Bidaiariaren larrutik eta lekutik

Arrazoi desberdinengatik, garai desberdinetan eta leku ezberdinetara bidaiatu dute Chechu Pajaresek, Ingrid Sanzek, Iñaki Kaperotxipik eta Mamen Etxanizek. Halaber, bat datoz ideia batean: bidaiatzen jarraitu nahi dute. Aste honetan, Haizalde Elkarteak eta Donostia Kulturak Ibiltariaren Astea antolatu dute, eta han izan dira lau bidaiari horiek, euren bizipenak kontatzen

2019ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Chechu Pajares
«Gure esperientzia transmititu dugu»

Nora zoazen jakitea zer aurkituko duzun jakin gabe. Hala joan zen Zaragozako Chechu Pajares Mendebaldeko Saharara eta Marokoko basamortura, lagun batzuekin batera. Helburua, aldiz, argi zuten: surfaren esplorazioaren inguruko dokumental bat egitea. «Nire lagun batek beste lagun bati eskaini zion bidaia bat egitea, motoz, hango olatuetan surf egiteko, eta ondoren niri proposatu zidaten. Orduan, pentsatu nuen ideia ona litzatekeela horren inguruko dokumental bat egitea». Eta horrela egin zuten Pajaresek eta Nicolas Pinarrek From Lost to the Desert dokumentala. 11 eguneko bidaia izan zen, eta Pajaresek dio «eromena» izan zela: «Ez genekien olaturik egongo zen ere, eta, lagun batzuek hartutako oporrak zirenez, datak oso zehatzak ziren; baina horrek bilakatu zuen bidaia abentura interesgarri eta arriskatu». Ez zuten esperantza handirik, baina bidaia baino astebete lehenago ikusi zuten itsaso ona zegoela Marokoko kostaldean surf egiteko. «Zorte handiagoa izan genuen Marokoko kostaldean Saharakoan baino, eta ez genuen espero. Saharara ailegatu ginenean, beheraka joan ginen, hegoaldean garatu nahi genuen-eta dokumentalaren zatirik handiena. Hasieran Mendebaldeko Sahararen dokumentala izango zena Marokoko hegoaldeko dokumental bilakatu zen azkenean».

Bisitatu zituzten kostaldeak ez dira «ezagunak», eta hori bilatu zuten dokumentalgileek eta bidaia antolatu zutenek: «Ez genuen pertsona bakar bat ere ikusi uretan. Guretzat hori zen proiektuaren magia eta nahi genuena. Marokoko kosta izugarria da, munduko onenetarikoa. Bakardadean surfean aritzea zen gure helburua, motoz ibili ahal izatea, turismotik aldenduta bizitzea esperientzia». Pajaresen bizitzako esperientzia onenetariko bat izan zen bidaia hura: «Zer aurkituko duzun jakin gabe leku batera joatea, eta gainera, olatuak aurkitu eta bakar-bakarrik surfean aritu ahal izatea izugarria da, eta oso zaila da hori lortzea».

Grabatu zuten gutxiarekin ekoitzi dute dokumentala: «Gure esperientzia transmititu dugu. Festibaletara bidali dugu, eta zenbait festibal gurekin harremanetan jarri dira dokumentala bidaltzeko. Nazioarteko hamabi festibaletan dago».

Ingrid Sanz
«Bizitzako segundo bakoitzaren jabe izan ginen»


INGRID SANZ

Ez da beharrezkoa aberatsa izatea, eta data jartzea da garrantzitsuena». Orain lau urte, bidaiarien jardunaldi batzuetan bi baldintza horiek entzun zituztenean erabaki zuten Ingrid Sanzek eta Andres Melerok urtebeteko bidaiari ekitea. Sevillakoak dira (Espainia). Jardunaldietan bertan hartu zuten erabakia: 2016ko uztailean Hego Amerikara joango ziren, hiru alabekin. «Argi genuen bidaia alabekin egingo genuela, eta, toki ezagunak bisitatzeaz gain, ikasteko baliagarria izan beharko zuela». Biak dira irakasleak, eta eskoletako «proiektu desberdin eta eraldatzaileak» ezagutu nahi zituzten bidaian. Bederatzi herrialdetan izan ziren, eta 83 proiektutik gora ezagutzeko aukera izan zuten: «Hego Amerikan hezkuntza mugimendu oso indartsu eta garrantzitsua dago, eta konturatzen zara zenbait balio eta ideia mundu osoan partekatzen direla: norbanakoari arreta handiagoa jartzen diote, pertsonaren garapenari, ez da horren hezkuntza estandarra».

Sare sozialak «ezinbestekoak» izan dira bidaia gauzatu ahal izateko: «Gure ideia izan zen sare sozialak giza sare bilakatzea, teknologikoa baztertu eta errealitate bihurtzea. Familiekin eta eskolekin egon gara harremanetan, eta errepidean gindoazela ere egin ditugu geldialdi inprobisatuak». Geldialdi horietan, alabek hango ikasleekin jolasten zuten: «Guretzat ezinbestekoa zen alabek beste haurrekin kontaktua izatea; jolastu egin behar zuten, eta bidaia ez genuen antolatu agendari lotuta egoteko, denetarik egiteko tartea izateko baizik».

Bidaiak oso ondorio positiboak izan ditu gurasoentzat eta alabentzat: «Haurrek egokitzeko izugarrizko gaitasuna dute. Maite dituzten eta lasaitasuna ematen dieten pertsonekin baldin badaude, dena doa ongi». Etxera itzuli zirenean, alabak gurasoak baino «errazago» moldatu ziren Sevillako bizimodura: «Guri kosta egin zitzaigun, heldu moduan, gure bizitzara itzultzea. Bueltatu ginenean, ohartu ginen gure bizitzako segundo bakoitzaren jabe izan ginela bidaian». Haien etxeko ateak beti daude irekita: «Alabak ohituak daude kanpoko jendearekin bizitzera, eta horrek ez du inongo ondoriorik euren egunerokoan». Urtebete barru ekingo diote beste bidaia bati.

Iñaki Kaperotxipi
«Argazkiak ateratzeko eskatzen zidaten»


IÑAKI KAPEROTXIPI

Argazkilari profesionala da Iñaki Kaperotxipi. Horregatik, kamera ezinbestez hartzen du maletan bidaia bat egiten duen bakoitzean. Zarauzkoa (Gipuzkoa) da, eta munduko txoko ugari bisitatu ditu jadanik: Txina, India, Madagaskar, Tunisia, Brasil... Eta orain dela hamar urte Papuara joan zen, Indonesiara. «Argazki lehiaketa batean nahiko sari handia irabazi nuen dirutan, eta bidaia handi bat egitea erabaki genuen bikotekideak eta biok. Papuako tribu batzuen argazkiak ikusi nituen, eta bi aldiz pentsatu gabe, agentzia baten bitartez lotu genuen bidaia». 35 eguneko bidaia egitea zuten helburu. Trekking bat egin nahi zuten, Papuaren parte den Irian Jaya aldean. Baina bidaia okertu egin zitzaien: «Trekkinga hasi eta bost egunera, nire bikotekideak hanka hautsi zuen. Mendi eta baso asko zeuden, euri asko egiten zuen, aldapa asko zeuden, eta erraz erortzen ginen». Egurrezko ohatila bat prestatu behar izan zuten Kaperotxipiren neska laguna mugitzeko. «Beste puntan ginen, eta hegazkina ezin zen ginen lekura etorri». Bi egun igaro zituzten lokatzezko lurreratze pistara ailegatu arte. Gertuen zegoen ospitalera joan ziren: «Han ez zegoen ezer ere. Hiriburura joan ginen, eta han esan ziguten hanka hautsi zuela. Ebakuntza egitea konplikatua zenez, aseguruarekin hitz egin eta etxera itzultzea erabaki genuen». Lau eguneko bidaia izan zuten etxeraino, eta azkenean Donostiako ospitalean egin zioten ebakuntza.

Baina argazkilaria ez zegoen gustura: «Itzultzen ari ginela, etengabe errepikatzen nion nire bikotekideari itzuli egin behar genuela». Esan eta egin. Handik bi urtera itzuli ziren Papuara, baina irlaren beste aldera joan ziren, Papua Ginea Berrira. «Irakurri genuen udan Sing Sing izeneko festibalak antolatzen zituztela tribuek. Gu horietako bat ikustera joan ginen, eta izugarria izan zen. 30 tribu desberdin elkartu ziren, bakoitza bere jantziekin eta makillajearekin. Inauterien modukoa da». Kaperotxipik dio oso harreman ona izan zutela: «Inork ez zidan trabarik jarri argazkiak ateratzeko, kontrakoa baizik: argazkiak ateratzeko eskatzen zidaten». Hurrengo bidaian pentsatzen ari da orain: «Kamtxatka penintsulara [Asia] joateko irrikaz nago!»

Mamen Etxaniz
«Arriskurik gabeko abenturak nahi ditut»


MAMEN ETXANIZ

Erretiro aurreratuak emandako denbora aprobetxatu zuen Mamen Etxaniz azkoitiarrak: Ameriketako Estatu Batuak alderik alde zeharkatzen dituen Route 66 famatua egin zuen bizikleta gainean. Bakar-bakarrik joan zen, orain dela bi urte, eta bi hilabete eman zituen horretan. «Mundu osoan ibili naiz bidaiatzen, baina beti presaka; bidaia luze bat egin nahi nuen bizikletan, denbora guztia niretzat hartuta». AEBetako errepide horren «lasaitasunak» erakarri zuen Etxaniz, trafiko gutxi baitago errepide horretan. 4.000 kilometro inguru dira denera, eta sei estatu zeharkatzen ditu: Illinois, Missouri, Texas, Mexiko Berria, Arizona eta Kalifornia. Etxaniz gehien harritu zen ikusita zeinen pertsona eta herri gutxi dauden bidearen erdi aldean: «Ekialdean eta mendebaldean jende asko bizi da, lurra aberatsagoa delako, baina Texasera nindoala oso jende gutxi ikusi nuen, sekulako lautadak direlako eta herriak oso txikiak, oso sakabanatuak, abandonatuak. Uste nuen baino askoz ere bidaia bakartiagoa izan zen». Etxanizek uste du askotan «idealizatu» egiten direla zenbait bidaia, eta, bera behintzat, han zegoela ohartu zen hasi baino lehen zuen ideiaren «kontrakoa» zela.

Kanpin denda eraman zuen bizikletan, eta bidaiaren hasieran kanpinean egin zuen lo; gero, aldiz, apenas: «Moteletan egiten nuen lo gehienetan, bidean aurkitzen nituen moteletan». Janaria bidean aurkitzen zituen gasolindegitan erosten zuen, ez baitzegoen ia supermerkaturik: «Han ez dute janari freskorik. Potoetan gordetako janaria baino ez nuen aurkitu erdiko bide horretan». Bidaiaren erdiko zati hori izan zen gogorrena Etxanizentzat, baina, gutxien espero zuenean, bidelagun batekin egin zuen topo: «Emakume amerikar bat ezagutu nuen Mexiko Berrira iritsi baino lehen. 68 urte zituen. Texasko basamortua zeharkatzea oso gogorra egiten ari zitzaidan, eta izugarri eskertu nuen. Hamar egun egin genituen batera azkenean».

Orain arte asko bidaiatu du Etxanizek, eta hala egiteko asmoa dauka hemendik aurrera: «Arriskurik gabeko abenturak nahi ditut, kontrolarekin. Arriskuak ez nau motibatzen, nora iristeko gai naizen ikusteak baizik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.