018an eta 2021ean lortu zituen?, eta, hartara, berdindu egin zuen Sean Kelly eta Alberto Contadorren marka. Haren ahalmenaren aurrean, ezer gutxi egin ahal izan zuten gainontzeko faboritoek. Evenepoelek tinko eutsi zion, eta ematen du garaipena haien artean jokatuko dela. Beste hautagaiak koska bat beherago izan ziren. Hemezortzi segundo galdu zituzten Geraint Thomasek, Adam Yatesek eta Aleksandr Vlasovek (Bora); hogei Jonas Vingegaardek (Jumbo Visma) eta Ion Izagirrek; eta 21 Dani Martinezek (Ineos). Hots, bil-bil eginda gelditu dira faborito gehienak.

Pello Bilbao (Bahrain), ordea, ez zen nahi eta espero bezain ondo ibili: 17. izan zen, 29 segundora. Enric Mas (Movistar) 36 segundora gelditu zen; 44ra Julian Alaphilippe, eta 45era Sergio Higuita (Bora). Haiek izan ziren onenen artean kaltetuenak.

Itzulia bederatzigarrenez izan zen Hondarribian. Zerua oskarbi eta zorua lehor zegoen. Hala, txirrindulariek ziztuan osatu zuten 7,5 kilometroko ibilbidea. Hamar minutu eskaseko ahalegina egin behar zuten; irten, eta, konturatzerako, helmuga bertan zeukaten. Hondartzatik abiatu ziren, eta, San Telmora bidean malda pikoak gaindituta, bihurgune ugari izan zituzten. Sigi-saga egin, Santa Maria atea zeharkatu, eta Alde Zaharreko harbidea igaro zuten bukaera aldean. 200 metroko aldapa zegoen han, eta zaleek gori-gori jarri zuten giroa, ziklistak ahalegin betean ikusita.

Daniel Mendezek (Kern Pharma) piztu zuen lehia, arratsaldeko ordu biak eta hogeita seian. Haren ostean, txirrindulariak minutuan behin hasi ziren irteten; azken hogei ziklistak, berriz, bi minutuko tartearekin ziren abiatzekoak. Hasieran atera zenetako bat izan zen Omar Fraile (Ineos), eta denborarik onena ezarri zuen behin-behinean, kronometroa 10.19an geldituta. Pozak ez zion askorik iraun, berehala irabazlearen aulkitik altxarazi baitzuen Ben Tulett taldekideak. Santurtziarra baino hamar segundo azkarragoa izan zen.

Ineosekoak, indar betean

Ineosek begiz joa eta ondo prestatua zuen atzoko erlojupekoa, emaitzek islatu zutenez. Fraile eta Tuletten ondotik, taldeko liderretako bat, Adam Yates izan zen markarik onena ezartzen hurrengoa. Oso goiz abiatu zen, arratsaldeko laurak baino lehenago, eta 10.06ko denboran osatu zuen erlojupekoa; hots, Tulettek baino hiru segundo lasterrago. Hortik gutxira, Geraint Thomasek eman zion jarraipena Ineosen erakustaldiari. Ez zen saiorik aproposena galestarrarentzat, baina Yates baino segundo hamarren batzuk hobea izan zen, eta, hala, sailkapen nagusia lehiatzeko hautagaien artean sartu.

Haren aurretik helmugaratu zen Ion Izagirre. Zalantza batzuk baziren ormaiztegiarraren inguruan, iazko Itzulian oso makal ibili baitzen erlojupekoan. Horren ondorioz, hasi orduko gelditu zen garaipenaren borrokatik kanpo. Atzo, ordea, oso bestelako sentipenak igorri zituen, ibilbidearen ezaugarrietara ondo egokituta. Pedalei bizi eta indarrez eraginez igo zen San Telmora, eta, gero, azkar batean hartu zituen bihurguneak. Itxura sendoa eman, eta denbora ona lortu zuen: 10.08. Bi segundo eskas galdu zituen Yates eta Thomasekin.

Haien pare ibili zen Aleksandr Vlasov (Bora), eta hiru segundo mantsoagoa izan zen Dani Martinez, Ineosen beste liderra. Gero, Quick Stepen txanda iritsi zen, Remi Cavagna eta Julian Alaphilipperekin. Aukeran, saio egokiagoa zen munduko txapeldunarentzat, oso abila delako bizikleta gainean, eta gaitasun aparta duelako bizitasun handiko esfortzuak egiteko. Haatik, matxura bat izan zuen, eta atzerapen dezente pilatu zuen tarteko mugarrira bidean. Helmugan, gainontzeko hautagaiengandik urrun gelditu zen. Kontrara, bertan denborarik onena ezarri zuen Cavagnak: 10.04. Hamar minutuko langak indarrean zirauen.

Bi suziri azken txanpan

Vingegaardi lau segundo falta izan zitzaizkion Cavagnaren denbora ontzeko. Itzulira ez da soilik Roglicentzat lan egitera etorri. Apalago aritu zen Emanuel Buchmann (Bora), erlojua 10.21ean geldituta. Eta are denbora kaskarragoa egin zuten Masek, Higuitak eta Rigoberto Uranek. Lasterketa mugitu beharrean izango dira datozen egunetan, azken etaparen zain egoteak ez baitie balio jada. Bilbaoren galera ez zen hainbestekoa izan, baina gernikarrak aurrerago bukatzea espero zen, erlojupekoaren ezaugarriak egokiak baitziren harentzat.

Hutsik egin ez zutenak Evenepoel eta Roglic izan ziren. Flandriarrak zortzi segundoan hobetu zuen Yatesek lehen mugarrian ezarritako marka, eta Cavagna taldekidea baino 11 segundo hobea izan zen helmugan, 9.53ko denborarekin. 2019an Donostiako Klasikoa irabazi zuen, eta, atzo, World Tourrean aurrenekoz irabaz zezakeen erlojupeko bat. Alabaina, oraindik ezin zuen garaipena ospatu, Roglicen mehatxua hor baitzegoen. Irteten azkena izan zen esloveniarra, eta helmugara iristen azkarrena. Bost segundo sartu zizkion Evenepoeli. Hirugarren Cavagnak bukatu zuen, hamasei segundora. Thomasek eta Yatesek osatu zituzten lehen bost postuak.

Itzuliko etaparik luzeena jokatuko da gaur: 207,9 kilometro egin beharko dituzte Leitza eta Viana artean. Saiorik samurrena ere bada, hiru mendate bakarrik igaroko baitituzte. Hasi eta berehala, hirugarren mailako Uitzi igoko dute, eta, gero, Lizarragarantz joango dira. Bigarren mailako mendatea gainditu, eta errepidea leundu egingo zaie. Hori bai, Lodosatik aurrera indarrez jo dezake haizeak. Helmugarako 80 kilometro pasa geldituko dira oraindik. Bukaera aldean, Aguilar gaina igoko dute, eta aldapan egongo da helmuga. Aukera izango dute, beraz, errematatzaileek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.