KRITIKA. Gasteizko 42. Jazzaldia

'Old-school' gaua Mendizorrotzan

2018ko uztailaren 20a
00:00
Entzun

Hudson eta Al Mckay's Earth, Wind & Fire Expierence.

Lekua: Mendizorrotzako kiroldegia. Eguna: Uztailak 18.

Jaialdiaren bigarren eguna Hudson taldeak ireki zuen Mendizorrotzan. Talde honetako kideek, New York hiriko ibaiaren izena daramatela, birtuosismoz betetako jazz konposaketak txandakatzen dituzte beste zenbait abesti oso melodikorekin. Emanaldia sarrera oso biziarekin hasi zuten, zeinetan nork bere instrumentuarekin duen trebezia argi utzi zuten: John Medeski teklatuan eta Hammond organoan, John Scofield Gibson gitarran, Jack DeJohnette, nola ez, baterian, eta Scott Colley baxuan. Jimi Hendrix gitarra jotzaile mitikoaren Wait Until Tomorrow abestiarekin jarraitu zuten.

Ondoren, taldearen bi konposizio aurkeztu zituzten: Hudson eta El swing. Aukera paregabea izan zen hori taldeko kide bakoitzak solo bana jotzeko, baina aipagarria izan zen Medeskiren erosotasuna Hammond organoa, teklatua eta Steinway pianoaren artean txandakatzeko, itxuraz zailtasunik gabe bi instrumentu batera jotzeko. Hendrixen beste konposizio batekin, Castles Made Of Sand-ekin jarraitu zuen kontzertuak, zeinetan DeJohnettek bere baxu ahotsarekin kantatu zuen, bateria jotzen zuen bitartean.

Hurrengo bi piezetan —Dirty Ground eta Tony Then Jack, taldeko kideek idatzitakoak horiek ere—, gitarraren protagonismoak beste musika tresnak ezkutatu zituen. Ziurrenik, albumean oreka handiagoa dago beren artean, eta errazagoa egiten da entzuteko. Kontzertuari amaiera emateko, Hudson ibaiaren haranean ospatzen zen Woodstock jaialdi ospetsuaren omenez, Joni Mitchellen Woodstock jo zuten, ikusleek beste kantu bat jotzeko eskatu ondoren.

Jakina da Earth, Wind & Fire Experiencek musikaren historian duen garrantzia, 90eko hamarkada baino lehen jaiotakoontzat gutxienez. Ez zuten huts egin atzoko emanaldian. Al Mckayk, 70 urterekin, funk musikaren abesti famatuenetako batzuk idatzi ditu, eta, bere talde harrigarriarekin, haietariko batzuk hautatu zituen Gasteizen aurkezteko.

Serpentine Fire eta Pride-rekin hasi ziren, eta hasieran haizezko instrumentuak nolabait estalita geratu ziren beste doinuen artean. Ondoren, The Beatlesen Got To Get You Into My Life abestiarekin altxatzera, dantzatzera eta agertokira hurbiltzera animatu zituzten ikusleak, baina Mendizorrotzako segurtasun zerbitzua ez zegoen prest hori baimentzeko. Beraz, Can't Let Go eta Saturday Nite jo ondoren, abeslarietako bat oholtzatik jaitsi zen egoera aldatu nahian eta, segurtasuneko pertsonalari kasurik egin barik, lehenengo ilara eta agertokia bereizten zituen soka kendu egin zuen, ikusleak oholtzaren ertzera hurbiltzera animatzen zituen bitartean. Jendetzak obeditu, eta Earth, Wind & Fire Experiencen kontzertuaz gozatu behar zen moduan hasi ziren dantzatzen taldearen pieza mitikoak, tartean, Shining Star, Fantasy nahiz Can't Hide Love. Nola ez, musikariek amaierarako gorde zituzten abestirik onenak. Ikusleen txaloak eta txistuak jaso ondoren, September, Boogie Wonderland eta Let's Groove jo zituzten, gauari amaiera funky ezin hobe bat emanez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.